'la mer'
Iruñeko Baluarte Fundazioaren denboraldi nagusiak ekarri digu asteburuan Scapino Ballet Rotterdam konpainia, La mer izeneko dantza lanarekin.
Aspaldiko garaietan itsasoa erromantizismoaren paradigma zen, haren indar neurrigabearekin eta izpirituaren baretasuna sortzeko zeukan ahalmenagatik. Baina gaurko gizakiarentzat kontzientzia txarraren eredu bilakatu da, eta horrekin batera, mehatxu bihurtu ere bere botere izugarriekin.
Ideia horietatik abiatuta paratu du Nanine Linning koreografoak oraingo La mer hau, eta horri begira Claude Debussyren izen bereko konposizioak eta Sirènes delakoak hartu dute musikaren gidaritza. Frantziar konpositoreak (1862-1918) arbuiatu egiten zuen bere musikari inpresionista deitzea, baina niri musika paisajistiko izendapena etorri zait burura haren musika-saiakerak —egilearen beraren definizioa— entzutean. Linningen proposamen dantzatuari forma garaikidea emateko Yannis Kyriakidesen sorkuntza bereziak txertatu dira tarteka-marteka soinu paisaian, eta esku-hartze horren unerik baliotsuenak izan dira Ashley Davisen ahots miresgarrian hasieran eta amaieran entzun ditugun auhen musikatu luzeak, itsasoen lanturuak ezin hobeto irudikatu dituztenak.
Lehendabiziko minutuetan, eta Kyriakidesen soinu hitsak lagun, Davis albo batean zegoen, makurtuta, tunika zuriz jantzita eta bere ilearekin itsasoko izaki bat irudikatuz, anemona bat apika. Bitartean, beltzez jantzitako dantzariak zorutik sakabanatuta zauden, eta noizean behin bat-bateko mugimenduak egiten zituzten bikoteka, esku, oin eta buruekin. Halako batean hasi dira hondoan proiektatzen Heleen Blankenen eskultura digitalak —konpainiaren esanetan, baina bideo-proiekzioak baino ez zirenak—, eta hasiera batean estetikoki interesgarriak eta, are, artegagarriak ere egin zaizkigu, baina handik denbora batera errepikakorrak eta dantzarako oztopo bisual bilakatu dira.
Hasierako pasarte horren ostean, ekin diete dantzariek beren eboluzioei, eskortzoak nonahi eta jarrera ezinezko ugariak tarteko, eta ibilbide zabalak deskribatuz beren hanken puntekin, betiere figurazio oro saihestuz eta erabateko abstrakzioaren eremuan. Ordea, binaka, hirunaka eta taldekako agerpenen segida zentzugabea bezain antzua egin zait, denen birtuosismoa eta itsasoko izakien balizko irudikapena gorabehera.
Amaiera aldera, aldiz, ustezko biluztasunean zebilen neska batek beltzez jantzitako bi gizonekin burutu du pasarte eder bat, eta gero itzuli da hasierako dantzari abeslaria, zilar distiratsuzko traje dotore batekin, eta jainkosa baten moduan jostatu da beltzezko gizonekin, orain desiragarri orain haiei kemen handiz aurre eginez.Â
Azkenik, interesgarria da jakitea itsasoarekin bakea bilatu nahi duen lan hau Rotterdamen (Herbehereak) sortu dela, Europako merkataritza porturik handiena duen hirian hain zuzen.Â