Donostiako 73. Zinemaldia

J. A. Bayona izanen da Zinemaldiko Sail Ofizialeko epaimahaiburu

Bertze sei kide izanen dira mahaian: Laura Carreira, Gia Coppola, Zhou Dongyu, Lali Esposito, Mark Strong eta Anne-Dominique Toussaint.

Ruth Perez de Anucita eta Jose Luis Rebordinos, gaur, Donostian egindako prentsaurrekoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ruth Perez de Anucita eta Jose Luis Rebordinos, gaur, Donostian egindako prentsaurrekoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iratxe Muxika
Donostia
2025eko irailaren 5a
15:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi aste bertzerik ez da falta Donostiako Zinemaldia hasteko, eta, gaur, argazki orokorraren bertze zati bat erakutsi dute Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak eta Ruth Perez de Anucita Zinemaldiko komunikazio arduradunak: nork osatuko duen Sail Ofizialeko epaimahaia. Zazpi eserleku izanen ditu mahaiak, eta haren burua Juan Antonio Bayona zinemagile bartzelonarra izanen da. Hain justu, Lo imposible eta Un monstruo viene a verme pelikulak Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zituen Bayonak, 2012an eta 2016an, hurrenez hurren; baina bada bertze arrazoi bat ere: Donostia Hiria Publikoaren Saria jaso zuen orain bi urte La sociedad de la nieve filmagatik. 

Bayonaren mahai berean eseriko dira Laura Carreira portugaldarra eta Gia Coppola estatubatuarra ere, zuzendariak biak. Lehenagotik izanak dira Donostian; izan ere, joan den urtean biek aurkeztu zituzten beren lanak Sail Ofizialeko lehiara, eta Zilarrezko Maskorra jaso zuen Carreirak. Zhou Dongyu aktore txinatarra eta Lali Esposito antzezle eta abeslari argentinarra ere izanen dira Sail Ofizialean, Mark Strong aktore britainiarrarekin batera. Aurpegi ezaguna da Strongena, Kingsman sagan eta The Imitation Game filmetan parte hartzeagatik, bertzeak bertze. Anne-Dominique Toussaint ekoizle frantziarrak osatuko du epaimahaia. 

73. aldia du aurten Zinemaldiak, eta 56 herrialdetako filmak ekarriko dituzte Donostiara; 254 pelikula guztira. Dagoeneko jakina da Esther Garciari eta Jennifer Lawrenceri emanen dizkiotela bi Donostia sariak, eta gaur jakinarazi dute bertze hainbat zinemagile, ekoizle eta antzezle etorriko direla Donostiara. Horien artean dira, erraterako, Juliette Binoche, Paul Dano, Harris Dickinson, Matt Dillon, Colin Farrell, Denis Lavant, Maria de Medeiros, Ron Perlman, Renate Reinsve eta Stellan Skarsgard. 

Sail Ofizialean lehiatuko diren zuzendariez gain, bertze hainbat ere Euskal Herriratuko dira: Olivier Assayas, Lucile Hadzihalilovic, Jafar Panahi, Joachim Trier, Raoul Peck eta Rebecca Zlotowski, kasurako. 

Eta iragarri dute nortzuek osatuko dituzten gainerako epaimahaiak ere. Zuzendari Berriak sailean, erraterako, Italiako Marco Muller ekoizlea eta programatzailea izanen da burua, eta bertze lau kide izanen ditu ondoan: Beatriz Arias zinemagile txinatarra, Isabella Eklof zuzendari eta gidoilari suediarra, Charlene Favier zuzendari frantziarra eta Elsa Fernandez Santos zinema kritikari espainiarra. 

Horizontes saila, berriz, Pilar Palomero zuzendari espainiarrak gidatuko du, eta Christoph Friedel (Alemania) eta Tatiana Leite (Brasil) ekoizleak arituko dira berekin lanean. Zabaltegi sailean bertze hirukote bat izanen da, euskaldun bat tartean: Xabier Arakistain arte komisarioa. Yael Fogiel frantziarra izanen da epaimahai buru, eta Line Langebek danimarkarrak osatuko du mahaia. 

Euskal Zinemaren Irizar sariaren epaimahaia hiru euskaldunek osatuko dute: Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak, eta Aia Kruse eta Ane Gabarain aktoreek. Gabarain bera izanen da epaimahaiburua. 

Culinary Zinema sariaren epaimahaia, berriz, Anna Castillo aktoreak zuzenduko du, Pablo Rivero Argentinako sukaldaria eta Matt Goulding kazetari gastronomiko estatubatuarra ondoan dituela. Eusko Label Sariaren epaimahaiak euskal herritar bat izanen du buru: Pedro Subijana. Baita gainerako bi kideak ere: Karmele Pikabea Euskaber kooperatibako gerentea eta Raimundo Ruiz de Escudero Hazi-ko zuzendaria.

Genozidioaren kontra

Dena dela, Jose Luis Rebordinosek eta Ruth Perez de Anucitak ez dute prentsaurrekoa Donostiara joanen diren aktoreak zerrendatzen hasi. Aitzitik, bakoitzak mikro bana zuela probestuta, mezu bat igortzeko erabili dute ahotsa. «Zinemaldiko Zuzendaritza Batzordeak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala defendatzen du, eta, hortaz, ezinbestekotzat jotzen dugu deialdi orokor bat egitea demokraziaren alde», erran du Anucitak, deus baino lehen. 

Rebordinosek, jarraian, azaldu du beharrezkotzat jotzen dutela publikoki Israel Palestinan egiten ari den genozidioa gaitzesten dutela jakinaraztea. «2023ko urriaren 7an Hamasek eraso terrorista egin zuenetik, Netanyahuren [Benjamin, Israelgo lehen ministroa] gobernua herri palestinarraren aurka egiten ari den sarraskia arbuiatzen dugu, baita Hamasen aurreneko eraso hura kondenatu ere». Anucitak, ondotik, gaineratu du Israelek gosetea arma gisa darabilela: «Laguntza humanitarioa oztopatzen ari da, palestinarrak lekualdatzera behartzen ditu, eraikinak suntsitzen ditu, eta herritarrak umiliatu, konkistatu eta zapaldu egiten ditu». 

Horrenbertzez, aldarri bikoitza egin dute. Giza eskubideen alde bata, eta genozidioaren kontra bertzea. «Donostiako Zinemaldia sarraski horren guztiaren kontra dago; jasanezina da palestinarren egoera, eta bidegabekeria horiek salatu nahi ditugu». 

Sarreren salmenta

Heldu den astelehenean argitaratuko da Zinemaldiko programazioa Euskal Herriko hainbat komunikabidetan, baina hilaren 13ra arte ez da eskuragarri egonen Zinemaldiaren informazio gunean (Kursaal). Asteazkenetik aitzinera 2,50 eurotan salduko dira gidak Zinemaldiko bulegoan, Tabakaleran. 

Sarreren salmenta hurrengo igandean irekiko da, hilaren 14an, 09:00etan. Egun horretan bertan lehen hiru egunetako sarrerak soilik egonen dira salgai: hilaren 19koak, 20koak eta 21ekoak. Irailaren 15ean, berriz, 22rako, 23rako eta 24rako sarrerak jarriko dituzte salgai, eta azken hiru egunetakoak —25, 26, 27—, berriz, hilaren 16an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.