Artea

Itziar Okarizek, Beatriz Olabarrietak eta Kampai guneak jaso dituzte Gure Artea sariak

Lanen kalitatea ez ezik, euskal sare artistikoan izan duen eragina ere aitortu dio epaimahaiak Okarizi. Bilboko Kampai guneko kideek, aitortza eskertu, eta gogora ekarri dute eurena bezalako gune alternatiboen egoera larria.

Gure Artea sariak iragartzeko prentsaurrekoa, gaur, Gasteizeko Artium museoan. EUSKO JAURLARITZA
Gure Artea sariak iragartzeko prentsaurrekoa, gaur, Gasteizeko Artium museoan. EUSKO JAURLARITZA
Inigo Astiz
2026ko urriaren 19a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal artearen sisteman izen zentrala da Itziar Okariz artistarena. Duela ia lau hamarkada hasi zuen ibilbidea, eta performanceak, bideoak eta testu piezak landu ditu geroztik. Tartean, baita ikoniko bilakatu diren hainbat obra ere. Ezaguna da, esate baterako, ilea arras moztuta, buruan munduko mapa irudikatuz osatutako Variations sur la même t'aime pieza, baita irrintzia oinarri hartuta egindako hamaika performanceak ere, eta 2000. urteaz geroztik garatutako Espazio publiko eta pribatuetan pixa egitea performance seriea ere. Bilboko Arte Ederren Museoak, esaterako, haren Arnasketa transozeanikoa soinu pieza hautatu du euskal arte garaikideari eskainitako aretoko lehen erakusketarako, eta ez dira gutxi nazioarteko puntako hainbat museotan ikus daitezkeen haren lanak. Horrez gainera, besteak beste, Kalostra eta Jardun Artistikoen Institutua (JAI) proiektuen sustatzaileetako bat ere izan da, eta erreferentziazko izena da euskal testuinguru artistikoan horregatik guztiagatik. Eta, hain zuzen, horregatik guztiagatik eman diote ibilbide artistikoa aitortzen duen Gure Artea saria. 

Eusko Jaurlaritzak urtero banatzen ditu Gure Artea sariak. Eta Okariz ez ezik, Beatriz Olabarrieta artista eta Bilboko Kampai gunea ere saritu dituzte aurten. Zehazki, sorkuntza lana aitortzeko Gure Artea saria eman diote Olabarrietari; eta arte plastikoen eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzekoa, berriz, Kampaikoei. 30.000 euro jasoko ditu Okarizek, eta 25.000 eurona Olabarrietak eta Kampaiko kideek. Urriaren 28an egingo dute sariak banatzeko ekitaldia, Donostiako Tabakaleran.

Donostian jaio zen Okariz, 1965ean. Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen arte ikasketak, eta Artelekun ere izan zen gerora. Batez ere, performance lanengatik da ezaguna, baina instalazioak, hizkuntza oinarri duten piezak eta bideoak ere sortu izan ditu, eta epaimahaiak argudiatu du lengoaia propioa eratu duela lanez lan. Alderdi performatiboa eta kontzeptuala integratzeko duen gaitasuna eta haren lanaren kalitate artistikoa ere goretsi dituzte, eta bilaketa artistikoarekin duen konpromisoa laudatu. «Dagoeneko finkatuta dauden formuletara moldatu beharrean, proiektu berriak garatzen eta bere praktikari ekiteko modu berriak esploratzen jarraitzen du, arriskuak hartzeko gaitasunari eutsita».

Baina, artelanez gainera, hurrengo belaunaldiengan izan duen eragina ere nabarmendu du epaimahaiak. Gogoan hartu dute parte hartu duela, Kalostra eta Jai proiektuetan ez ezik, Elias Kerejeta Zine Eskolako eta New Yorkeko Cooper Unioneko hainbat irakaskuntza programatan ere. Nazioartean haren obrak duen harrera beroa ere aipatu dute, eta gogorazi Europan, Amerikan eta Asian erreferentziazko erakunde eta zentroetan daudela haren lanak ikusgai, baita Veneziako 58. Biurtekoan parte hartu zuela ere.

