Tonta hitza ez da oharkabean igarotzen. Testuinguruaren arabera, xaloa eta lagunartekoa izan daiteke, baina baita bortitza eta zorrotza ere. Jasone Osoro kontziente da hitzaren sakontasunaz. «Hitza bala bat da, dena leherrarazten du, hura esanda ez dago atzera-bueltarik», esan du idazleak. Bala bat bezain zuzena eta azkarra; halakoa da Osorok Erein argitaletxearekin plazaratu duen istorio berria, Tonta eleberri laburra. 40 urteren aldea duten bi emakume dira protagonistak. Tentsioz betetako liburua da, eta, funtsean, bi galderari erantzuten die: «Zein da gure lekua munduan? Eta zertara gatoz mundura?».
Uxue Razkin Ereingo editorearen arabera, nobela «oso erakargarria eta oso bitxia» da. Brigitte eta Regina dira protagonistak. Brigittek 19 urte ditu, umezurtza da, eta gurasoek oinordetzan utzitako hotelaren jabea. Bakarrik bizi da hotelean, Marilyn oiloa eta Ursula txerriaren konpainian, gertuen dagoen herria hamar kilometrora baitago. Reginak, berriz, 60 urte inguru ditu, margolaria da, eta Brigitten hotelean hartuko du ostatu. Hotela hutsik dagoela ikusita, Reginak hotel osoa alokatuko du, margotzeko isiltasuna behar duela aitzakia hartuta. Orduan hasiko da bi emakumeen arteko harremana; hasieran «liluragarria» izango da, baina denborarekin, arriskutsua.
«Hotel abandonatu bat neukan buruan. Nahi nuen kontatu hotelaren dekadentziak nola eragiten dien pertsonaien dekadentziari»
JASONE OSORO Idazlea
«Brigittek haurtzaroko trauma sakonak ditu; bere bakardadean zaurituta dago. Reginak, aldiz, nartzisismoa eta manipulazioa irudikatzen ditu, eta zahartzeari zaion beldurra», azaldu du Razkinek. Bi emakumeen artean botere harremana sortuko da, eta gauzak okertu egingo dira, mendekotasuna eta beldurra agertuko baitira. Halere, bata bestearen helduleku bilakatuko dira biak. «Galera fisiko baten erdian daude biak, apurtzen eta eraldatzen gaituzten galera horien erdian, eta bizirik irauteko sare horretan bat egingo dute», azaldu du Osorok. Istorioak aurrera egin ahala, gizon bat agertuko da, Cesare, eta haren etorrerak dena aldatuko du. «Muturreko egoeretan gertatzen den bezala, liburuan inbidia, harrokeria, sabelkeria eta sumina loratuko dira», aurreratu du idazleak.
Animaliak ere pertsonaia
Hotel abandonatu bat, bi emakumeren arteko harreman bitxia eta edozein momentuan azaleratu daitekeen sekretu bat. Osorok suspense handiko istorio bat sortu du, «itogarria» eta «aztoragarria», idazlearen eta editorearen hitzetan. «Osorok sortutako giroa klaustrofobikoa da, bitxia, likatsua. Erraietatik datorren narrazioa da», laburbildu du Razkinek. Idazlearentzat «bizia» izan da idazteko prozesua, eta istorioa bera da prozesu horren erantzuna. Liburuak ez du etenik, ezta atalik ere. Gainera, lehen pertsonan dago idatzita. «Ariketa interesgarria izan da horrela idaztea».
Brigitte, Regina eta Cesare; hiru gizaki besterik ez dira azaltzen istorioan. Halere, animaliek aparteko garrantzia dute. «Agertzen diren animaliak pertsonaien senaren eta hausturen ispilu dira, eta oso ongi txertatuta daude kontakizunean», nabarmendu du editoreak. Izan ere, liburuak errealismo magikoaren ukitu bat dauka. Osoro: «Era guztietako animalien presentzia etengabea da, eta pertsonaiak balira bezala erabili ditut».
Kaosaren eta ordenaren arteko balantza
Ibilbide luzeko idazlea da Osoro. Hamaika liburu idatzi ditu, helduentzat zein gazteentzat. Hurrengo liburua idazten hasi zenean, argi zuen literatura egin nahi zuela, «hasiera, korapiloa eta bukaera» izango zituen istorio bat. Azaldu duenez, bere idazketa prozesua beti da antzekoa: kaosean murgildu, eta hori antolatzeko hari bat pentsatu. «Erabateko kaosetik sortu da liburua. Hasieran burura etortzen zitzaizkidan elementuak apuntatzen nituen, adibidez, Reginaren eta Brigitten izenak edota abandonatutako hotel bat, nahiz eta ez eduki loturarik haien artean», adierazi du Osorok.
«Osorok sortutako giroa klaustrofobikoa da, bitxia, likatsua. Erraietatik datorren narrazioa da»
UXUE RAZKIN Ereingo editorea
Behin kaosa sortuta, horri arkitektura bat emateko txanda da. Tonta liburuan, hori sortzeko prozesua literala izan zen. «Hotel abandonatu bat neukan buruan. Nahi nuen kontatu hotelaren dekadentziak nola eragiten dien pertsonaien dekadentziari. Horretarako, sarean bilatu nuen nolakoa zen erortzear den eraikin baten prozesua». Hotela izan zen, beraz, idatzitako lehen pertsonaia, gerora etorri ziren gainerakoak, eta denari forma emango zion istorioa. «Eleberria bizirik dagoen organismo bat da. Irakurleak bizkarrezur horri esker ulertzen du, baina kaosari esker hunkitzen da», adierazi du Osorok.
Labur esan du Osorok: «Oso ondo pasatu dut liburua idazten. Ez dakit idatzi dudan onena den, baina behintzat gustura geratu naiz». Horixe bera nahiko luke irakurleentzat. «Nahiko nuke irakurleak atmosfera sentitzea, animaliak ikustea eta Brigittek eta Reginak sentitzen dituzten emozioak barneratzea. Baina, batez ere, literaturarekin disfrutatzea».