Laurak dira Europa ekialdekoak, edo, behintzat, erdialdetik ekialderakoak. Laurak dira itzultzaile, eta nork bere hizkuntzaz gain, beste hainbat menderatzen dituztenak. Laurak hizkuntza komunitate txiki edo ez-hegemonikoetakoak. Eta laurak, aldez edo moldez, euskararen berri izan zutenak, edo, zehazkiago, Etxepare Euskal institutuaren eta Donostia 2016 Fundazioaren lankidetzaz sortutako Itzultzaile Berriak programaren berri izan zutenak.
Bulgariarra da Mariya Petrova Patxkova. Gaztelaniako irakasle, kazetari, irrati esatari eta literatur itzultzailea ere bai. Euskara ikasi eta sakontzeko aukera izan zezakeela ikusi zuenean ez zuen birritan pentsatu, eta izena eman zuen proiektuan. 1975az geroztik, gaztelaniatik, frantsesetik eta errusieratik itzultzen du bulgarierara. Barbara Prejelj, berriz, esloveniarra da, Nova Gracia Unibertsitateko irakaslea eta literatur itzultzailea. 300 lan baino gehiago itzuli ditu gaztelaniatik, galegotik eta katalanetik eslovenierara.
Zornotzako barnetegian bizi dira egun. Zortzi aste daramatzate han, eta, orotara, sei hilabeteko egonaldia osatuko dute. Euskara hutsetik ikastea eta euren hizkuntzetara literatura obrak itzultzeko gai izatea dute «erronka handinahia». Proiektuan sartzea «abentura izugarri» bat da Laura Liubinaviciute lituaniarrarentzat ere. «Euskarak ez du zerikusirik ezagutzen genituen beste hizkuntza guztiekin: ez hizkuntza eslaviarrekin, ez ingelesarekin, ez latinetik datozenekin. Hasieran kostatzen ari zaigu, baina oso da aberasgarria, eta ilusioa egiten digu aurrera egiteak». Hainbat idazle ezagunen lanak itzuli ditu polonieratik eta gaztelanieratik lituanierara. Behin euskara ikasita eta hizkuntzan trebatuta, Bernardo Atxagaren Obabakoak itzultzea zuen amets, baina oraintsu beste batek aurrea hartu dio bere herrialdean. Horregatik, eta poesia «bereziki estimatzen» duenez, Kirmen Uriberen poema libururen bat itzultzea gustatuko litzaioke. Katarzyna Sosnowska poloniarrak ere Kirmen Uriberen obra bat itzultzeko asmoa dauka: Bilbao-New York-Bilbao nobela, hain zuzen ere. «Gustatzen zait liburu hori, egileak bere autobiografia eta Euskal Herriaren historiako kontuak txertatzen dituelako. Hasiera ona izan liteke euskal literatura Polonian txertatzeko, apenas baitago itzulia euskal literaturarik; ipuinen bat edo beste eta Obabakoak-en zati bat». Historia eta filosofia lizentziaduna da, eta 2009tik ari da literatur itzultzaile, editore, zuzentzaile eta bikoizle lanak egiten ingelesetik, gaztelaniatik eta alemanetik polonierara.
Petrova Patxkovak Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea eta Obabakoak itzuli ditu gaztelaniatik. Ikasketa prozesua amaitutakoan, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox eta 3 Mariak itzuli nahi lituzke. «Biak zaizkit oso erakargarri. Batak, pertsonaia gazte baten istorio tristea kontatzen du, eta, besteak, pertsonaia heldu baten istorio alaiagoa. Egilea bera ere ezagutu ahal izan dut, eta horrek asko animatzen nau».
Haur literaturaren ikerlea da Pregelj, eta Juan Kruz Igerabide eta Patxi Zubizarretaren obrak itzulitakoa da. «Euskarazko haur eta gazte literaturak duen maila ikaragarria da». Proiektu honen amaiera gisa, Atxagaren Xolaren abentura guztiak eraman nahi lituzke esloveniar literaturara. «Garbi dudana da euskararekin hasitako abentura hau ez dela amaituko proiektu honekin. Gero jarraituko dudala euskarazko obrak itzultzen».
Guztiek dute aurreakordio bat idatzia argitaletxeren batekin, baina ikasketa prozesuaren araberakoa izango da noiz eta nola itzuliko duten. Euren herrietara zerbait itzulita itzultzea da erronka. Bitartean, eguneroko lanari «gogor eta gogoz» ekiten diote, Zornotzako barnetegian, Erika Castaño irakasle dutela. «Sekula ez dut izan halako jakin-mina izan duen ikaslerik. Dena galdetzen dute, eta dena irensten». Euskara ikastearekin batera, «kultura oso bat» ikasten dela diote laurek. Eta, hain zuzen ere, itzulpengintzaren «garrantzia izugarri» hori nabarmentzen du Mari Jose Olaziregi Etxepare Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendariak. «Programa honen bitartez, itzulpenaren bitartez euskal kultura atzerrian sustatzeko eta itzultzaile berriak trebatzeko helburua dugu».
Mintegia, maiatzean
Euskal literatura eta kultura atzerrian sustatzeko helburu horrekin bat egiten du EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak, eta programaren bigarren fasean bidelagun izango da. Maiatzaren 20tik 22ra bitartean, itzulpen lantegi bat egingo dute Tabakaleran. Sei hilabeteko egonaldia egingo duten itzultzaileei hilabeteko egonaldia egingo duten beste lau batuko zaizkie: Merilin Kotta (Estonia), Karina Mixtxenkova (Errusia), Lenka Niznanska (Txekia) eta Matylda Figlerowicz (Polonia). Gainera, bi euskal idazle gonbidatuko dituzte —ez dute aurreratu zein izango diren—, eta haien testu hautatu batzuen inguruan jardungo dute hiru egunez.
Horrez gain, atzerriko lau itzultzaileek EHUko itzulpengintza ikasketetako ikasle eta irakasleekin solasaldia izango dute maiatzean, eta Literaturia jaialdia bisitatuko dute —maiatzaren 28an—, beste zenbait ekitaldiren artean.
Itzulita itzultzeko «abentura»
Europa ekialdeko lau itzultzaile euskara ikasten ari dira Zornotzako barnetegian, euskal literatura itzultzen hasteko asmoz, Itzultzaile Berriak programak bultzatuta

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu