KRITIKA. Literatura

Ituan, denboraren distantziatik

'Lur jota Parisen eta Londresen'
2025eko ekainaren 22a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'Lur jota Parisen eta Londresen'

Idazlea: George Orwell. Itzultzailea: Rafa Santxitz-Muxika. Argitaletxea: Igela.

Bitxia da George Orwellen kasua. Idazle moderno aipatuenetako eta irakurrienetako bat izatearena, alegia. Hain justu, bere profila ez datorrelako oso bat idazle garaikidearen figurarekin. India kolonialean jaioa eta Eton ikastetxe prestigiotsuan hezia, beharbada oroz gain kazetaria izan zen Eric Arthur Blair. Kontatzeko abilidadea eta lumaren zorroztasuna nabarmentzen dira haren lanetan, betiere esperientzia konkretuz betetako idazkietan. Kaleratutako bi nobela distopikoak dira —bere bestsellerrik handienak— esperientziaren kontaketa hutsetik zertxobait gehiago aldentzen diren lanak. Euskarara ekarritako hirugarren lana da Lur jota Parisen eta Londresen, 1920ko hamarkadan bi hiriotan igarotako urte lazgarrien kronika bizi bezain gogorra.

Argitasuna eta bizitasuna dira Orwellen idazkeraren ezaugarri nagusi bi. Kazetari onaren eskua antzematen da pintzelkada gutxitan eszenak aurkezteko gaitasunean. Era berean, irakaskuntzan ibilitakoa izan zela ere igar daiteke gai konplexu samarrak modu harrigarriki argian azaltzeko moduan. Irudirako, plongeur-aren figuraz egindako analisia, itxura arinekoa irudituagatik klase-gizartearen analisi zorrotza dakarrena bere baitan. Liburua aberatsa da deskribapenetan, hala nola Parisko auzo pobre zein luxuzko hotelen aurkezpen biziak. Pasadizorik gogorrenak modu arruntenean kontatzen ditu Orwellek, irakurlearen begietan liburuan agertzen den demaseko miseria normalizatzeraino. Autorearen asmoetan, gainera, igartzen da une oro liburuko norbanakoen miseria hori analisi global eta sistemiko batekin uztartzeko nahia.

Orwellek ez du ezkutatzen liburuko pertsonaien makurkeria eta zekenkeria. Jokabide horiek berezko sen gaizto baten adierazpidetzat aurkeztu beharrean, ordea, sistemaren ondorio gisa ageri dira; interesgarria baita, sistemaren onuradunentzat, azken-aurrekoak azkenari zartakoa ematea edo langile xumea baino ez denak klase handikotzat izatea bere burua. Liburuaren amaiera aldera etxegabearen figurari buruzko hausnarketa ere hor kokatzen da, arrazoi sozial eta ekonomikoak erabiliz deuseztatzen baitu autoreak eskaleen munstro-irudia. Ildo horretan, azkenengo orrietan bere errealismoaren ulerkera azaltzen du Orwellek. Errealismoa da erroetara jotzea eta gertaerak eragin dituzten arrazoiei kasu egitea, azalkeria hutsean geratu baino. Parisko X hotelean gertatu bezala, luxuak sarritan miseria baitu azpian.

Esan izan da naturalismoaren eragina dagoela Orwellen idazkeran, baita Jack London eta John Steinbeck bezalako idazle amerikarrena ere. Kutsu garaikideagoa sumatzen da Orwellengan, baina, azkenengo bi horietan baino —XIX. mendekoa da London, baina urtebeteko aldea baino ez du Steinbeckekin—. Izan ere, liburu ezin garaikideagoa da Lur jota Parisen eta Londresen eta akaso garaiari lotuagoa, demagun, Grapes of Wrath. Orain dela urte batzuk prekariatua izandako denaz mintzo baita Orwell, noiz eta 1933 urrunean. Bere obraren lorpen literarioak gorabehera, ituan jotzeko gaitasuna aitortu behar zaio, behintzat, Orwelli.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.