Kritika. Literatura

Isiltasunari leku

Delphine de Vigan
Irati Majuelo.
2025eko azaroaren 23a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

'esker onak'

Idazlea: Delphine de Vigan. Itzultzailea: Aiora Jaka. Argitaletxea: Igela.

Isiltasunak leku hartzen duen nobela bat da Esker onak. Delphine de Vigan idazle frantsesak 2019an argitaratu zuen, eta aurten ekarri du euskarara Aiora Jakak, Igela argitaletxearen bidez. Aipatzekoa da itzultzailearen lana, hizkuntzak (hizkuntza galtzeak) horrenbesteko garrantzia duen eleberri honetan.

Michkaren azken egunak kontatzen ditu liburu honek. Adineko emakume bat da, «zaharra», bere hitzetan eta Arantxa Urretabizkaiak esango lukeen moduan. Bakarrik bizi izan bada ere, jada ez da horretarako gai, eta erresidentzia batera lekualdatu dute. Gutxinaka, hitzak galtzen hasten da, eta hizkuntzarekin batera, sosegua, indarra, bizinahia. Maiz sentitzen da ziurgabe eta zalantzati, amesgaiztoek erasaten diote, nekeak gaina hartzen dio. Azken gurari bat baino ez du buruan Michkak, umea zela aterpe eman zion familiari bere esker ona adieraztea.

Bi ahotsek egituratzen dute nobela, txandaka, eta hala, emakume helduaren gainbeheraz kanpoko begiradaren bidez ohartzen gara, Marieren (Michkak alabatzat duen bizilaguna) eta Jérômeren (afasiarekin laguntzen dion ortofonista) ikuspuntutik. Oso ongi islatzen da zahartzaroko galera kognitiboak sortzen duen ezinegona eta inkomunikazioa, isiltasunean elkar ulertzera derrigortuta baitaude, azkenerako, pertsonaiak. Posizio interesgarriak dituzte bi ahotsek, eta horietatik abiatuta, familia-harremanez, samurtasunaz eta eskertzaz gogoetatzera daramate irakurlea. Hala ere, Michkarekiko hartu-emanean nahiko lauak dira aldi berean, beti ulerkor eta beti adeitsu, ez dute emozio gatazkatsurik gorpuzten, tristuraz harago.

Eleberri soila da, laburra, minimalista. Gai sakonetan sartu arren, arintasunak ezaugarritzen du testua. Ondorioz, istorio nagusiari eusten dioten azpitramei ez zaie apenas garatzeko espaziorik ematen. Kanpo-narratzaile batek eskainiko luke horretarako aukera, akaso. Hain zuzen ere, pertsonaiek esker ona adierazteko edo ez adierazteko duten beharra agertzen da, baina ez da sakontzen horretarako izan ditzaketen arrazoietan. Ezer gutxi dakigu, honenbestez, Michkak gerra garaian bizi izan zuen haurtzaroaz, Jérômek aitarekin duen harremanaz edota Mariek haurdunaldian sentitzen duenaz. Nobela osoago bat litzateke, hartara. Soiltasunaren alde, baina, De Viganek isiltasunari leku egitea erabaki du, hutsuneak irakurleak bete ditzan, inteligentziaz eta umorez, Michkak egiten duen bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.