Goizeko hamarretan hasi da Sarako 33. Biltzarra, eta egun osoan izan da zer entzun eta zer ikusi. Izan ere, berritasunekin heldu da aurtengo biltzarra. Lehen aldiz haurrentzako gune bat egon da, tailerrekin, ikuskizunekin eta ipuin kontalariekin.
Orotara, 11 argitaletxek, 22 elkartek eta ehun idazlek baino gehiagok hartu dute parte Sarako Biltzarrean. EKE Euskal Kultur Erakundeko zuzendari Pantxoa Etxegoinek, ordea, nabarmendu du topaketetan idazleek izan dutela garrantzi handien.
Horretaz gain, omenaldi berezia egin diete Itxaro Borda idazleari eta Michel Iturria marrazkilariari. Aipamen berezia egin diete antolatzaileek haien ibilbide profesional luzeagatik. Hortaz, haurren erakusketa ez ezik, Bordaren liburuak eta Iturriaren marrazkiak ere izan dira ikusgai egun osoan.
Sarako Biltzarra 1984tik antolatzen dute. Hasieran, Sarako Omordiako gelan egiten zuten, baina 1993an kiroldegira igaro ziren. Urtero, ehun idazleren baino gehiagoren topalekua da, helburu argi batekin: egun eta toki berean, Euskal Herrian bizi edo horren inguruan ari diren idazleak biltzea.