«Jenioak ez beste guztiak bezala hasi nintzen marrazten, imitazio bidez»

Azaldu du eskulturari ekin ziola premia sentitu zuelako irudia bi planoetatik askatzeko, «ez Oteizaren eraginez»

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2013ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
«Irudimenak, fantasiak eta utopiak blaitutako obra da Basterretxearena», Peio Agirre komisarioaren aburuz. Atzera begirako erakusketa dela nabarmendu du, eta ez antologikoa. «Atzera eginiko errepasoa delako». Eta atzera egin du artistak ere, ohikoa duen grazia eta estilo apal eta dotorearekin bere bizitza markatu duten jazoeren kontaketa egiteko.

Gogoan du ikasle txarra zela, eta etxetik alde egin zuela, 11 urte besterik ez zituela. «Zeelanda Berria izeneko herri baten berri izan genuen, eta bertara joan nahi genuen Ibon anaiak, Jabier Zumalabe lagunak eta hirurok». Baina Sollubera baino ez ziren iritsi. «Bermeo osoa hasi zen gure bila, eta aurkitu egin gintuzten. Etxeratzean, Ibon eta biok jo egin gintuzten. Jabier, ez. Eta galdetu nion: 'Nolatan?' Eta erantzun zidan: 'Gure etxean errepublikazaleak garelako'».

Ordea, ez zen denbora askorik igaro politikak egiazki jo zuen arte. 36ko gerra hastearekin bat, Donibane Lohizunera erbesteratu behar izan zuen Basterretxearen sendiak. Parisen, Picassoren Gernika bertatik bertara ikusteko parada izan zuen. «Artean, 14 urte nituen. Eta adin horrekin, zer nahi duzun ere ez dakizu». Baina lan horrek eta Afrikako hainbat herritako aretoetan ikusitakoek nolabaiteko interesa piztu zuten Basterretxea nerabearengan. Argentinara, Buenos Airesera joan ziren 19 urte zituenean, luze eta gogor jo zuen hainbat eguneko itsas bidaiaren ondoren. Eta Nestleren publizitate bulegoan hasi zen lanean. «Marrazkiak egiten nituen, diseinuak. Eta marrazten hasi nintzen jenioak ez beste guztiak hasten diren bezala, imitatzen». Urte batzuen ondoren, Euskal Herrian zela, irudiak bi planoetatik askatzeko premia sentitu, eta eskulturan aurreneko urratsak egin zituen, xafla bati ebakiak eginez. «Ez nintzen eskulturan hasi Oteizaren eraginez», argitu du. «Ez nituen ibili Oteizak magikoki eta poetikoki urraturiko bide zoragarriak, beste batzuk baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.