Zabaltegi-Tabakalera da Zinemaldiko sail guztietan «lehia bizikoena», antolatzaileen arabera. Aurten, hogeita hiru lan lehiatuko dira hartan: hamabost film luze, sei labur eta bi ertain, zehazki. Film horietako gehienak jada jaialdi garrantzitsuenetan izan diren arren, zazpi estreinakoz erakutsiko dituzte jaialdiaren 73. aldian. Horien artean izango dira Estrany riu / Strange River Jaume Claret Muxarten lehen film luzea; Gabrielle Stemmerrek zuzendu duen La Greve / The Strike film ertaina, La chair est triste hélas nobelaren egokitzapena; eta La felicidad / Happiness Paz Encinak anaiaren omenez sortutako ez-fikziozko film laburra. Irabazleak 20.000 euro eskuratuko ditu; 14.000 euro zuzendariarentzat izango dira, eta 6.000 emango dizkiote filma Epainian hedatzeaz arduratuko den banatzaileari.
Gainerako estreinaldiei dagokienez, Sergio Oksman zuzendari brasildarrak sortutako Una película de miedo / A Scary Movie lana izango da Zabaltegi-Tabakaleran erakutsiko duten lehena. Bestalde, Luis Ortega zinemagile argentinarra Zinemaldira bueltatuko da, Siempre es de noche / Always Night filma aurkeztera. Emakume gazte armatu baten eta ezaugarri fisiko «bitxiak» dituen poeta baten istorioa kontatzen du: elkarrekin bizi dira, eta ez dute harremanik beste inorekin. Ortegak Horizontes saria irabazi zuen Zinemaldiko iazko aldian.
Hlynur Palmason zuzendari islandiarra ere saritua izan zen Donostian, duela bi urte; hain zuzen ere, Zabaltegi-Tabakalera saria eman zioten orduan aurkeztutako Nest filmagatik. Urte horretan bertan, gainera, epaimahai ofizialeko kide izan zen. Oraingoan, berriz, Johanna af örk / Joan of Arc lana estreinatuko du. Zaldun baten itxura duen figura bat sortuko dute pelikulako protagonistek, eta geziz josi. Pertsonaia bakoitzaren sorkuntza prozesua erakutsiko du filmak.
Marta Medina kazetariaren eta Enrique Lopez Lavigne ekoizlearen lehen proiektua izango da kategoria horretako azken estreinaldia: El último arrebato / The Last Rapture.

Igor Bezinovic zinemagile kroaziarraren Fiume o morte! ez-fikziozko film luzeak itxiko du aurten Zabaltegi-Tabakalera saila. Bezinovicek zuzendu duen hirugarren lana da, eta Tiger eta Fipersci sariak eskuratu ditu aurten Rotterdamgo lehiaketan (Herbehereak). Gabriele D'Annunzio poeta italiarrak Kroazia eta Italia arteko Fiume hiria okupatu zuenekoa du hizpide pelikulak. 1919ko irailaren 12an eraso zion D'Annunziok hiri horri, Italiako lurralde bihurtzeko helburuarekin, eta setioak hamasei hilabete iraun zuen.
Okupazio militarrarekin lotura du Juanjo Pereira Paraguaiko zuzendariaren lanak ere. Hain justu, Alfredo Stroessnerrek herrialde horretan ezarritako diktadura militarrari buruzko film luze bat aurkeztuko du Zinemaldian: Bajo las banderas, el sol. Lehen lana du, eta Fipresci saria jaso zuen Berlinaleko Panorama Dokumente sailean, eta Nazioarteko Lehiaren Sari Nagusia Zinema Independentearen Buenos Airesko Jaialdian.
Beste lan saritu batzuk
Nazioarteko jaialdirik garrantzitsuenetan sarituak izan diren beste lan batzuk ere emango dituzte Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean. Batetik, Harris Dickinson Triangle of Sadness eta Baby Girl pelikuletako aktoreak zuzendutako Urchin filma emango dute. Frank Dillan du protagonisa pelikulak, eta etxerik ez duen gazte baten istorioa kontatzen du. Fipresci saria jaso zuen Cannesko zinemeldiko Un Certain Regard sailean.
Lucile Hadzihalilovic zuzendari frantziarra hirugarrenez izango da aurten Zabaltegi-Tabakaleran, eta La tour de glace / The Ice Tower pelikula aurkeztuko du. Ukitu ilunak dituen ipuin bat da, eta neska umezurtz bat seduzitzen saiatuko den aktore misteriotsu bat du protagonista. Gaspar Noe aktore eta zinemagile polemikoa izango da interpreteetako bat. Film horrek ekarpen artistikoaren Zilarrezko Hartza eskuratu du Berlinalen, baina aurretik beste aitortza batzuk ere egin dizkiote Hadzihalilovici: New Directors saria jaso zuen Innonce film luzeagatik, eta Zinemaldiko Sail Ofizialeko Epaimahaiaren Sari Berezia eman zioten bitan, Evolucion eta Earwig lanengatik.
Sophy Romvari zinemagile kanadarrak ere arrakasta handia izan du nazioartean. Hain zuzen, Zinemaldiaren 73. aldian erakutsiko duen Blue Heron film luzea Locarnoko (Italia) jaialdian saritutakoa da; Concorso Cineasti del Presente saileko Swatch Firest Feature Award saria eman dio, zehazki. 90eko hamarkadan girotuta dag Blue Heron, eta Vancouverko (Kanada) etxe batera bizitzera doan Hungariako migratzaile familia baten esperientzia du hizpide.
Sho Miyake zuzendari japoniarrak, berriz, Tabi to Hibi / Two Seasons, Two Strangers film luzea aurkeztuko du. Pelikulako pertsonaia nagusiek topo egingo dute uda hasi aurretik eta negua amaitu ostean. Filmik onenaren Urrezko Lehoinabarra irabazi du aurten Locarnoko festibalean.