Musika

Izaki Gardenak taldeak etenaldia egingo du, azaroan bost kontzertu eman ondoren

Itzulera biraren azken kontzertuak izango dira azaroan egingo dituztenak. Gainera, bi kantu berri argitaratu dituzte: 'Itzal handi bat' eta Anariren 'Aingura hegodunak' abestiaren moldaketa bat.

Jon Basaguren Izaki Gardenak taldeko abeslari eta konpositorea. IZAKI GARDENAK
Jon Basaguren Izaki Gardenak taldeko abeslari eta konpositorea. IZAKI GARDENAK
edurne begiristain
2026ko irailaren 15a
11:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau urteko etenaldiaren ondoren, 2025aren hasieran itzuli zen Izaki Gardenak taldea agertokietara, Orube (Alde iluna, 2024) diskoa besapean zuela. Lan berria aurkezteko, 30 kontzertutik gora eman zituen taldeak, eta urtearen amaieran beste disko bat kaleratu zuen: Sitsak (Alde iluna, 2025). Lau kanta berri eta azken urteetako diskoetatik at geratu izan diren beste bost kanta bildu zituzten lan hartan. Harrezkero, zuzenekoak ematen aritu dira han-hemenka. Taldeak gaur iragarri du birako azken bost kontzertuak egingo dituela azaroan, eta kontzertu sorta horren ostean mugarik gabeko etenaldia egingo duela. 

Biraren azken kontzertuen berri ematearekin batera, bi kantu berri argitaratu dituzte: Itzal handi bat eta Anariren Aingura hegodunak abestiaren moldaketa. Udan grabatu zituzten bi kantuak, Durako (Araba) Gakobeltz estudioan. Bi kantu berri horiek taldearen itzuleraren azken txanparen parte dira, publikoari eta zaleei «gero arte» esateko modu berezi bat.

Azaroaren 5ean egingo dute birako azken kontzertuetatik lehena, Bilboko Kafe Antzokian. Azaroaren 13an Atarrabiako (Nafarroa) Totem aretoan joko dute, Bide taldearekin batera. Biharamunean, hilaren 14an, Donostiako Intxaurrondo kultur etxean izango dira, Hondora taldearekin. Azaroaren 21ean Berrizko (Bizkaia) kultur etxean arituko dira. Eta, azkenik, hilaren 27an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan emango dute bira amaierako azken kontzertua, Sara Zozaiarekin batera. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA