‘Paso a paso, la mirada Nómada’, ‘Daisy Crazy’ eta ‘Torcidxas’
Jaialdia: Eztena. Lekuak: Errenteriako kaleak, Mikelazulo eta Lekuona Fabrika. Eguna: ekainaren 7a.
Eztena jaialdia bukatzeko bezperan, antzerki gosea ondo ase digute antolatzaileek. Eguerdi artean, aperitifa moduan, ordu eta erdiko delicatessen bat dastatu dugu Zanguango taldearen eskutik: Paso a paso, la mirada nómada (Pausoz pauso, begirada nomada). Kale antzerkia antzezten dute, baina kontua ez da aire zabalean aritzen direla, baizik eta protagonismoa kaleak berak eta bertako paseatzaileek hartzen dutela. Ikuskizun ibiltari honekin hunkitu egin gaituzte, zuzeneko musika eta publikoarekin sortzen diren irudi fotogenikoak lagun. Eta, batez ere, batez ere, Txubio Fernandezen ahots gozoei eta hitz erakargarriei esker. Aktore honen karismak kalea plaza bilakatu du, esertzeko toki, begiratzeko eta ohikotasunaz hausnartzeko leku. Erreparatzen ez diogun egunerokotasunaren lilura agerian uzten du ikuskizunak. Era horretan, gure itsutasunetik ez ezik, gure itsukeriatik ere atera gaitu Zanguangok.
Bazkalosteko azkenburukoa zaporeztatzeko Mikelazulon izan da hitzordua, Josune Velez de Mendizabal eta Ane Gebararekin. Ezaguna da bi hauen talentua barreak eragiteko absurdotik abiatuta, eta errezetak ez du hutsik egin. Daisy Crazy ikuskizuna definitzeko pop-punk etiketa etortzen zait burua. Kantak, erritmo zurrunbilotsuko elkarrizketa zoroak, jantzi aldaketa anitz, makillaje dirdaitsua, eta, batez ere, batez ere, Les Bobé-bobe taldeko bi aktoreen arteko mihiztadura. Laburra izan da emanaldia, 30 minutukoa; hartara, gozokia berehala bukatu zaigula iruditu zaigu, eta gehiago nahi genuen.
Plater nagusia afari goiztiar gisa zerbitzatu digu Las Nenas Theatre-k Lekuona Fabrikan, antzerkia eta performancea nahasten duen Torcidxas ikuskizunean. Antzezle gazte hauen energiak, ausardiak eta ezagutza teatralak ahoa bete hortz utzi gaituzte. Identitatea eta gorputzaren gaineko zapalkuntza garaikidea hizpide dituztela esateak ez du laguntzen obra azaltzen. Ikusleen partaidetza bultzatzen dutela aipatzearekin gauza bera gertatzen da. Ikusi egin behar da, eta haien askatasunean engaiatu. Aktore guztiak bikainak dira, baina Etxauriko Ane Sagues Abaden presentzia aparta nabarmendu nahi dut. Niari eta biopolitikari buruzko irakurgai intelektualak errezitatu dizkigute (Ahmed, Foucault, Sontag, Klein...), Traumacore liburuaren proposamena bere eginez.
Irteeran Titika Errekaltek laburtu zuen ikusitakoa, «teatro politikoa» zela esanez, eta gau hartan irribarrez lo egingo genuela gehituz. Nik amets bat amestu nahi nuen: Txubio Fernandez eta Ane Sagues elkarlanean. Zer ez zen hori izango! Ondo baitakite biek publikoa nola gobernatu.