Aztarna argitaletxeak urteurrena biribiltzeko asmoz jarraitzen du. Orain arte argitaratutakoarekin nahikoa ez, eta beste hainbat proiektu ditu esku artean Goikoetxeak, urteurrenaren bueltan egingo direnak. Besteak beste, Gabriel Arestiren inguruko pieza eszeniko bat eta Lourdes Iriondoren zenbait lanekin egindako liburuxka batzuk. Aztarna uzteko moduko urtea izango da argitaletxearentzat.
Bada denbora bat Goikoetxea Antton Valverderekin batera lanean ari dena. Akordeoia hartuta, Valverderen kontzertuetan parte hartzen du azkenaldian. Orain, Adarra saria saria jaso du Valverdek, eta egindako ibilbidea saritu dio Donostia Kulturak. Sarituak kontzertua ematen du urtero, eta atzo egin zuen Valverdek, Musikaren Europako Egunean, Viktoria Eugenian. Bertan jaso zuen saria, eta Goikoetxea (akordeoia), Ivan Carmona (biolontxeloa), Francisco Herrero (biolina) eta Txema Garces (kontrabaxua) izan zituen lagun oholtza gainean. Kontzertua amaituta, ordea, beste zenbait proiektutan murgilduko dira Aztarna eta Goikoetxea.
Lourdes Iriondoren inguruko lan bat ere badu esku artean Goikoetxeak. Hogei urte bete dira aurten Iriondo hil zenetik, eta efemeride hori baliatuko dute haren ipuin eta antzezlan batzuk argitaratzeko: Lourdes Iriondo. Ipuinak eta antzezlanak. Goikoetxeak dionez, Lourdesek sortutako materiala topatzea «oso zaila» da gaur egun, baita liburutegietan ere. Hortaz, liburu hori egitea erabaki dute, haren lanak nolabait «jasota» gera daitezen. Goikoetxea: «Bi liburuxka izango dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza daukagu. Obra guztiak ez daude lehendik argitaratuak; gauza berriak ere egongo dira. Eta horiek guztiak orraztea, zuzentzea eta eguneratzea izango da gure lana. Bi LP ere bazituen haur kantekin, eta QR bidez txertatuko ditugu. Ikastoletan erabilgarria izateko pentsatuta egongo da».
Iriondorena ez da euskal kulturak aurten izan duen efemeride bakarra. Izan ere, aurten bete dira 50 urte Gabriel Aresti hil zela, eta duela urte gutxi sortu zen Gabriel Aresti katedrak enkargua egin dio Goikoetxeari pieza eszeniko bat egiteko. «Gustu handiz» jaso du eskakizuna Goikoetxeak, eta horretan pentsatzen ere jarria da jada. Abenduaren 4an estreinatuko da, Bilboko BBK aretoan. Pieza eszeniko integral bat egingo dugu. Denetarik izango du, musikariak, aktoreak, errezitatutako obrak, irudiak...».
Gelditzea ez da aukera bat
Berrogei urte inguru dira Goikoetxea musikatik bizi dela. Oso gazte zenean hasi zen, eta bere bakarkako eta taldekako lanak argitaletxean egiten duen lanarekin uztartu izan ditu denbora luze honetan. Eta aurreko belaunaldiekiko «atxikimendu berezia» daukala onartu du. Ikusi besterik ez dago, horietako askoren musikaria eta bidelaguna izan baita gaur arte: besteak beste, Mikel Laboa, Xabier Lete, Txomin Artola, Paco Ibañez eta Antton Valverderena. Horiek horrela, lanbidean urteak eta urteak daramatzaten kideen lana goraipatu du, ironia finez: «Talde askoren agur festa erraldoiak ikusten ari gara azkenaldian. Ospakizun handiak. Duela urte asko hasi eta ordutik lanean jarraitzen dugunok, ordea, ez dugu meriturik; latosoak gara!».