Artea

Isabel Coixet zinemagileak azken hamabost urteotan egindako collageak bildu dituzte San Telmo museoan

Azaroaren 1era bitarte ikusi ahal izango da Coixeten 'Kaosaren diziplina' erakusketa, San Telmo museoaren Laborategia aretoan, doan. Collage bidez sorturiko 66 obra biltzen ditu, zeinak zinemagileak «pentsatzeari uzten» dioneko emaitza diren.

Isabel Coixet 'Kaosaren diziplina' erakusketaren aurkezpenean, irailaren 11n. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Coixet 'Kaosaren diziplina' erakusketaren aurkezpenean, irailaren 11n. GORKA RUBIO / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko irailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kaosa ere ordenatu daiteke. Geruzaz geruza aletu, eta bueltan antolatu, zatiak itsatsi eta desitsatsi, harik eta koadro itxuroso bat osatu arte. Halako 66 collage obra egin ditu Isabel Coixet zinemagile katalanak azken hamabost urtean, eta Donostiako San Telmo museoak aurkeztu berri ditu Kaosaren diziplina izeneko erakusketan. Collage aukeraketa hori azaroaren 1era bitarte ikusi ahal izango da, doan, museoaren Laborategia aretoan. Donostiako Zinemaldiarekin lankidetzan antolatu dute mostra.

Marrazten ez jakitearen «traumak» bultzatu zuen Coixet zinema egitera, baita collageak sortzera ere: «Orain marrazten hasi naiz, baina paper zatitxo eta halakoekin tapatzen dut egindakoa». Horren emaitza da iaz Madrilgo Thyssen-Bornemisza museoan inauguratu zuen erakusketa. Baina hamasei obra gehitu dizkio Donostian aurkeztu berri duenari, eta tartean dago orain arteko lanik handiena, duela aste batzuk amaitu zuena, gainera. Bizitoki izandako hiru leku izan ditu ardatz zinemagileak: New York, Erroma eta Montlieu (Frantzia). «Oso modu desberdinean tratatu nauten hiru hiri dira», azaldu du Coixetek. 

«Sinpleki, obra hauek pentsatzeari utzi eta mozten, berregiten, berrantolatzen eta esanahi berriak topatzen jarri nintzeneko emaitza besterik ez dira»

ISABEL COIXET Zinemagilea

Museoak, erakusketarekin batera, Coixeten, Laura Ferrasen eta Estrella de Diegoren testuak biltzen dituen liburuxka bat argitaratu du. Hala dio bertan zinemagileak: «Moztea indarkeria ekintza bat da, baina oso kontrolatua. Oso zibilizatua. Munduan sobera duzun hori ebakitzen duzu, eta berriro itsasten, baina ez aurretik zegoen ordena berean. Horixe da, beharbada, beti, edozein ingurunetan, egin ohi dudanari buruzko definizio zorrotzena». Sortzen dituen filmen antzera bere collageek ere «osagarri literario» handia dutela azaldu du zinemagileak, ez baitu obra bat amaitutzat jotzen obrak berak lagun izango duen esaldi egokia topatu arte. 

Eta sortzeko bidean bi inspirazio iturri aipatu ditu: Claude Cahun eta Robert Motherwell. Gainera, Cahun artistari buruzko film bat egitea gehitu dio egitekoen zerrendari. Baina Coixetek bereizi egin ditu bere obra zinematografikoak eta plastikoak; izan ere, zinemaren kasuan ez bezala, pretentsiorik gabeko koadroak sortzen ditu, haren arabera: «Zintzoak dira, nire gauza gutxi diren moduan: ez dut asmo berezirik, ez dute bigarren aktorik, ez dute inoren onespena xede. Sinpleki, obra hauek pentsatzeari utzi eta mozten, berregiten, berrantolatzen eta esanahi berriak topatzen jarri nintzeneko emaitza besterik ez dira».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA