Agur esateko kontzertuak bolo-bolo dabiltzan honetan, ez da ohikoa talde edo elkarte baten 30. urteurrena ospatzea. Aztarna argitaletxeak eta Alboka taldeak 30 urte bete dituzte aurten. Horren harira, hiru argitalpen aurkeztu ditu Joxan Goikoetxea argitaletxearen sortzaile eta Alboka taldeko partaideak. Pertsona baten bueltan biltzen dira hiru lanak: Alan Griffinen bueltan. Hiru lanek lotura zuzena dute musikariarekin, eta, haren heriotza tarteko, omenaldi moduko bat dira. «Alan harri markatzaile bat izan zen: The Marker Stone», adierazi du Goikoetxeak.
Harribitxiz betetako bulegoa dauka Aztarna argitaletxeak Hernanin (Gipuzkoa). Horixe aukeratu du Goikoetxeak topaleku gisa, han baitu habitat naturala. Diskoak, liburuak, argazkiak… oroitzapenen kutxa handi bat da, bere horretan. Multimediari «bultzada bat» emateko asmoz sortu zuen Goikoetxeak Aztarna argitaletxea. CD-ROMak argitaratu zituzten hasieran, eta horiek izan ziren euskaraz publikatu ziren lehenengoak, Goikoetxearen arabera. Sortzaileak ederki gogoratzen ditu garai horiek: «Sormenezko euskarri berri bat aurkitu genuen, eta izugarrizko lana egin genuen euskarri hori garatzeko. Ez zen musika bakarrik: mundu estetiko bat kabitzen zen hor».
Bide hori, ordea, amaitu egin zen Internet agertu zenean. Hala ere, argitaletxea ez zen gelditu; bazegoen zertan lan egin. CD-ROMak ahaztu, eta disko konbentzionalak eta liburuak argitaratzen hasi zen Aztarna. Horretarako, «izugarrizko esfortzua» egin zutela kontatu du Goikoetxeak.
Ikusi gehiago
Kulturgintza eboluzionatuz joan da 30 urte hauetan, pixkanaka-pixkanaka. Baina argitaletxeak bere horretan jarraitu du, gaurkotasuna eta doinu zaharrak tartekatuz. Aldaketa batzuk ere izan ditu, Aztarna proiektu zabalagoa bilakatu baita denborak aurrera egin ahala. Sorkuntzaz gain, «produkzio diskografikoa eta literarioa, artisten ordezkaritza eta promozioa, eta ekitaldien arloko komunikazioa eta antolakuntza» kudeatzen dituzte.
Ez da 30 urte bete dituen talde bakarra, ordea. Izan ere, Goikoetxeak urte berean sortu zuen Alboka taldea, Txomin Artolarekin, Josean Martin Zarkorekin eta Alan Griffinekin batera. «Helburua zen Euskal Herriko musika modu instrumentalean egitea. Gabezia ikusten genuen, garai hartan Euskal Herriko musika kantagintzarekin eta euskararekin lotuta baitzegoen», gogoratu du Goikoetxeak.

Elkarren ondoan garatu dira Aztarna eta Alboka proiektuak. Elkarri eskutik helduta egin dute bidea, eta Goikoetxeak efemeridea baliatu du urteurrenean hiru lan aurkezteko. The Marker Stone diskoa, eta Sasibaladak eta La puerta abierta. Baladas vascas e internacionales liburuak kaleratu ditu Aztarnak. Alan Griffin taldekide ohi eta lagunari omenaldia egin nahi izan diote horrela. Goikoetxea: «Alan iaz joan zitzaigun, gaixotasun luze bat tarteko, eta haren lanak bukatzea tokatu zait».
Izan ere, Griffin ez da edonor Goikoetxearentzat eta aztarnatarrentzat. «1984an etorri zen Donostiara, Pio Barojaren inguruko tesi bat amaitzera, eta bertan gelditu. Garai hartan ezagutu genuen elkar, eta berrogei urte egin ditugu elkarrekin», adierazi du Goikoetxeak.
