Donostiako Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak Klasikoak ekinaldia osatzen duten hiru programazioak aurkeztu dituzte gaur goizean: «Zinema klasikoko bankete bat», Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariaren hitzetan. Hiru hanka dituen ekinaldia da: Zinemaldiaren izen bereko saila, haren atzera begirako klasikoa —Jose Giovanni zuzendari eta gidoilariari eskainiko diote aurtengoa— eta behin jaialdia amaituta Filmategiarekin batera antolatzen duten zikloa. Hiruretan lehenak, Klasikoak sailak, bederatzi film hartuko ditu aurten, eta Jaime Chavarriren El desencanto lanak emango dio hasiera. Duela 50 urte, jaialdiaren arduradunek programaziotik atera zuten pelikula, Guardia Zibilak Josu Zabala manifestaria erail zuela salatzeko, eta «filmaren erreparaziorako ekintza gisa» itzuliko da aurten Zinemaldira. Panero familia filmatu zuen Chavarrik lan hartan, eta hari lotutako erakusketa bat ere irekiko dute, artxiboko dokumentuak bistaratuko dituena. «Erakusketa apal bat da, txikitxoa eta oso interesgarria», aurreratu du Rebordinosek. Bihar aurkeztuko dute hori, eta irailaren 27ra arte egongo da ikusgai Tabakaleran.Â

Chavarriren filmarekin batera, Ana Diezen, Lisa Cholodenkoren, Milos Formanen, Pere Portabellaren, Jacques Tatiren, Fernando Truebaren, Andrezj Vajdaren eta Agnes Vardaren filmek osatuko dute Zinemaldiaren 74. aldiko Klasikoak saila. Diezek 1988an zuzendutako Ander eta Yul dago tartean, «euskal klasiko handia», Joxean Fernandez Filmategiko zuzendariaren esanetan. Duela 38 urte Zuzendari Berriak sailean estreinatu ostean itzuliko da filma jaialdira, Filmategiak eta EITBk zaharberritutako bertsio batekin.
Saila osatuko duten beste filmen artean, Rebordinosek azpimarra egin dio One Flew Over the Cuckoo's Nest filma berriz ikusteko aukerari. Lanak Jack Nicholson eta Louise Fletcher aktoreak ditu protagonista, sari ugari eskuratu zituen estreinatu zenean, 1975ean; tartean, bost Oscar sari. Forman jaioterrian zuzendu zituen lehen filmak, Txekoslovakian; gerora AEBetan erbesteratu, eta han zuzendu zuen One Flew Over the Cuckoo's Nest, baita Amadeus (1984), The People vs. Larry Flynt (1966) eta Man on the Moon (1999) ere, besteak beste.
AEBetatik helduko da, halaber, Cholodenkoren High Art (1988) filma, bi emakumeren arteko amodio istorioa kontatzen duena. Eta Herrialde Katalanetatik, berriz, Portabellaren Pont de VarsĂ²via, zeina Cannesko jaialdian erakutsi zuen Portabellak 1989an. Tatiren kasuan, zinemagilearen azken film luzea izan zena erakutsiko dute, Parade (1974).

Saila osatuko duten beste hiru lanak, azkenik, Truebaren Chicho o mientras el cuerpo aguante (una comedia didĂ¡ctica), Wajda poloniarraren Niewinni czarodzieje / Innocent Sorcerrers (1960) eta Vardaren Sans toit ni loi (1985) izango dira —azken horrekin Urrezko Lehoia irabazi zuen Vardak Venezian—.
'Casablanca', lehenengoz
«Norbaitek pentsatuko du Casablanca hautatzea errazkeria dela, baina memoria lana egin dugu, eta Filmategiaren historian ez da inoiz programatu filma». Fernandezek pozik iragarri du Klasikoak zikloa film horrekin hasiko dutela. Zikloa urrian hasiko da, Zinemaldia amaitu ostean, eta Gasteizera, Iruñera, Bilbora eta Donibane Lohizunera ere iritsiko da abendura bitartean.Â
«'Casablanca' benetako klasiko bat da. Haren eszenaratzeak eta elkarrizketek berebiziko arnasa erromantikoa lortzen dute, uste oso antifaxistak agerian uzteaz gainera»
JOXEAN FERNANDEZÂ Filmategiko zuzendaria
Michael Curtizek 1942an zuzendu zuen Casablanca, eta Ingrid Bergman eta Humphrey Bogart dira protagonistak. «Inbidia ematen dit oraindik filma ikusi gabea duenak eta XXI. mende betean deskubrituko duenak», esan du Fernandezek. Filma ezagutzen dutenak ere berdin gonbidatu ditu hala ere, filma «eskura dagoen kalitate onenean» berrikustera. «Casablanca benetako klasiko bat da Hollywoodeko klasikoen artean. Hungariar batek zuzendu zuen, suediar bat eta estatubatuar bat ditu protagonista, eta aktore talde bene-benetan nazioartekoa. Haren eszenaratzeak eta elkarrizketek berebiziko arnasa erromantikoa lortzen dute, uste oso antifaxistak agerian uzteaz gainera», nabarmendu du. Zikloaren kartelaren irudia ere film horrekin osatu dute, eta aurreratu programazio osoa irailaren amaieran jakinaraziko dutela.
Atzera begirakoak, bestalde, Jonni Giovanniren (Paris, 1923-2004) hogei film erakutsiko ditu. Nobelagilea, gidoilaria eta zuzendaria izan zen Giovanni, eta polizia generoan nabarmendu zen bereziki. Haren filmak ere aintzat hartuta, denera berrogei erakutsiko ditu aurten Klasikoak egitasmoak; berrogei film 101 emanalditan. Borondate batek lotzen ditu denak, antolatzaileen esanetan: iraganeko zinema «gaur egungo begiekin» ikusteko proposamenak. Rebordinos: «Pelikulak ez dira aldaezin geratzen. Are gehiago, litekeena da emanaldi bakoitzean gure begiratzeko modua aldatuz joatea, eta duela 50 edo 60 urteko klasiko batek balio izatea indarrean dauden gaiez —etxebizitzaren arazoa, polizia indarkeria...— galdetzen eta eztabaidatzen jarraitzeko».
Musikarik Onenaren SGAE saria
Zinemaldiak beste nobedade baten berri ere eman du gaur. Beste sari bat ere banatuko dute aurrerantzean: Jatorrizko Musikarik Onenaren SGAE saria. Sail Ofizialean lehian ariko diren hamazazpi filmetako baten soinu banda sarituko dute modu horretan. Lehen aldia izango da Zinemaldiak zinemarako musika konposizioa sarituko duena, eta nazioarteko epaimahai batek emango du, berariaz horretarako eratuko denak.