Izarrak lerrokatzen direnean

Aurten egun bat gutxiago iraungo duen arren, izar sorta bilduko du gaur abiatuko den Gasteizko 37. Jazz JaialdiakPaco de Luciak eta Chick Coreak batera egingo duten saioak piztu du arreta gehien

Inigo Astiz
2013ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Gauzak ez dira beti lehenengora lortzen, eta setati aritu behar. Ez da erraza musika garaikideko bi izen nagusi agertoki bakarrean batzea, baina batzuetan gertatzen da. Lerrokatu egiten dira izarrak. Ez nekerik gabe, ordea. Bi urte behar izan dituzte Gasteizko Jazz Jaialdiko antolatzaileak Paco de Lucia gitarra jotzailearen eta Chick Corea pianistaren agendak bateratu ahal izateko. Baina hori zuen tema Iñaki Añua jaialdiko zuzendariak, eta, azkenean izan du saria. Larunbatean arituko dira elkarrekin bi musikariak Mendizorrotza kiroldegian. Corea, lehenik, De Lucia ondoren, eta biak elkarrekin, azkenik. Inprobisazioan. Orain hamabi urte egin bezala, orain hamabi urteko hiri berean. Eta hori izango da gaur abiatuko den 37. jaialdiko unerik argiena. Ilunena? Murrizketen kausaz, iaz baino 67.000 euro gutxiago izan dituztela dena antolatzeko. 760.000 euro, guztira. Eta, ondorioz, egun bat gutxiago izango du festak. Sei zituen lehen, eta bost aurten.

Historia dabilkie hatzetan biei. Eta horregatik da historikoa larunbateko enkontrua. Hogei hatz bete historia batuko dituelako. Flamenko garaikidearen aitapontekoa da De Lucia, haren oinarrizko zutabe eta haren nazioartekotzearen bultzatzaile nagusi. Bera izan zen baxu elektrikoa eta kaxa eta flauta sartu zituen lehen flamenko musikarietariko bat, baina flamenkoaz aparte, baditu lan klasikoak eta jazz diskoak ere.

Chick Corearen hatzen curriculuma ere ez da nolanahikoa. De Luciaren pare, legenda moduko bat da piano jotzaile amerikarra. Jazz fusionaren sorkuntzaren lekuko eta bultzatzaile izan zen 60ko hamarkadan, Miles Davis tronpeta jotzaile mitikoaren taldeko kide gisa, eta gelditu gabe aritu da geroztik lanean. Musikari eta konpositore, baditu hamabi Grammy etxean. Eta eskuz esku arituko dira larunbatean biak. Lau eskuak elkarrekin. Hogei hatz nahasian.

Topaketa hori izango da, hain zuzen, jaialdiko unea. Hori esku zartarik gehien jasoko duena. Historikoa da emanaldia, eta aspaldi daude amaituta emanaldiko sarrerak. Baina ez da emanaldi bakarreko jaialdia izango. Los Angeles Crenshaw gospel choir gospel taldeak abiatuko du gaur agertoki nagusiko kontzertu sorta, eta izen handiak batu dituzte hurrengo egunetarako. Euskal Herrian jazzari estuen lotzen zaion jaialdia izan arren, ordea, jazzetik urrundu izana kritikatu diote aurten zale puristenetariko batzuek. Gospelari, funkari eta bluesari atea gehiegi ireki izana. Baina zuzendariak eman du erantzuna: «Maite jolas handirik ez dugu izan bestelako musikekin».

Itzulera baten historia da Ibrahim Maaluf tronpeta jotzailearena. Iaz izan zen Gasteizen, eta arrakasta itzela izan zuen. Horregatik itzuliko da bihar, agertoki nagusira. Bakarkako laugarren diskoa izango du saioaren ardatz: Wind. Bill Frisell gitarrastak, berriz, udaberrian aterako duen diskoa aurkeztuko du.

Jazzaren istripua

Istripuz heldu zen Melody Gardot jazzera. 16 urte zituenean auto batek harrapatu zuen bizikletan zihoanean. Argiarekiko eta zaratarekiko hipersentiberatasuna garatu zuen horren ondorioz, eta jazz klasikoa entzuteko aholkua eman zion terapeutak. Hor giltza. Milioika disko saltzen ditu egun, eta jazz jaialdirik entzutetsuenetan izan da geroztik. Gozoa da haren ahotsa, eta etzi izango da jaialdian. Jacky Terrasonek gidatutako hirukotea ere izango da taula gainean. Birtuosoa eta eklektikoa. Besteak, beste, Erik Satie, John Lennon eta Amy Winehousen kantak dakartza bere azken lanak: -k.

Berme moduko bat dira abizen batzuk musikan, eta Marsalis da horietariko bat jazzean. Dinastia garaikide bat. Orain aste batzuk izan zen Wynton Marsalis tronpeta jotzailea Getxoko jazzaldian, eta haren anaia izango da ostiralean Gasteizen: Branford Marsalis. Munduko saxofoi soprano jotzailerik onena. Hori dio jaialdia 35 urtez zuzendu duen Añuak. Eta Tom Harrelen tronpeta izango da gero. 40 urteko ibilbidea du atzean San Frantziskokoak, eta haren lirismoa nabarmentzen dute adituek. Urteko tronpeta jotzaile hautatu zuten, gainera, jazz kazetariek 2011n.

Mendizorrotzan bilduko dira egitarauko izenik entzutetsuenak, baina egunero izango dira saioak Principal antzokian. Eta zuzendariaren sinadura du hangoek. Añuak dioenez, XXI. Mendeko Jazza titulupeko horiek sentitzen ditu propioen. Hor aritzen da libreen. Eta bada horren frogarik. Javier Colina eta Kirk Lightsey batuko dituzte gaur, esaterako, eta Craig Taborn-ek piano soloa eskainiko du bihar.

Kalean ere izango dira saioak egunero, eta hiriko hotel batean gauero. Izarrak eta jazza.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.jazzvitoria.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.