'Izan ala ez izan' izenburupean, identitateari heldu dio 'Haur Besoetakoa' sagaren laugarren aleak

Unai Iturriagak eta Alex Sanvik 'Haur Besoetakoa. Izan ala ez izan' komiki bilduma kaleratu dute, Ikastolen Elkartearen eta 'Xabiroi'-ren eskutik. Adierazi dutenez, inguruan gertatzen denari erreparatu diote, eta, beraz, aproposa da adin guztietarako.

'Haur Besoetakoa. Izan ala ez izan' komiki bildumaren aurkezpena, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
'Haur Besoetakoa. Izan ala ez izan' komiki bildumaren aurkezpena, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko irailaren 29a
17:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailak 29, Euskal Komikiaren Eguna. Eta ezin bestela ospatu: Unai Iturriagak eta Alex Sanvik Haur Besoetakoa. Izan ala ez izan gaztetxoentzako komiki bilduma kaleratu dute. Saga bereko laugarren alea da, eta, orain artekoen gisara, Ikastolen Elkartearekin eta Xabiroi aldizkariarekin atera dute argitara. Dena den, eta Euskal Komikiaren Eguna izanik ere, Dani Fano komikigile eta Xabiroi aldizkariaren arduradunak uste du euskal komikigintza hauspotu egin behar dela oraindik ere, eta, bide horretan, Fanok euskal kulturak garrantzia handiagoa izango duen gizarte batekin egin du amets: «Herri independente, burujabe eta askea bagina, kultur sistema normalizatu bat bagenu, Haur Besoetakoa Euskal Herriko etxe guztietan legoke, guzti-guztietan. Mahai gainean edukiko genuke telebistan saio bat egiteko proposamena, estankoetan panpinatxoak salduko lituzkete eta lehenengo film luzea akaso oraindik ez, baina proposamen hori ere laster izango genuke esku artean». 

Iturriagari eta Sanviri zazpi orriko enkargu solte bat egin zien Fanok 2007an. Hemeretzi urte pasa dira ordutik, eta akaso ez dira euskal gizarteko etxe guztietan egongo, baina orain artean Haur Besoetakoa komiki sagaren istorioek hainbat eta hainbat apal bete dituzte. Lau bilduma atera dituzte guztira, eta azkena 2022tik geroztik Xabiroi aldizkarian argitaratutako zazpi komikiekin osatu dute. Bilduma izanagatik ere, hari jakin bati jarraitzen dio: identitateaz mintzo da. Hain justu, hortik dator izenburua: Izan ala ez izan.

Eta ale berriarekin ere Iturriagak orain arteko susmo bera du; alegia, egongo dela «jende kopurutxo bat liburua eskuetan hartzeko desiratzen» dagoena. «Badakigu mundua ez dagoela guri begira», adierazi du idazleak, baina ezta haiek munduaren beste zati horri begira ere. Eta gaztetxoentzako komikiak sortzen dituzten arren, saiatzen dira istorioetan adin mugarik ez jartzen; horretarako, inguruan eta garaian gertatzen ari denari egiten diote keinu. Lehenbizi, Iturriagak gidoiak idazten ditu, eta testuari kolorea jartzen dio gero Sanvik.

«Herri independente, burujabe eta askea bagina, kultur sistema normalizatu bat bagenu, 'Haur Besoetakoa' Euskal Herriko etxe guztietan legoke, guzti-guztietan»

DANI FANO 'Xabiroi' aldizkariaren koordinatzailea

«Haur Besoetakoa-k munduan gelditzen den oreka prekario horri eusten dio», baieztatu du Fanok. Izan ere, orain hemeretzi urte lehenengoz Iturriagaren eta Sanviren lan bat jaso zuenean izandako sentsazio bera izaten du oraindik ere; zehazki, zera pentsatzen du bikote horren lan bat jaso orduko: «Mundua akabatu egingo da hau argitaratzen ez badugu». Hala, ziurtasunez eta erraztasunez publikatu dituzte Haur Besoetakoa-ren ale guztiak, eta horretan segitzeko asmoa adierazi dute, baita mundua akabatuko balitz ere. «'Betirako?' galdetuko balidate, nik 'bai' erantzungo nuke», berretsi du Iturriagak. 

Euskal komikien «miraria»

Gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko sortu zuten Xabiroi aldizkaria, 2005ean. Aldi hura gogoratu du Arantza Munduate Ikastolen Elkarteko kide eta Xabiroi aldizkariaren koordinatzaileak, eta orduan zehazturiko helburuak aipatu ditu: «Aldizkariak gazteentzat izan behar zuen, gazteek erabiltzen duten euskara herrikoia erabili beharko genuen —betiere zorroztasunarekin eta zuzenketekin—, kalitatezkoa izan behar zuen, eta Euskal Herrian sortua —eta, beraz, Euskal Herriko gidoilari eta ilustratzaileekin lan egin beharko genuen—. Iaz bete zituzten hogei urteak, eta dema berean segitzen dute. Gaur-gaurkoz, Xabiroi aldizkariaren lau ale argitaratzen dituzte urtean, baita urtero-urtero bilduma bat kaleratu ere; hogei egin dituzte guztira. Astelehenean argitaratuko dute aldizkariaren 81. zenbakia. «Xabiroi mirari bat da», baieztatu du Fanok. «Ez naiz nekatuko Ikastolen Elkarteari eskerrak emateaz halako proiektu ero eta ezinezko bat hogei urtez mantentzeagatik, eta Euskal Herriak ere ez luke nekatu beharko».

Argitaratu berri duten aleaz gain, Haur Besoetakoa-k beste hiru ale ere baditu: 2007tik 2014ra bitartean argitaratutako istorioekin osatu zuten Litxarrerien jauna lehen albuma; hurrengo lau urteetan kaleratutakoekin ondu zuten Paristik datorren artista bigarren bilduma, eta 2022an argitaratu zuten hirugarrena, Itsasoan urak handi.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA