Irudimenean sustraitzeko xedez antolatu dute Errobiko Festibala

29. aldia eginen dute aurten, Itsasun. Julen Axiari zuzendari artistikoaren arabera, lekua eginen diete irudimenari eta utopiari. Euskal Herriko eta kanpoko musikari eta kantariak gomitatu dituzte aurten ere.

Errobiko festibalaren prentsaurrekoa, Itsasun. GUILLAUME FAUVEAU
Errobiko festibalaren aurkezpena, Itsasun. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
2025eko ekainaren 4a
16:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurten «irudimenezko» hiru mundu eskainiko ditu Errobiko Festibalak. Hala dio Julen Axiari festibaleko zuzendari artistikoak. Uztailaren 17tik 20ra iraganen da jaialdia, Itsasun (Lapurdi). «Berezia» ez ezik, «festibal utopikoa» eta «sustraiei lotua» ere izanen da. Hiru ardatz horiek aipatzeaz gain, norberaren irudimenean sartzeko deia zabaldu du Axiarik. «Irudimenak errealitatea elikatzen duenez, irudimenak aldatu behar lirateke errealitatea iraultzeko».

Beraz, asmatu nahi dituzten biharamunak marrazteko, Edouard Glissant idazlearen batutoen irudimenezko populu zapaldua omenduko dute aurtengo aldian. Erreferentzia eginen diote 1999ko Sartorius, Le roman des batoutos (Sartorious, batoutoen nobela) liburuan kolonizazioak zapaldu populuari. Horren karietara, Batutoen sinfonia sortu dute espresuki, eta uztailaren 19an emanen dute.

Bertzalde, batutoak aintzat harturik, hiru solasaldi antolatu dituzte hainbat musikari eta musika estilo uztartuz. Uztailaren 17an, Mairu, Rebecca Roger Cruz eta Xiberoa Kantuz Loraturik ikusgarriko kideek abiaraziko dute festibala, kantuaren, transmisioaren eta mitologiaren inguruko hitzaldi batekin. Biharamunean, Archetypal Syndicate, Atrium, Crocodile, Lurodei eta Trucs taldekoak arituko dira jardun berean.

Kanpoko eta bertako taldeak

Usaian bezala, Euskal Herritik kanpoko artistak bilduko dituzte Itsasun. Bertzeak bertze, Rebecca Roger Cruz kantariak kontzertua emanen du festibaleko lehen egunean, Atharri gelan. Norvegiako eta Frantziako T.I.M. folk taldeak ere joko du, uztailaren 19an. Coral Rojo taldeak, berriz, Txileko polifonia garaikide eta espiritualak plazaratuko ditu egun berean, Atharrin. Gauean, Muzungu hirukoteak Kongoko doinuak ekarriko ditu.

«Irudimenak errealitatea elikatzen duenez, irudimenak aldatu behar lirateke errealitatea iraultzeko».JULEN AXIARIErrobiko Festibaleko zuzendari artistikoa

Kanpokoak eta hemengoak topo egin dezaten, lekua eskaini diote Euskal Herriko musikari ere. Hala nola Mairu taldea arituko da festibaleko lehen egunean, gauerditan. Lurodei bikoteak, bertzalde, Euskal Herriko kantu tradizionalez osaturiko errepertorioa plazaratuko du uztailaren 18an, festibaleko karpan, 17:00etan.

Ibilaldia eta musika ikastaroak

Berezitasun gisa, oihanean barna ibilbide artistikoa eta musikala eginen dute Jean Christian Irigoien Galtxetaburu akordeoilariak, Koldo Ameztoi kontalariak eta Beñat Axiari musikariak, uztailaren 19an. Horrez gain, festibala hasi aitzin ikastaro batzuk izanen dira, uztailaren 14tik 16ra. Nahiz eta egunak oraindik finkatuak ez izana, Julen Axiarik parada eskainiko du euskal kantuak eta basahaideak ezagutzeko. Zoe Perretek, berriz, Georgiako kantuak landuko ditu. Txomin Dhersek txalaparta ikastaroa emanen du, eta Marianne Le Tronek norberaren ahotsa lantzeko tailer bat gidatuko du.

Festibalaren inguruko xehetasunak errobikofestibala.net webgunean atzeman daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.