Hiru lan, hiru proiektu
Aztarna argitaletxeak aurkeztu berri dituen hiru lanek Griffin dute erdigunean, eta enbor beraren hiru adar dira. La puerta abierta. Baladas vascas e internacionales da lehena. Azterketa «monografiko» bat da, eta lanaren helburu nagusia da euskal balada tradizionalen eta Europako beste tradizio batzuetakoen arteko antzekotasun batzuk ilustratzea. «Euskal Herrira etorri zenetik, Alan euskara, euskaldunak eta euskal musika begiztatzen hasi zen, eta konturatu gara berrogei urte igaro zituela orain publikatu dugun lan hau gauzatzen». Jatorrizko liburua ingelesezkoa da, The Welcome in Tradition, —oraindik ezin izan dute fisikoki argitaratu—, eta gaztelaniazko bertsioa ere egin dute. Goikoetxeak esan du, ordea, kostata erabaki zutela azkenean euskarazko bertsiorik ez egitea: «Erabaki zaila izan zen. Baina haren nahia zen atzerritik Euskal Herrira ikertzera etorriko zen jendeari erreminta bat ematea».
Lan horren jarraipena da Sasibaladak liburua, aurkeztu duten bigarrena. Goikoetxearen hitzetan, «kantutegi oso bat» da; guztira 52 balada biltzen ditu, eta banaka-banaka lantzen dira. Bakoitzean partitura eta harmonizazioa gehitu dituzte, baita QR kode bat ere, doinua entzun ahal izateko. «Hala, espero dugu liburuak aukera emango digula modu batean baino gehiagotan erabiltzeko: kantutegi moduan, forma literarioan irakurtzeko moduko baladen antologia gisa, eta oraindik oso ezagunak ez diren euskal doinuen erakusketa gisa».
Hirugarren lana The Marker Stone diskoa da, Griffin «harri markatzaile bat» izan baita Alboka taldekoentzat. Urteurrena zela eta, «zerbait egiteko asmoa» zeukan taldeak, eta «berehala» konturatu ziren zer egin behar zuten: «Egiten genuena egiten genuela, Alanen inguruan izan behar zuen». Goikoetxeak Juanjo Otxandorena taldekidearen hitzak ekarri ditu gogora lana definitzeko: «Alanek egiteko tarterik sekula hartu ez zuen disko irlandar hori egingo dugu». «Alan hain zen metodikoa eta zorrotza, sekula ez zuen nahi izan gure euskaltasuna bere irlandartasunarekin gehiegi kontaminatu», gaineratu du Goikoetxeak. Guztira 29 doinu biltzen ditu Griffinen omenezko diskoak: bai zuzenean jotakoak eta bai inoiz entzun gabeko Griffinen ekarpenak.
Eta orain zer?
Disko berri bat kaleratzeak, normalean, kontzertuak dakartza bata bestearen atzetik. Albokaren kasuan, asmoa, behintzat, hori dute: kontzertuak egiten jarraitzea. Hala baieztatu du Goikoetxeak berak: «Nik ez daukat gelditzeko asmorik. Fase berri bat sortu beharko dugu». Gaur egun, ondorengo musikariek osatzen dute Alboka taldea, Goikoetxeaz gain: Juanjo Otxandorena (uzukia), Arkaitz Miner (biolina eta mandolina) eta Iker Lope de Bergara (haizezko instrumentuak).
Ez gelditzeko erabakia hartuta dauka Goikoetxeak, eta harro esaten du, jadanik ibilbide luzea izanik ere hari jarraipena eman nahian. Hala ere, folk musikaren egoeraren jakitun da: «Guk boom bat ezagutu genuen 90eko hamarkadan folk musikaren arloan. Europan jaialdi asko egiten ziren, eta Euskal Herriko talde asko joaten ginen. Baina hori itzali egin da; folkean aritzen diren euskal talde oso gutxi daude. Desertu batean gabiltza».