«Ni jaio nintzen unean hil zen nire ama, eta horregatik ez zen nire bizitza guztian deus ere izan nire eta betikotasunaren artean; haize latz eta beltz bat izaten zen beti nire atzean». Esaldi hori du lehenbizikoa Jamaica Kincaid idazle antiguarraren Nire amaren autobiografia nobelak (1996). Ondokoetan, ama galdu izanak barrenean utzi dion zuloaren zabalera zenbaterainokoa den marraztuko du narratzaileak, lehenbiziko pertsonan beti, eta aipatuko ditu tristura, are bere buruaren alderako errukia, lotsa, eta baita bizialdi guztia «amildegi baten ertzean» eman duelako sentipena ere. Kontatuko du aitari arropak garbitzen zizkion emakumearen kargu hazi zela txikitatik, aitak hala nahi izan zuelako, eta aitortuko du jakin badakiela, dudarik ez duela, «zama bat» zela batarentzat zein bestearentzat. Istorioaren protagonista, Xuela, 60 urteen bueltan delarik dabil horiek guztiak gogora ekartzen eta, bide batez, inoiz ezagutu gabeko amaren bizitza nolakoa izan ote zen irudikatzen.
Kincaiden literatur obra disekzionatzeko orduan, bada nobela horretan nobela bat baino gehiago ikusten duenik: matrioxka bat. Idazleak ordurako plazaratuak zituen liburuak eta are geroztik idatzitako guztiak nolabait «biltzen» dituen eleberri bat dela iritzi diote hainbat kritikarik eta irakurlek. Eider Rodriguez da haietako bat. Iragan ostegunean, Oh, jainkosa maiteak izeneko zikloan, Jamaica Kincaidi eskainitako hitzaldi bat eman zuen Iruñean idazleak, preseski. Antiguarrarekiko sentitzen duen miresmena nabarmendu zuen, hasi eta buka. Eta literalki hasi, Nire amaren autobiografia-ren lehenbiziko esaldiak irakurriaz ekin zion hark ere, hain justu. 2012tik, euskaraz ere irakur daiteke liburu hori, Alberto Martinez de la Cuadrak itzulita.
Ostegunekoari Lorategi baten autobiografia izenburua jarri zion Rodriguezek. 1996ko nobelak Kincaiden obran daukan garrantziagatik, batetik, eta idazleak literaturaz gain urteetan garatu duen beste alderdi bati keinu egiteko, bestetik: izan ere, lorezaina ere bada Kincaid, eta jardun horri loturiko zenbait liburu ditu argitaratuak. Nolanahi ere, eleberriengatik eta narrazioengatik jaso du aitortza gehien.
1949an jaioa da, Antigua eta Barbudako hiriburu Saint John’sen. Han eman zituen haurtzaroa eta nerabezaroa, baina, 17 urte bete, eta gurasoek New Yorkera joanarazi zuten lanera, familia aberats batean au pair, etxera dirua bidal zezan. Handik urte batzuetara, Kincaidek erdiz erdi eten zuen harremana etxekoekin, eta bere kasara egin zuen aitzinera AEBetan; argazkilaritza ikasi, idazketa landu, eta zenbait aldizkaritarako erreportajeak eta fikziozko narrazioak egiteari ekin zion gero. Haren izena nabarmen joan zen literatur sisteman hedatuz, eta idazle prestigiotsua da egun. Behin baino gehiagotan kokatu dute Literaturako Nobel saria irabazteko hautagai nagusien artean.
Kincaiden bertute literarioen artean, «hitzekin ere harrapatu ezin den hori» kontatzeko erakutsitako asmamena nabarmendu dio Rodriguezek hitzaldian, besteak beste. «Oso zaila da hitzez esplikatzea beste norbaitek hitzekin zer egiten duen dauzkan hitzek balio ez diotenean». Inkonformismoaren ideia azpimarratu du azalpen horretan. Iritzi baitio antiguarra ez dela konformatzen hitzek «esan asmo duten» edo «itxuraz esaten duten» horrekin idaztearekin; «harago jotzen du».
Minak izendatzea
Urteotan han-hemenka emandako elkarrizketa ugaritan, idaztea «konpromiso» baten gisara ulertzen duela nabarmendu izan du Kincaidek. Idazketa ekintza intimo bat da harentzat, dioenez: esan zitzakeenik ere ez zekien gauzak esateko bide bat. Dena dela, bidearen hastapenean, zenbait hautu ere egin zituen, inolako uhalik gabe idazteko pausoa emateko. Izan ere, askatasunarekin lotu izan du bere izena aldatzeko erabakia: sortzez, Elaine Potter Richardson baitu izena, baina argudiatu izan du bere buruari jarritako deitura batekin baizik ezin zela libre aritu, «herentzian jasotakoarekin» ezinen lukeela.
Material autobiografikoak inportantzia handia du Kincaiden literatur obran. Agerian gelditzen da lantzen dituen gaietan, eta, are, idazlearen bizitzaren pasarteek eta nobela eta narrazioetako protagonisten bizipenek sarritan dute antza. Egiazko pertsonen eta pertsonaien abizenen bat egiteekin ere jokatu du maiz.
Martinez de la Cuadra itzultzaileak, nobelaren euskarazko edizioan, idazleak autobiografiaren eta fikzioaren arteko mugan aritzeko zeukan joeran egin zuen azpimarra hain justu, besteak beste. Kincaiden beraren hitzok ekarri zituen gogora testu horretan: «Egia esateko, ez dut inoiz inori buruz hitz egin salbu eta neure buruari eta neure amari buruz... idaztea terapiatzat daukaten pertsona patetiko horietako bat naiz». Eta, preseski, Rodriguezek ere ekarri du gaiari loturik antiguarrak eginiko beste adierazpen bat hitzaldian; zirikatzaileagoa, nolabait: «Esaten dudan guztia da egia, eta esaten dudan guztia da gezurra».
«Mina den arren haren obrari eusten dion sistema, Kincaidek beti aurkitzen du belar pizar miresgarri bat, argi izpi bat; ez da beren lanak irakurtzen dituenari hiltzeraino sufriarazi nahi izaten dioten idazle horietako bat»
EIDER RODRIGUEZIdazlea
Ama-alaben arteko harremanei buruzkoek zeharkatzen dute Kincaiden literatura guztia. Gatazkatsu irudikatu ohi ditu harreman horiek. «Ez du haiei buruz anbiguo hitz egiten, zinikoa ere ez da, baina ulertzen du kontraesanak badirela halakoetan: gorrotatu eta aldi berean maitatu dezakezula ama», sakondu du Rodriguezek. Hain zuzen, maitasuna eta mina, bi horiek nabarmen eta etengabe azaleratzen dira idazlearen obran. «Eta, halere, akaso mina den arren haren obrari eusten dion sistema, Kincaidek beti aurkitzen du belar pizar miresgarri bat, argi izpi bat; ez da beren lanak irakurtzen dituenari hiltzeraino sufriarazi nahi izaten dioten idazle horietako bat».
Bestalde, europar inperialismoaren itzala ere antzeman daiteke Kincaidenean. «Liburu guztietan sumatzen da, baina inoiz ez da liburuaren gai nagusia. Ez kolonialismoa, ez eta haren belztasuna ere, ez dira kontakizunaren azalera ateratzen, asumituak daude, eta hori bereziki da interesgarria, irakurleok ustezko neutraltasun batekin leitzen hasten garelako, eta neutraltasun hori berehala desagertzen zaigulako, eta, orduan, agerian gelditzen zaizkigulako geure josturak», zehaztu du Rodriguezek. Hau ere aitortu du: Marguerite Durasen oihartzunak antzeman dizkio antiguarrari.
Eder bezain itogarri
1983an argitaratu zuen bere lehenbiziko liburua Kincaidek: At the Bottom of the River. Narrazio liburu bat da, hamar ipuinek osatua, eta horietan bertan ere ageri-agerian daude aurrerantzean kasik aldiro presente izandako gaiak; kasurako, emakumeenganako bazterkeria nabarmena da haietan. Eta bildumako lehenbizikoa da, hain justu, Kincaiden literatur obra osoan sonarik handiena izan duten lanetako beste bat: Neska —jatorrizkoan, Girl—. Hori ere euskaratua dago: Garazi Arrulak itzuli zuen, 2014an, eta Elearazi blogean irakurgai dago ordutik.
Dena dela, At the Botton of the River bilduman jaso baino lehenago ere aterea zen argitara ipuin hori; The New Yorker-en plazaratu zioten lehenbizi, 1978an —ordurako, Kincaid ohiko kolaboratzaile zen aldizkari horretan; 1974tik 1995era aritu zen, zehazki—. Idazleak berak aitortu duenez, Elizabeth Bishop poeta ingelesaren In the Waiting Room olerkia irakurri izanak eragin zion Neska idazteko bulkada; «ezin eutsizkoa». Bishopenean, neskato batek inozentzia galtzen dueneko pasarte baten kontakizuna ageri da lerroz lerro, eta hortz klinika bateko itxaron gela da agertokia. Eta, nolabait, Kincaidek ere parez pare jarri zituen neska gazte baten xalotasuna eta koskortzearekin batera gainera datorkion presio edo agindu andana.
Zehazki, alabari mintzo zaion ama baten ahotsa da nagusi ipuin horretan: «Garbitu arropa zuriak astelehenean eta zabaldu harri pilan; [...] jan zure janaria beste inori nazka emanen ez dion moduan; igandean ibili andereño baten gisan, eta ez bihurtzeko joera duzun putaren moduan [...] honela jokatu behar duzu oso ongi ezagutzen ez zaituzten gizonen aurrean, horrela, ez dute berehalakoan antzemanen ez bihurtzeko abisatu nizun puta [...]». Ama dozenaka agindu ematen ari zaio nerabeari, zorrotz eta zakar, eta alabari apenas uzten dion deus esaten: hark bi aldiz baizik ez du eteten ama, eta nekez.
Eta sintaxiaren eta puntuazioaren bitartez Kincaidek sorrarazten duen efektu itogarria ere nabarmen goratu diote narrazio horretan; bostehun hitz inguruko errenkadan, ez dago puntu bakar bat ere.