Musika

Janus Lesterrek ‘Popera’ disko berria eta film musikala aurkeztuko ditu Donostiako Antzoki Zaharrean

Azaroaren 26an izango da estreinaldia; disko osoa entzuteko eta film musikala ikusteko aukera izango da egun horretan. Egunerokotik atera, eta bizitzeko modu berriak esploratzen ditu filmak. Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai.

'Popera' disko berria eta ikus-entzunezkoa aurkeztuko ditu Janus Lesterrek. ANDONI BERISTAIN
'Popera' disko berria eta ikus-entzunezkoa aurkeztuko ditu Janus Lesterrek. ANDONI BERISTAIN
2026ko urriaren 26a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eta bizitzeko beste modu bat balego? Eta ustekabean topatutako norbaitek dena eraldatuko balu? Galdera horien bueltan sortu du Janus Lester abeslariak bere proiektu berria: Popera izeneko diskoa eta film musikala. Datorren azaroaren 26an aurkeztuko ditu biak, Donostiako Antzoki Zaharrean, 20:00etan. Albuma biharamunean kaleratuko du, azaroaren 27an.

Lesterren hirugarren diskoa da Popera. Orain astebete kaleratu zuen lanari izena ematen dion singlea, eta gaur iragarri du diskoaren euskarri izango den ikus-entzunezkoa ere ondu duela. Filmak bestelako bizitza bat bizitzeko gai ez den norbanako bati jarraitzen dio. Protagonistak, baina, bidean hainbat pertsonarekin topo egingo du, eta, hala, poliki-poliki, zalantzan jarriko ditu ordura arte ziurtzat jotzen zituenak.

Muga ekoiztetxeak ondu du 50 minutuko filma. Aitor Arangurenek zuzendu eta muntatu du, eta Jokin Pinatxok eta Edurne Azkaratek egin dute sormen zuzendaritza. Antzezleen artean daude, besteak beste, Ainhize Etxebarri, Aiora Zulaika, Aizpea Goenaga, Ane Gabarain, Antton Telleria eta Joxe Mari Agirretxe.

Disko berriak popa eta folka uztartzen ditu, eta abeslariak partekatzera eta ospatzera gonbidatu nahi ditu entzuleak harekin. Datorren abenduaren 19an izango du, hain justu, lehen zita ospakizunak, egun horretan hasiko baitu disko berriaren bira, Bilboko Euskalduna jauregian. Abenduaren 26an Donostiako Kursaalean emango du kontzertua; urtarrilaren 16an, Miarritzeko Atabalen (Lapurdi); urtarrilaren 30ean, Madrilgo Inverfest jaialdian; eta otsailaren 14an, berriz, Iruñeko Baluarte aretoan.

Film musikalaren eta disko berriaren aurkezpenerako sarrerak bihar 11:00etan jarriko dituzte salgai Donostia Kulturaren webgunean eta Antzoki Zaharreko zein Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan, zortzi euroan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA