Literatura

Jasone Osorok irabazi du Augustin Zubikarai nobela-beka

Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osatutako epaimahaiak 26 proiekturen artean hautatu dute Sick

Jasone Osoro. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
Berria
2014ko urriaren 28a
14:38
Entzun

Jasone Osororen nobela-proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. 26 lan aurkeztu dira bertara, eta horien artean Osororen proposamena aukeratu du epaimahaiak. Saria ostegun arratsaldean emango diote, Ondarroan, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan.

Sick du behin-behineko izena Jasone Osororen proiektuak. Berta izeneko emakume baten 24 ordu kontatzen ditu, ohean datzala Edith Piaf-en Non, je ne regrette rien entzuten, barrutik hautsia, bere bizitzaren errepaso bat eginez eta berekin harreman estua izan duten pertsonaiekin barne-bakarrizketan: ama, aita, senarra, alaba… Urtebete du Osorok proiektua ontzeko eta amaitzeko, eta ondo bidean 2015eko udazkenean ikusiko du liburuak argia.

Jasone Osoro Elgoibarren (Gipuzkoa) jaio zen 1971n. Kazetaria da ikasketaz, eta prentsa idatzian nahiz telebistan lan egin izan du, baina batik bat idazle moduan da ezaguna: Tentazioak (1998) eta Korapiloak (2001) ipuin-liburuak kaleratu ditu, Greta (2003) eleberria, Bi marra arrosa (2009) saiakera, Isadora (1998) biografia, eta gazteentzako hainbat liburu, Jara eta Ezekiel pertsonaienak, besteak beste. Gaur egun, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.