Jimmy Cliff Jamaikako reggae musikari ospetsua hil da, 81 urte zituela. Haren emazte Latifa Chambersek eman du albistea, sare sozialetan; jakinarazi duenez, pneumonia baten ondorioz izandako konplikazioengatik zendu da.
James Chambers —horixe zuen benetako izena—1944ko uztailaren 30ean jaio zen, Saint Jamesen (Jamaikan), familia apal batean, eta gaztetatik, musikarako zaletasun eta trebetasun handia izan zuen. 17 urte zituela, Leslie Kong ekoizlea konbentzitu zuen lehen kantuak graba ziezazkion. Orduan kaleratu zuen Hurricane Hattie abestia, bere ibilbide profesionalari hasiera eman zion kanta ospetsua.
Nazioarteko arrakasta 1969. urtean lortu zuen, Jimmy Cliff izeneko estudioko lana kaleratu zuenean. Lan horretakoak dira Many Rivers to Cross, Vietnam eta Wonderful World, Beautiful People kanta entzutetsuak, denboraren poderioz reggae estiloaren klasiko bihurtutakoak. Gerora plazaratu zituen You Can Get It If You Really Want (Goodbye Yesterday, 1970) eta I Can See Clearly Now (Cool Runnings, 1994) abesti gogoangarriak. Erresuma Batura bizitzera joatea mugarri izan zen Cliffen ibilbidean, han reggae eta ska musikaren izar bilakatu baitzen. 2012an Grammy saria irabazi zuen Rebirth lanarengatik.
Bob Marleyrekin batera, Jamaikako reggae musikaririk ospetsuena izan da. Hain justu ere, Jamaikako Merituaren Ordena jasotako musikari bakarrenetakoak dira Marley eta biak.
Musikari moduan egin zen ezagun Cliff, baina zineman ere aritu zen, aktore. 1972an The Harder They Come filmeko protagonista izan zen. Jamaikako zinemaren historian funtsezko filma izan zen hura: Cliffek berak egin zuen soinu banda, eta horrek nabarmen lagundu zuen reggaea Ameriketako Estatu Batuetan zabaltzen.
Besteak beste, Rolling Stones, Elvis Costello, Annie Lennox eta Paul Simon artista ospetsuekin kolaboratu zuen bere ibilbidean. Gainera, Cliffen abestien bertsioak egin zituzten beste askok, hala nola Bruce Springsteenek, Willie Nelsonek, Cherrek, New Orderrek eta Fiona Applek.
Cliffek, halaber, eragin handia izan zuen Jamaikako gizartean eta kulturan, eta hala bere herrialdeko nola Afrikako eskubide sozial eta politikoen alde aritu zen. Haren heriotza dela eta, penatuta agertu da gaur Andrew Holness Jamaikako lehen ministroa: «Haren musikak jendea adoretu zuen garai zailetan, hainbat belaunaldi inspiratu zituen, eta lagungarri izan zen mundu zabalean jamaikar kultura errespeta zedin lortzeko», esan du.