«Berriz ere euskal testuinguruarekin harremanetan jartzeko balio dit sari honek»

BEATRIZ OLABARRIETAArtista

Beatriz Olabarrieta artistaren (Bilbo, 1979) lana ere nabarmendu nahi izan dute. Hari eman diote sorkuntza lana aitortzeko Gure Artea saria. Epaimahaiaren hitzetan, «hurbilketa intuitiboa eta erlazionala» du lanaren ezaugarri nagusitako bat, eta, horri esker, gai da testuinguru bakoitzaren berezitasunei erantzuteko. Arte jardunean maiz esku hartze txikiak egiten dituela azaldu dute, eta «sotilak» izan ohi direla horien bidez eragiten dituen eraldaketak. Ordea, haiei esker, «pertzepzioak aldatzeko eta esperientzia forma berriak sortzeko» mekanismo bihurtzen dira eraldatutako objektu horiek. Epaimahaiaren ustez, hain zuzen ere, irekitasun eta egokitzeko gaitasun horretan datza haren lanaren berezitasun nagusietako bat.

Euskal Herrian hazia da, baina Londresen ere bizi da Olabarrieta 2002az geroztik, eta horri esker eraiki ahal izan dituen zubiak aipatu ditu epaimahaiak. Esker ona adierazi du sortzaileak sariagatik: «Berriz ere euskal testuinguruarekin harremanetan jartzeko balio dit sari honek», onartu du, eta, horrez gainera, bere lanarekiko ardura «handiagoa» hartzen lagunduko diola gehitu du.

Sariak eta isunak

2022an abiatu zuten Kampai, Bilboko Rekalde auzoan, eta gune autogestionatua da. Antzerki eta performance arteei lotutako proposamenak sortzeko, entseatzeko eta erakusteko gune bat da, betiere arte garaikidearen eta praktika esperimentalaren testuinguruan kokatuta. Tripak konpainiako kideek kudeatzen dute, kanpoko beste hainbat kideren laguntzarekin. Bada, Gure Artea sariko epaimahaiak hari eman dio arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria.

«Saria eskertzen dugu, baina udalak babesik gabe uzten ditu gu bezala gune alternatiboak direnak»

NATALIA SUAREZKampai guneko kidea

Proiektuak sorkuntza garaikidearen alde egiten duen lana aitortu nahi izan dute horrela. Topagune garrantzitsua ere badela nabarmendu dute, eta sortzaile berriei ematen dizkien garapen eta ikusgarritasun aukerak ere aipatu dituzte saria hari emateko motiboen artean. Natalia Suarez Tripak kolektiboko eta Kampai guneko kideak esker ona adierazi du jasotako aitortzagatik. Gogoratu duenez, hasieran lanak sortzeko eta elkarbizitza sustatzeko jarri zuten abian proiektua, baina gaur egun hainbat saio ere programatzen dituzte. «Gure arteko laguntasunak eta gure arteko konplizitate sendoak eragin handia izan du espazioaren nortasunean».

Kampai Bilboko gune alternatiboek osatutako sare zabalagoaren parte ere badela gogorarazi du Suarezek, eta halako guneek, gaur egun, «zailtasunak» dituztela aurrera egiten jarraitu ahal izateko. «Egoera kritikoan gaude. Alde batetik, agerikoa delako bizi dugun prekaritatea; bertan aritzen garen gehienok beste lan batekin batera egin behar izaten dugu gune horietako lana ere. Baina isunak eta espazioak husteko abisuak ere jasotzen ditugu, edo aurre egin behar diegu gero eta ezinezkoagoak diren alokairuei». Ohartarazi duenez, Kampai bera ere urte batzuk barru etxeak egiteko botako duten eraikin batean dago orain. «Saria asko eskertzen dugu, baina, era berean, udalak babesik gabe uzten gaitu, eta hori Bilbon eta beste hiri guztietan ere gertatzen da».

Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordeak eman du gaur sarituen berri. Haren hitzetan, Euskal Herrian dagoen talentuari «aitortza eta ikusgarritasuna ematea» da Gure Artea sarien helburu nagusia. Sari horien garrantzia nabarmentzeaz gainera, aurtengo sarituek «tokiko ekosistema artistikoa indartzeko» egiten duen lana ere goraipatu du, eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa berretsi du sorkuntza, ikerketa eta kultura eragileen lana babesten jarraitzeko.

Gasteizeko Artium museoan egin dute prentsaurrekoa, eta bertan izan dira epaimahaiaren parte izan direnetako batzuk ere. Hain justu, aurten honako bost kide hauek osatu dute epaimahaia: Catalina Lozano Moreno komisario eta ikertzailea, Ane Abalde Amezaga arte aditua, Jon Mikel Euba Arrue artista, Josu Bilbao Ugalde artista eta Miriam Alzuri Milanes Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbazio arduraduna.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA