Musika

Itzulerak eta omenaldiak izango dira nagusi EGOren 29. Udako Topaketan

EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrak igandean hasiko du kontzertu bira. Hondarribian, Azkoitian, Donostian, Bilbon eta Gasteizen eskainiko dituzte kontzertuak, uztailaren 12an, 13an, 14an, 15ean eta 16an, hurrenez hurren.

Unai Urretxo, EGOren 29. Udako Topaketako orkestraren entsegu batean. IÑIGO IBAÑEZ
Unai Urretxo, EGOren 29. Udako Topaketako orkestraren entsegu batean. IÑIGO IBAÑEZ
Donostia
2026ko uztailaren 10a
18:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Soinua da nagusi aretoan. Instrumentuen doinu nahasiak, bata bestearen gainean, bata bestearen gainetik. Biolinak, biolak, flautak, fagotak... Aztoratuta nabari da giroa Musikene goi mailako musika ikastegiko auditoriumean. EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrako kideek bihar dute azken entsegua, 29. Udako Topaketako kontzertu birari ekin aurretik. Igandean izango da hori. Bost kontzertu eskainiko dituzte, Hondarribian, Azkoitian, Donostian, Bilbon eta Gasteizen, eta azken xehetasunak argitzen ari dira dagoeneko. Unai Urretxo (Arrasate, 1977) zuzendariak isiltasuna eskatu bezain laster, aretoa haren aginduen zain geratu da, adi-adi. Batuta altxatu du, baina bide erdian geratu da. Buelta eman eta harmailetan dauden kamerariei mintzatu zaie, umorez: «Grabatu hau. Gauza bakarra: gaizki ateratzen bada, errepikatu egingo dugu». Barre egin dute oholtzan dauden musikari gazteek. «Bat, bi…», eta tronpeta bat entzun da ozen aretoan. Segidan lagundu dio orkestra osoak, kolpe indartsuen eta isiltasunen artean etengabe kontrasteak sortuz. Mahlerren 5. sinfoniak Musikeneko auditoriumaren txoko guztiak bete ditu.

Gustav Mahler konpositorearen obra hori izango da, hain zuzen ere, aurtengo Udako Topaketa ardaztuko duen lana; zeina, antolatzaileen hitzetan, «errepertorio sinfonikoko konposiziorik ezagunenetakoa eta emozionalenetakoa» den. Ez da orkestra gazteak kontzertuetan eskainiko duen obra bakarra, ordea. Izan ere, igandean ekingo dioten birak, errepertorio batekin aski ez, eta bi errepertorio izango ditu, lekuaren arabera aldatuko direnak.

Hondarribiko eta Azkoitiko kontzertuetan EGOk Juan Crisostomo Arriagaren Esklabo zoriontsuak obraren obertura interpretatuko du; Felix Mendelssohnen Kontzerturako Pieza-ren lehen zenbakia, 113. obra eta bigarren zenbakia, 114. obra; Gustav Mahlerren 5. sinfoniaren Adagietto; eta Georges Bizeten Carmen 1. suitea. Donostiako, Bilboko eta Gasteizko kontzertuetan ere orkestrak Juan Crisostomo Arriagaren Esklabo zoriontsuak obraren obertura interpretatuko du, baina, jarraian, Gustav Mahlerren 5. sinfoniak osatutako programa sinfonikoa eskainiko du.

Berezitasun bat izango dute, gainera, Hondarribiko eta Azkoitiko emanaldiek: Silvia Ferro eta Oihan Espina klarinete jotzaileak oholtzara igoko dira Mendelssohnen bi kontzerturako piezak interpretatzeko. Bi musikariak EGOko kide izan ziren joan den urtera arte, eta antolatzaileek aurtengo aldirako gonbidatu nahi izan dituzte, bakarlari gisa jardun dezaten. Antolatzaileen iritziz, Ferrok eta Espinak parte hartzeak «denboran zehar irauten duen musika komunitate baten sorrera» bermatzen du.

«Benetan ongi egin nahi duten ikasleak dira, ikasteko gogo handia dute»

UNAI URRETXO Zuzendaria

Eta komunitate horixe bera elikatzeko xedez gonbidatu dute aurten Unai Urretxo orkestra zuzentzera. 1997an, EGOk bere jardunari ekin zionean, zuzendaria lehen promozioko kide izan zen. Antolatzaileek Urretxoren itzuleraren «balio bereziki esanguratsua» nabarmendu nahi izan dute, prestakuntzaren «historia» eta orkestrako kide izandakoen ibilbidea «uztartzen» dituelakoan. Biraren aurkezpenean izan da Urretxo ere, eta aipatu du «ardura oso handia» sentitzen duen arren «pozik» dagoela zuzendari rolean. Azken asteko entseguetan izandako sentsazioez ere mintzatu da: «Taldearen inguruan daukadan sentsazio orokorra da gu ginena baino formalagoak direla [barrez]. Ez, baina benetan ongi egin nahi duten ikasleak dira, ikasteko gogo handia dute».

EGOren 29. aldiko Udako Topaketaren aurkezpena. Bertan daude, ezkerretik hasita, German Ormazabal, Ana Lopez, Unai Urretxo eta Ruben Gimeno. IÑIGO IBAÑEZ
EGOren 29. aldiko Udako Topaketaren aurkezpena. Bertan daude, ezkerretik hasita, German Ormazabal, Ana Lopez, Unai Urretxo eta Ruben Gimeno. IÑIGO IBAÑEZ

Begietan ere sumatzen zaie gogo hori oholtza betetzen duten 92 ikasleei. Izei Diaz (Bilbo, 18 urte) kontrabaxu jotzailea 2024az geroztik dabil EGOn, eta nabarmendu du egon den aldietan esperientzia «zoragarria» izan dela, «oso berezia eta oso polita». Irati La Torre (Bilbo, 20 urte) biolontxelo jotzailea, berriz, 2022an hasi zen EGOrekin batera jotzen. Haren ustez, orkestra «mota askotako obrak jotzeko aukera ona da». Programaren «zailtasuna» eta entseguen «intentsitatea» ere aipatu ditu La Torrek: «Partiturak maiatzean bidali zizkiguten, eta geure kabuz landu ditugu, baina, hala ere, entseguak oso biziak izaten ari dira. Ordu asko dira, eta ez da Mahlerren sinfonia bakarrik, obra asko dira, eta nahiko zaila da». Baina, zailtasunak zailtasun, kontzertuekin hasteko gogotsu daudela baieztatu du Diazek: «Guztiok gaude kontzertuei begira, azkenean horixe nahi baitugu guztiok eta horretan disfrutatzen baitugu gehien. Azken finean, hori da xedea eta lortu nahi duguna: kontzertuak ahalik eta hobekien ateratzea, eta horretarako lan egiten dugu».

Omenaldia Arriagari

EGOk Juan Crisostomo Arriaga konpositorea omenduko du bere heriotzaren bigarren mendeurrenean, eta erabaki horren esanahi bikoitza azaldu du German Ormazabal EGOko koordinatzaile nagusiak, Udako Topaketako kontzertu biraren aurkezpenean: «Guretzat obra oso-oso berezia da, baita Unairentzat [Urretxo] ere, EGOren hasieran, 1997an, interpretatu zen lehen obra hauxe izan zelako, Arriagaren Esklabo zoriontsuak».

Eta ez horregatik bakarrik. Arriagak 13 urterekin idatzi zuen EGOk bere aurtengo kontzertu biran joko duen Esklabo zoriontsuak lana, eta Ormazabalek nabarmendu du orkestrari «transmititu» nahi izan dioten zerbait izan dela, hau da, lan hori hautatu dutela musika ikasleak ohartu daitezen zer egin ahal duten «duela berrehun urte Goienkalen jaiotako 13 urteko mutil batek eginikoa ezagutu ostean». Arriaga 19 urte zituela hil zen, eta hala mintzatu da Ormazabal: «Arriaga izan daiteke Humphrey Bogart aktoreak bere film batean erabili zuen esaldi honen irudikapena: Bizi azkar, hil gazte, eta utzi gorpu eder bat».

Esanahiz eta sinbolismoz inguratuta egongo da, beraz, EGOren Udako Topaketako aurtengo bira. Hondarribiko, Azkoitiko, Bilboko eta Gasteizko kontzertuetarako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko EGOren webgunean. Donostiakoak, baina, egunean bertan soilik erosi ahal izango dira —uztailaren 14an—, Musikenen, 17:00 eta 19:30 artean.

EGUTEGia

  • Uztailak 12, 12:00. Hondarribiko Itsas Etxea auditoriuma. 
  • Uztailak 13, 19:00. Azkoitiko Baztartxo antzokia.
  • Uztailak 14, 19:30. Donostiako Musikene auditoriuma.
  • Uztailak 15, 19:30. Bilboko Euskalduna jauregia.
  • Uztailak 16, 19:30. Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA