Orube lana kaleratu eta urtebetera, disko «berezi» bat eman du argitara Izaki Gardenak taldeak: Sitsak. Lau kanta berri eta azken urteetako diskoetatik at geratu izan diren beste bost kanta bildu dituzte lan «hibrido» batean, Jon Basaguren abeslari eta konpositoreak azaldu duenez. Lanak bi unibertso uztartzen ditu: batetik, uda honetan sortutako kanta berriak daude; eta bestetik, azken urteetako abesti solte eta bertsioek osatutako bilduma bat.
Basagurenen hitzetan, diskoak egitea «gauza serioa» da, eta taldea beti saiatu da lan bakoitzaren soinuek, gaiek eta hitzek «osotasun bat iradokitzen», garai bakoitzeko unea islatzen. Horregatik, akaso, urteetan zehar nolabaiteko «zurruntasun» horretatik aldendu eta kantu solteak ere argitaratzen joan dira. «Singleak eta bertsioak dira, azken finean, proiektuaren beste alderdi batzuk erakusten dituzten abestiak». Hala ere, Basagurenek azaldu du kezka zuela kanta solte eta bertsio horiek ez ote ziren «ahaztuko» eta «armairuko jertseak bezala sitsek janda» geratuko; horregatik erabaki zuten haiek ere disko formatuan biltzea, edizio «landu» batean.
Taldeak beti jorratu izan duen doinu malenkoniatsu eta iluna mantendu du lan berrian ere, baina popetik eta bluesetik gertu dauden melodiak uztartuta. «Iluntasunak erakartzen gaitu, baina kantuetan badaude argi printzak ere», aitortu du Basagurenek. Haren esanetan, diskoaren bidez «ilunpeko» kantuak argitara eraman nahi izan dituzte, eta «tximeleta bilakatu»: «Sitsek ez dute kolore bizirik, ilunpea dute bizitoki. Baina tximeletak dira. Kantu hauek ere tximeletak dira, kolorea hartu dezaketelako».
Askatasunez ondua
Diskoaren lehen atalak— biniloaren A aldeak— ia EP independente baten izaera du, eta lau kanta berrik osatzen dute. Duranako (Araba) Gakobeltz Hit Faktorian grabatu dituzte uda honetan, Joseba Baleztenaren eta Miren Narbaizaren gidaritzapean. Sorkuntza prozesua taldearen ohiko dinamikatik aldenduta egon da, abestiak «askatasun eta esperimentazio handienarekin» ondu dituztelako. Horietako lehena, Sitsak, estudioan bertan osatu zuten, taldeak aurretik sekula egin gabeko modu batean: «Hori ez dut sekula egin: estudioan bertan abesti bat sortu eta berehala grabatu. Bat-batean mugimendua hartu duen zerbait izan da; estudioko giroak berak markatu du nondik jo».
«Sitsek ez dute kolore bizirik, ilunpea dute bizitoki. Baina tximeletak dira. Kantu hauek ere tximeletak dira, kolorea hartu dezaketelako»
JON BASAGUREN Musikaria
Antzera gertatu zen Ausartenak kantuarekin, baina kasu honetan Basagurenek alderantzizko bidea hartu zuen: hitza musika baino lehen idatzi zuen. Kontatu duenez, duela zenbait urte Gasteizko Frantzia kaleari buruz testu «oso errealista» bat idatzi zuen, «kasik deskriptiboa» eta doinurik gabea, eta denborarekin kale horri eskainitako poema moduko bat zena, abesti bilakatu da. «Eta oso eder geratu da», abeslariak azpimarratu duenez.
Hamahiru abestia Glenn Danzingek Johnny Cashi idatzi zion Thirteen kantaren moldaketa bat da, eta Basagurenek askotan jo izan du bakarkako kontzertuetan. Taldearekin grabatu du orain, Danzingen eta Cashen bertsioen arteko «hibrido» bat eginez, baina kanta horren «iluntasuna» mantenduz: «Gure bertsioak ez du originalaren tonu basati hura, baina bai gure giroarekin bat egiten duen laino hori».
Eta beste bertsio libre baten erakusle da Herio abestia ere: Rev. Gary Davisen Death Don’t Have No Mercy kantaren moldaketa bat egin du Basagurenek: bluesaren erro gordinetik heldu dio Gasteizko 1976ko martxoaren 3ko gertaerei keinu eginez, protesta kutsu batekin. Kantaren bideoa ere grabatu dute, hain justu ere Poliziak tiro egin zuen Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan bertan. Toma bakarrean eta zuzenean grabatua dago, Itziar Garaluzeren eta Ainhoa Ordoñezen zuzendaritzapean.
Diskoaren bigarren zatian— biniloaren B aldean— bildu dituzte taldeak 2017az geroztik grabatu baina argitaratu gabe zituen bost abesti. Pandemia garaiko isolamendu eta ziurgabetasun egoeran sortutako Oasia eta Gorputz-adar mamua; Gasteizko gaztetxearen 30.urteurrenerako egindako Lurrunduko dira, eta Aurri gara diskoaren ondoren grabatutako Oinak lurrean eta Bihotz —azken hori Benito Lertxundiren abesti ezagunaren moldaketa bat da—.
Kantu horiek Izaki Gardenak-en ibilbidearen arrasto txikiak dira, pieza solteak, baina aldi berean, hari mehe batek lotzen ditu, Basagurenen hitzetan: «Alde batera uzten ditugun gauza txiki horiek dira geure ibilbidea hobekien erakusten dutenak».
Lan berria aurkezteko Izaki Gardenak-ek bost kontzertu eskainiko ditu hil honetan bertan: abenduaren 14an, Gernikan (Bizkaia); abenduaren 18an, Arrasaten (Gipuzkoa), 19an, Alegian (Gipuzkoa), 26an Gasteizen, eta 27an Donostian. Datorren urtean ere zuzenekoak emateko asmoa dute.