Jon Alonso izkiriatzaile eta itzultzaileak (Iruñea, 1958) oso aintzat hartua du Italiako literatura, bereziki joan den mendeko idazleena. Arrazoi bat baino gehiago du haien lana miresteko, baina bereziki honako hau: «Literaturaren bidez gizartea nola aldatu den adierazteko trebezia handia dute». Iaiotasun horren etsenplu, Leonardo Sciacia, Cesare Battisti eta Italo Calvino aipatu ditu, Cesare Paveseren Zure bazterrekoak eleberria ipini du haiek guztiek sortutako lerro literarioaren oinarrian: «Calvinok esana da bide horretan abiatu zirenean funtsezko hiru biblia izan zituztela, eta horietako bat da eleberri hau. Interesgarria iruditzen zitzaidan ipinitako lehen harria itzultzea». Katakrakek eman du argitara.
Cesare Pavesek (Santo Stefano Belbo, Italia, 1908 – Turin, 1950) toki nabarmena du neorrealismoaren korrontearen barruan. Poema liburuetan bakardadeari idatzitako lerroek egin zuten ezagun, baina genero asko landu zituen, hala nola gutunak, saiakerak, ipuina eta eleberriak. Hain zuzen, poesiatik narratibara jauzi egin zueneko lehen liburua da Zure bazterrekoak —Paesi Tuoi (1941) jatorrizkoan—. Bertan, «pentsamendua» narratu zuen Alonsoren hitzetan; «arima bera».
Liburua ez zen oharkabean igaro. Kontrara, «entusiasmoa», «eskandalua» eta «eztabaida sutsuak» piztu zituen, liburuaren atzealdean aitor denez. Bada, Katakrak argitaletxeko editore Hedoi Etxarteren aburuz, liburua «argitaratu zenean bezain polemiko» da oraindik ere, «bai estiloz, bai eta edukiz ere».
Italiako landa eremuan jazotako indarkeria kasu batez mintzo da eleberria. Kartzelatik irten ostean, Turingo Berto mekanikariak landara joko du Talino nekazariarengana —kartzelan izandakoa hura ere— eta haren etxaldean hasiko da lanean. Han, Gisella ezagutuko du, Talinoren arreba txikia. Elkarrez maiteminduko dira biak, baina harremanak ez du luze iraungo. Alonso: «Mekanikaria landara heltzen da, eta hasieran ez dakizu ongi nora doan istorioa. Apurka-apurka, bideratzen hasten da, giroak tenperatura hartzen du, eta, azkenean, tragedia bat gertatzen da».
«Hasieran ez dakizu ongi nora doan istorioa. Apurka-apurka, bideratzen hasten da, giroak tenperatura hartzen du, eta, azkenean, tragedia bat gertatzen da»
JON ALONSO Itzultzailea
Esan du, gainera, hiriaren eta landa eremuaren logiken arteko talka azaleratzen duela istorioak: «Bien artean dagoen berezko tentsioa, indarkeria eta gaizki-ulertua antzematen dira». Bestalde, bertan kontatzen dena garai hartako Euskal Herriko egoerarekin alderatu du: «Beste paisaia bat da, baina Euskal Herriaren hegoaldearekin oso antzekoa izan daiteke. Matxismo ikaragarria ageri du liburuak, eta hemen ere berdintsu izango zen; hemengoa ere ondo islatzen duela uste dut».
Liburuaren «unibertsaltasuna» ere azpimarratu du, orduan bezala irakur baitaiteke gaur egun ere, haren ustez: «Eta 80 urteren ostean gaurkotasunik galdu ez badu, zerbait duen seinale da». Kritikariek «pultsioak» nabarmendu zituzten liburuaren unibertsaltasunaren harira, besteak beste desirak duen indarra edota naturarekiko gorroto eta maitasun harremana.
Itzulpengintzaren garrantzia
Nola Paveseri hala Alonsori begira, Etxartek itzulpengintza ekarri du hizpidera: «Idazleak bere egiten dituen lanetako bat da, bere formakuntza profesionalean egiten dituen ariketetako bat. Jon Alonsok ez du idazle gisa aurkezpenik behar, baina agian oharkabean pasatu da literatur lan entzutetsu asko euskaratu dituela».
«Jon Alonsok ez du idazle gisa aurkezpenik behar, baina agian oharkabean pasatu da literatur lan entzutetsu asko euskaratu dituela»
HEDOI ETXARTE Katakrak argitaletxeko editorea
Paveseri dagokionez, bereziki XX. mendearen lehen erdiko idazle estatubatuarren lanak itzuli zituen italierara, John Steinbeck eta William Faulkner idazleenak eta beste askorenak. Haien lanak sustatu ere egin zuen, gerraosteko giro literarioetako eztabaidetara eramanez edota boladan jartzen lagunduz. Alonsoren ustez, horren eragina biziki nabarmena da Paveseren liburuan, batez ere estiloan: «Faulknerren Hotsa eta ardaila nobelako lehen atala, adibidez, ezgaitasun funtzionala duen pertsona baten ahotsetik kontatuta dago, eta Pavesek ere antzeko zerbait egiten du liburu honetan». Pavesek berak esana da Berto protagonistarekin ez zuela «dialektologia» egin nahi izan, baina «pentsatzen den bezala» kontatzen jarri nahi izan zuela. Horrek hainbat eragozpen sorrarazi dizkio Alonsori: «Esaldi berean aditz aspektu bat baino gehiago nahasten ditu, eta euskaratzerakoan zalantzak sortzen ditu horrek. Gauza batzuk ez ditut jatorrizkoan dauden bezala eman, oso bortitz geratuko liratekeelako eta zuzentzaileek ez lituzketelako onartuko». Hortaz, estiloa mantentzen saiatu da, pasarte batzuk «apur bat goxatu» dituen arren.