Jazz izarrak eta San Ignazio, aurrez aurre

Jose Luis Lanzagortaren 'Jazz Prints' laminen bilduma eta Santos Bregañaren 'Ignite' erakusketa batu ditu Ekain galeriak, Donostian

Ezker-eskuin, Jose Luis Lanzagorta eta Santos Bregaña, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Heltzear dira Jazzaldiko egunak Donostiara. Motorrak berotzen hasi dira hirian, eta girora batu da Ekain Arte Lanak galeria Jose Luis Lanzagortaren Jazz Prints bildumarekin. Hamasei jazz musikariri eskainitako lamina bana biltzen ditu erakusketak, eta «omenaldi bikoitza» izan nahi duela azaldu du egileak: hamasei jazz musikariak ez ezik, 1950eko Blue Note Records jazz zigilu klasikoa ere omendu nahi izan du. «Editatu zituzten musikari handien lanek ez ezik, haiek egindako azalek ere sekulako prestigioa dute», egin du azpimarra. Azal haietan oinarritu da Lanzagorta laminetako batzuk egiteko, baina, oro har, «interpretazioak» direla azaldu du, jazz musikari bakoitzaren mundutik egindako interpretazioak. Segidakoak dira, zehatz, iruditara eraman dituen musikariak: Charlie Parker, Billie Holliday, Gerry Mulligan, McCoy Tyner, Milt Jackson, Chet Baker, Miles Davis, Keith Jarrett, Dizzy Gillespie, John Coltrane, Duke Ellington, Bill Evans, Bud Powell, Herbie Hancoc, Dexter Gordon eta Thelonious Monk.

Begiaundi Press zigilua darama erakusketak, eta Lanzagortarenproiektu pertsonala da. Duela lau urte sortu zuen, eta eskuz diseinatu eta inprimatzen ditu bertan egiten dituen lan guztiak. «Prentsa tipografikoaren teknika» erabiltzen du, offset-aren aurrekoa. «Prentsa plano-zilindriko bat dut; bertan jartzen ditut motiboak edo tipografiak, tinta bota, eta banan-banan, presioa eginez inprimatzen ditut. Grabatu bat bezala», zehaztu du. Jazz atmosfera ez ezik, teknika horrek ere biltzen ditu Ekainerako propio sortu dituen lanak.

Diseinatzaile grafikoa da ofizioz Lanzagorta, eta haren izena daraman estudioak egin du, hain justu, aurtengo Jazzaldiaren kartela. Beste zenbait urtetakoak ere egin izan dituzte, eta 1989tik aurten arte egindako 11 lanak ikusgai daude atzotik Altxerri jazz klubean, Donostian.

Zalea soilik ez, musikaria ere bada Lanzagorta. Besteak beste, Amor a Traicion eta La Buena Vida taldeetan aritu zen, eta Amateur taldeko kidea da egun. Bada, aurtengo jazzaldian emanaldi bat eskainiko dute: hilaren 27an, iluntzeko bederatzietan.

Ekain galeriak ere prestatu du kontzertu bat jaialdiaren aurreko egunetarako. Bihar eguerdian izango da, 12:30ean, eta Paul Sal Martin eta Lutxo Neira arituko dira Jazz Vermut saioan.

Suak zizelkatuta

Lanzagortaren koadroen atzean,galeriako apal batean atondu du Santos Bregaña artistak bere erakusketa. Ignite izena jarri dio proiektuari, eta brontzezko hamabi piezak osatzen dute. Elementu bat hartu, eta hari tiraka nora hel daitekeen ikusiz garatzen ditu lanak Bregañak, eta Ignazio Loiolakoa izan du ardatz. «Duela 500 urte, Iñigo Lopez Rekalde bala batek zauritu zuen. Santuen liburuak irakurtzen hasi zen orduan, eta hala bihurtu zen San Ignazio», azaldu du artistak. Haren istoriotik adar asko agertu zaizkiola aipatu du, eta horietatik «norbere burua garaitzearen ideia» zaiola interesgarri. Iruñeko Zitadelan egin zuten instalazio batean dute jatorria eskulturek. 1956an Erroman hil ondoren San Ignaziori egin zioten maskara dute oinarrian. Hura digitalizatu eta aurpegi molde horrekin hamabi kandela egin zituen Bregañak. Su eman zien gero, «zoriak» kandelari forma eman ziezaion utziz, eta horiek brontzezko bihurtu zituen azkenik. Horren emaitza da erakusketa. «Suaren bidez garaitzen du bere burua San Ignaziok; militar izatetik santu izatera suak eraman zuen, eta hemen suak zizelkatu du bera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.