Gerrate karlisten ondorengo garaietan, krisi sakon batek astindu zuen Euskal Herria. Asko eta asko izan ziren, esaterako, bizimodua ateratzeko Mauleko espartin lantegietara jo zuten nafarrak. Ikasketak egitea, hortaz, pentsaezina zen gehienentzat. Kondairak dio, ikasketak egin ahal izateko, deabruari itzala saltzen ziotela hainbatek; hala egin omen zuen beste garai batean Axularrek berak ere, eta oso antzekoa da Itzal galdua ikuskizuneko protagonistaren istorioa ere. Dantzaren bidez kontatuko dute istorio hori Gero Axular kultur elkarteko dantzariek, eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokian taularatuko dute, heldu den larunbatean, 20:00etan.
Garai hartako historia eta protagonistaren istorioa, biak nahasten dira Itzal galdua ikuskizunean. Otsagabiko gazte bat da protagonista, eta lau ataletan banatuta kontatzen da haren ibilbidea: haren haurtzaroa agertzen da lehenean, erlijioaren harira oso zorrotza den gizarte batean bizitakoa; Salamancara (Espainia) doa gaztea bigarren atalean, bere itzala saldu ostean; herrira itzuliko da hirugarrenean, eta aldatuta dagoela jabetuko da, kultura ezberdinen nahasketaren eraginez; hala, azken atalean, ohitura zaharretara itzultzeko ahalegin betean ariko da protagonista. Horiek guztiak irudikatuko dituzte ikuskizunean, dantza tradizionalen bidez batzuetan, eta estilo nahasketak tartekatuz besteetan —txalaparta eta klakea, adibidez—. 70 dantzari ariko dira antzokiko taula gainean, bost musikarik lagunduta eta Juan Luis Unzurrunzaga dantza irakasle eta koreografoaren zuzendaritzapean.
2004an sortu zuten Gero Axular dantza taldea, euskal kultura gorde eta sustatzeko xedez, Alfredo Badiola elkarteko presidenteak esan duenez. Ordutik, sei ikuskizun taularatu dituzte, denak euskal dantza tradizionalak oinarri hartuta, baina haiek gaurkotzeko asmoarekin. Europan ere maiz bidaiatu du taldeak, eta hamaika herrialdetan eskaini ditu emanaldiak. Espainia, Grezia eta Alemania dituzte aurten jomuga.
Itzalgabearen istorioa, dantza pausoz emana
'Itzal galdua' eskainiko du Gero Axular kultur elkarteak Donostian.Gerra karlisten osteko krisialdian girotutako ipuin bat taularatuko dute 70 dantzarik Viktoria Eugenian, larunbatean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu