James Joyce, Ernest Hemingway, William Faulkner, Truman Capote, Joyce Carol Oates eta literatura unibertsaleko beste hainbat izen handi euskarara ekartzen aitzindarietako bat izan da Xabier Olarra (Tolosa, Gipuzkoa, 1953), eta sari handi batekin aitortu dio urteetako lan eskerga hori orain Espainiako Kultura Ministerioak: Itzultzaile Baten Obrari Emandako Espainiako Saria eman diote, eta euskara «normalizatzen eta aberasten egindako ekarpen itzela» goraipatu. Olarra euskarak «inoiz izan duen itzultzaile bikainenetako bat eta emankorrenetako bat» dela ere esan dute. Baita beste hau ere: «Nobela beltza euskal literaturara ekarri zuen lehena, aitzindaria da Olarra, eta aise ibili da hara-hona askotariko genero, garai, erregistro eta hizkuntzetan. Berrogei urtetik gorako ibilbide luze eta bikaina da harena, eta itzulitako lanen kalitatean eta konplexutasunean nabarmentzen da hori».
1980ko hamarkadan hasi zuen itzultzaile ibilbidea Olarrak, eta Igela argitaletxea izan da ordutik honako bere ibilbidean ardatzetako bat, ardatza nagusia izan ez bada. 1989an jarri zuten hura martxan Joseba Urteagak, Jose Manuel Gonzalezek eta hirurek, eta euskal itzulpenak izan duen argitaletxe emankorrenetako bat izan da.
Igelak argitaratu eta Olarrak itzulitako lanen zerrendan daude, besteak beste, Francis Scott Fitzgeralden Gatsby handia (1990), Truman Capoteren Odol hotzean (1993), Dashiell Hammetten Uzta gorria (1996), Oliver Sacksen Antropologo bat Marten (2003), Agatha Cristieren Orient-Expresseko hilketa (2004), Jim Thompsonen 1280 arima (2006), J.R.R. Tolkienen Hobbita (2008), Lorenza Mazzetiren Zerua gainbehera dator (2010), James Joyceren Ulises (2015) eta, berriena, Joyce Carol Oatesen Bortxaketa: amodiozko istorio bat (2023).
Jatorrizko hizkuntza ingelesa, frantsesa, arabiera zein italiera izanik euskaratu ditu literatur lanak. Eta hainbat izan dira jorratu dituen literatur eremuak ere, nahiz eta nobela beltza izan den beharbada hurbilen izan duen generoetako bat —hura izan zen, hain justu, hasierako Igelaren bereizgarria—. Duela zenbait urte BERRIAri kontatu dionez, Dashiell Hammett idazleari esker zaletu zen bera nobela beltzera.
Ikusi gehiago
Aurrez ere hainbat aitortza jasotakoa da Olarra. Hirutan irabazi du, esaterako, itzulpengintzako Euskadi saria: 2006an, Raymond Queneauren Estilo liburuak lana euskaratzeagatik; 2012an, Arantzazu Royorekin batera, Alaa Al-Aswaniren Jakobian eraikina liburua itzultzeagatik; eta 2016an, berriz, James Joyceren Ulises lan mardularen itzulpenagatik. 2013an, Dabilen Elea saria ere jaso zuen, egindako ibilbideagatik.
Ez da, bestalde, Espainiako Itzulpengintza Saria jaso duen lehen euskal itzultzailea —30.000 euro jasoko ditu sariarekin—. Haren aurretik, Josu Zabaletak (Legazpi, Gipuzkoa, 1948) jaso zuen aitortza bera 2013an, ibilbideari egindako aitortza gisa orduan ere.
«Poza, besterik ezin dut esan»
Saritua izan delako notizia gaur bertan jakinarazi diote Olarrari berari ere. Eta ordutik ordu gutxi batzuk baizik iragan ez zirenean hartu du tartea BERRIArekin mintzatzeko. «Poza», hori izan du lehenbiziko sentipena. «Pilotariek partidu bat jokatu eta hura irabazi berritan zer moduz dauden galdetzen dietenean bezala: poza, poza sentitzen dut, besterik ezin dut esan», azaldu du, umoretsu. «Horrenbeste urte lan jakin batean arituta, norbaiti bururatu zaio hori saritzeko modukoa dela. Ez dakit arrazoi askorekin edo gutxirekin, baina niri egokitu zait, eta ez daukat ezer egiterik».
«Horrenbeste urte lan jakin batean arituta, norbaiti bururatu zaio hori saritzeko modukoa dela. Ez dakit arrazoi askorekin edo gutxirekin, baina niri egokitu zait, eta ez daukat ezer egiterik [...] Poz handia sentitu dut»
XABIER OLARRA Itzultzailea
Egindako ibilbideagatik ez ezik, beste itzultzaile batzuen bidelagun eta «irakasle» izateagatik ere egin diote aitortza Olarrari. Dudati mintzatu da horretaz, iradoki du ez dela «bereziki» ahalegindu horretan, lanaren parte izan duela, baina ezin disimulatuzkoa izan zaio esker ona. «Ni ez naiz horretan bereziki saiatu. Ibilbidean, nik gauza batzuk itzultzen nituen, eta beste batzuetan beste batzuei esaten nien: ‘Itzuliko duzu zuk hau? Eta zuk beste hau?’. Eta gero, noski, obra horiek editatu egin behar dira. Eta, editatzeko, itzulpen horiek irakurri egin behar dituzu, eta zer zuzendu eta zer hobetu ikusi, eta lagundu. Lan hori beharrezkoa da, behar izaten baitugu besteen iritzia, eta niri, tarteka, egokitu zait egitea, saiatu naiz, eta batzuek estimatu dute».