Hasi da Gasteizko Artium museoan JAI Jardun Artistikoen Institutuaren zazpigarren aldia. Abuztuaren 28ra arte egingo dute programa, eta, Artium museoan ez ezik, Donostiako Tabakalera kultur zentroan eta Jorge Oteiza museoan ere egingo dituzte egonaldiak. Aurten, denera, hamasei sortzailek parte hartuko dute. Programaren helburua da arte garaikidearen arloko ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea.
Lehenengo egonaldia Artium museoan egingo dute, gaurtik hilaren 26ra arte. Ondoren, uztailaren 29tik abuztuaren 1era, Altzuzako (Nafarroa) Oteiza museoan izango dira, eta abuztuaren 3tik 28ra Tabakalerak hartuko du ikasketa programa. Antolatzaileek adierazi dutenez, ikasketa programak arte jardueraren inguruko ikuspegi «aberasgarri» bat ematen du, eta ikasleek esperientzia «sakon» bat jasotzeko aukera daukate.Â
Aurtengo deialdian, 45 hautagai aurkeztu dira, eta horietatik hamasei aukeratu dituzte. Horietako seiri, gainera, matrikula eta mantenu bekak ematea erabaki dute. Aditu talde honek aukeratu ditu programan parte hartuko duten sortzaileak: Itziar Okariz, Alejandro Cesarco eta Ibon Aranberri tutoreak, Catalina Lozano Artium museoko komisarioburua, eta Oier Etxeberria Tabakalerako Programa Publikoen arduraduna.
Munduko hainbat lekutako sortzaileak izango dira programan, eta nazioarteko irakasle talde bat ere egongo da haiekin: Mariana Castillo Deball (Mexiko Hiria, 1975), Louidgi Beltrame (Marseilla, Frantzia, 1971), Nora Aurrekoetxea (Bilbo, 1989), Maddi Barber (Lakabe, 1988), Debris Stevenson (Londres, 1990) eta Carla Filipe (Vilanova da Barquinha, Portugal, 1973).