Kritika. Gasteizko 48. Jazzaldia

Jazza Gasteiz berpiztera itzuli da

Move laukotea. MOVE
Move laukotea. MOVE
2025eko uztailaren 16a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

MOVE

Lekua: Europa biltzar jauregia. Eguna: Uztailaren 14a.

Beste urte batez, Gasteizko Jazzaldia abian da berriro, eta indarrez ekin dio jaialdiari. Aurtengo izen handiak Al Di Meola, Kenny Barron, Jazzmeia Horn eta Toquinho dira, baina nabarmentzekoa da, halaber, Yamandu Costa Gasteizera itzuliko dela. Egunak dira kaleak jazz erritmoaren ukitua sumatzen hasiak direla. Eta hiritarrek, urtero legez, Jazza Kalean eta Jazz Up! formatuez gozatu dute, otordu aurreko mokadutxo gisa.

Aurtengo Jazza Kuadrillan egitasmoak Erriberabeitiara eraman du jendea, Velasquartet eta Triz Quintet ikustera. Jazza Parkean, berriz, jaialdiaren aurreko asteburuan izan da berriz; egun osoan hainbat kontzertu izan dira Prado parkeko eszenatokian. Entzuleek tokiko musikari ugariz disfrutatu bazuten ere, Rambalaya rock-and-roll eta soul talde katalanak lortu zuen parkeko bisitariak guztiz zutitzea. Jonathan Herrero abeslariaren ahotsa izan zen horren erantzule nagusia, zalantzarik gabe.

Aurtengo beste berezitasun aipatuenetariko bat egoitza aldaketa izan da: kontzertu batzuk Europa Biltzar Jauregian izango dira, Principal antzokia berritzen ari baitira. Jaialdiari irekiera ofiziala Move kolektiboak eman dio, baita egoitza berriari jazz bataioa ere.

Iñigo Ruiz de Gordejuela (pianoa), Alberto Arteta (saxoa), Borja Barrueta (bateria) eta Javier Callenek (kontrabaxua) osatzen dute taldea, eta bigarren lana aurkeztera etorri dira. Momentum izeneko diskoak komunikazio emozionala lantzen du, pieza bakoitzaren egilearen testuingurua baliatuta, lau kideek hartu baitute parte konposizioan.

Taldearen lehenengo laneko (Move) kantak ere jo zituzten; Vital Fundazioan grabatu zuten disko hura. Lan horretako pieza ikusgarriena, beharbada, Del rigor en la Ciencia da, baina ikusgarria da, era berean, lan berriko Sorioneku pieza, zeinetan Irulegiko eskua aintzat hartzen duten; entzunerrazak dira, eta erreferentziaz beterik daude biak.

Kontzertuak aurrera egin, eta lau kantaz osatutako blokera jo zuten: pieza bakoitza taldekide batena zen, eta horietako bakoitzak bere konposizioa aurkezteko solo bat baliatu zuen hasieran. Ideia originala eta arina izan zen, eta bizitasun handia eman zion kontzertuari. Gainera, egitura kolektiboa azpimarratu zuen, horixe baita taldearen nortasun ikurra. Beste kanta bat azpimarratzearren, Nadia aipatu behar da, Ruiz de Gordejuelak alabari idatzitakoa, eta zerrendako abestirik desberdinena, jazz balada modukoa. Kontzertua amaitzeko, Momentum laneko Zubr kantua jo zuten, arina eta energiaz betea; polonieraz bisonte dunbotsa esan nahi du hitz horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.