JUANTXO ZEBERIO ETXETXIPIA ETA maddi oihenart
'Lur'. Diskoetxea: Egilea editore.
Dena, ustez, agerian eta eskura dagoen mundu honetan, zer nekeza den, gehienentzat, ikusgarritasun apur bat lortzea. Zenbat egitasmo, adibidez musikal, interesgarri ez ote zaizkigu albotik oharkabean igarotzen informazio gainkargaren garaiotan. Balio beza desenkusa txiki honek duela ia urtebete argitaratutako disko baten iruzkina orain kaleratu izana apur bat zuritzeko. Juantxo Zeberio eta Maddi Oihenartek ondutako Lur kantu bildumaz ari naiz.
Bi musikariei BERRIAn egindako elkarrizketan, musikari tolosarrak oso modu argigarrian laburtu zuen zein den disko honen misteriorik nagusia. Erronka aipatzen du berak: «Nola lagundu Maddiren kantaerari, berez hain biluzia eta aberatsa den hori musikarekin ez hondatzeko. Berak erritmo eta tempo oso pertsonalak ditu, eta gure lana da horren inguruan naturalki aritzea». Diskoa plazaratu, eta, gainera, piano jotzaileak lana erraztu digu, bi esalditan laburtu baitu zein den kantu-sorta honen arnasaren funtsa; bi musikarien arteko sormen-dialektika, non ahotsak ia-ia hegan egiten duen instrumentazio sotil eta nahiko minimalisten gainean. Bide orri hori jarraituta, bi klasiko, eta propio sortutako kantu-sorta eder batekin osatu dute Lur hau.
Norbaiti azaldu behar al zaio zer-nolako plazera den Maddi Oihenart kantatzen entzutea? Hain erraz, hain gozo, hain libre... Hanka-sartze latza litzateke kantaera hori moldaketa eta instrumentazio erauntsi batekin itotzea. Sinpleena dirudiena izan ohi da zailena gauzatzen; isiltasunak hitzak ozendu ditzakeela ohartzea. Alkimiarekin asmatzeko ez da aski moldaketa- eta ekoizpen-kontuak zaintzea. Horretarako, oso garrantzitsuak dira abiapuntuko melodia, kantua, konposizioa, eta horretan azpimarratu behar da, baita ere, Juantxo Zeberioren lana edota Oihenartena berarena ere.
Kantariaren neurrira egindako soinekoak gertatzen dira harpak irekitzen duen Zuhaitz batek haizea; herri-musikatik edaten duen Argia; pop aldera egin dezakeen Ene hitzak; edota Hildaska, xuxurla ederragorik! Aipamen berezia merezi du Palestinaren mina dramatikoak. Kantu ia instrumentala da, bukaeran soilik agertuko baita Oihenarten ahotsa. Ukitu arabiarrez jantzitako biolin bat hasten da paisaia desolatua marrazten, piano lehor eta perkusiboak dramaren erritmoa markatzen du, eta ahotsak, azkenean, desolazioa hitzez hitz azaltzen du. Kasu honetan, horregatik da aipagarria, ia une bakarra da diskoan, non musika tresnak ez dabiltzan ahotsaren menpe, azken hori ia-ia beste musika-tresna bihurtuta baitago. Dudarik gabe, hasierako azalpenaren sinpletasunetik harantzagoko printza ugari ditu disko honek, topatu egin behar. Itxi begiak eta entzun.