Joan-etorrian dabiltzan hitzak

Martxan da hizkuntza gutxitu edo hedapen urrikoetan sortzen duten idazleen zirkuitua. Beste Hitzak proiektuarekin, beste herrialde batean egonaldiak eginez ari dira garatzen beren literatur sorkuntzak.

Stefan Markovski idazle mazedoniarra eta Imanol Galdos Beste Hitzak proiektuko koordinatzaile nagusia, Donostian. BESTE HITZAK.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Zertan egin dezakete bat egunotan Mazedonian den euskal poeta batek, alderantzizko bidea eginda Euskal Herrira etorritako idazle mazedoniar batek eta Karibeko Curaçao irlatik Irlandarako bidea hartu duen beste batek? Uste baino gauza gehiagotan, ziurrenik. Gehiago ere izango dira, baina lehen elkargunea, honako hau: hizkuntza ez-hegemoniko batean idazten dutela hirurek. Eta bigarrena: Beste Hitzak proiektuko parte hartzaile direla. Egitasmoaren bidez, hedapen urriko hizkuntza bat duen beste herrialde batera bidaiatu dute, hango komunitatearekin harremanetan beren literatur proiektua garatzeko. Sortutako testuak ingelesera eta beste hizkuntza gutxitu batzuetara itzuliko dituzte gero.

Donostia Kulturaren bultzadarekin, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren testuinguruan sortu zen proiektua. Hizkuntza gutxitu edo ez-hegemonikoetan idazten duten egileentzat Europan sorkuntza egonaldien zirkuitu bat osatzea hartu zuten xede sustatzaileek, hizkuntza horietako literaturari nazioartean zabaltzeko aukera emateko eta, horrela, hizkuntza aniztasunaren garrantzia nabarmentzeko. Europako bost herrialdetako beste horrenbeste elkarte-bazkidek parte hartzen dute egun proiektuan, eta horien artetik Donostia Kultura da «liderra». Bost dira parte hartzen duten hizkuntzak ere: frisiera, esloveniera, mazedoniera, irlandera eta euskara. Urtero, lurralde bakoitzak bi idazle beste herrialdeetara bidaltzen ditu, zortzi asteko egonaldia egitera, eta beste herrialdeetako beste bi sortzaile hartzen ditu berean. Orain arte, 34 idazle ibili dira hara eta hona.

Ainara Maia Urroz (Irun, Gipuzkoa, 1976) da idazle horietako bat, eta Mazedoniako Bitola hirian ari da egonaldia egiten. Duela hiru bat aste iritsi zen hara, eta orain artean olerkiak idazten eman ditu egunak, «tokian tokiko inguruneak bustita: Mazedoniako hizkuntza, bizimodua, paisaia, jendea, kultura, historia...». Horretaz guztiaz «jabetu», eta euskarazko olerki bilduma bat osatzea da bere asmoa egonaldian. Mazedonierarekin egingo du jolas horretarako: egunero, mazedonierazko hitz bat aukeratu, eta, hark inspiratuta, euskarazko poema bat idatziko du, bilduma osatu arte. Badu motibazio berezi bat horretarako, BERRIAri azaldu dionez: Txekiako unibertsitate batean euskara irakasle jardun zuen duela hamar urte, eta mazedoniera irakasle bat izan zuen lankide. «Duela lau bat urte zendu zen, baina, haren omenez, olerki bilduma haren lurraldean ondu nahi nuke, hura ere poeta baitzen».

Maia pixkanaka ari da Mazedonia eta haren kultura ezagutzen, eta pozik dago bertan jaso duen harrerarekin. «Hona iritsi eta berehala, alfonbra gorria jarri ziguten bai Frisiako idazle Kan Minno Rozendal etxekideari eta bai niri». Bertako zinema jaialdira gonbidatu dute, eta hiriko kultur etxeko ateak ere ireki dizkiote. Eta uste du beste herrialde batean egoteak eraginik izango duela bere sormen lanean. «Bizitza abentura bat da, eta bidaiatzeak egurasten du bizitza, arnasberritzen eta ikusmira zabaltzen. Beraz, gauza berriak deskubritzeaz batera, ideia berriak etortzea espero dut, bizitzan bezala sortze lanean inspirazioa distraiturik egotearen ondoren baitator».

Mazedonia eta Eslovenia

Maiaren alderantzizko bidea egin zuen Stefan Markovski idazleak (Gevgelija, Mazedonia, 1990). Abuztuaren 11n iritsi zen Euskal Herrira, eta duela pare bat aste amaitu zuen egonaldia. Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) Hugoenea Idazlearen Etxean hartu du ostatu asteotan, eta inguruarekin harremanetan izan da, BERRIAri azaldu dionez. «Inguru ederra da, ariman hiper-sorkuntza eragiten dizuna eta, aldi berean, bakea eta lasaitasuna ematen dizkizuna; dudarik gabe, nahasketa indartsua da hori literaturaren testuinguruan». Hainbat diziplinatako euskal artistak ezagutu ditu denbora horretan, idazleak ere bai tartean.

Eta horrek guztiak eragina izan du bere sorkuntzan. Dozena bat istorio laburretarako ideiak ekarri zituen idazleak buruan, eta horietako bat hasi zen garatzen egonaldian. Horretan dabil orain lanean, baina, uste gabe, beste sormen lan bat ere jaio zitzaion Pasaian. «Hilabete eta erdian bizi izan nuen egoeratik poesia bilduma oso bat sortu zen, naturalki. Datorren urtean Mazedonian argitaratu ahal izatea espero dut». Atzerrirako bidaiak espero gabeko lekuetara eraman du, beraz. «Pentsamendua eremu gorabeheratsuetan barrena dabil, zeintzuetan leize ezezagun ugari dagoen, baina senez dakit horietan barneratzea lehen pauso sendo bat dela adimen sortzailean gordetzen diren altxorrak azaleratzeko. Bidaiatzeak askatasuna esan nahi du, eta askatasuna da artearen odol emaria». Filosofoa eta gidoilaria ere bada Markovski, eta arlo horietan ere eragin dio egonaldiak, bere ustez; filosofia eta poesia erabat uztarturik bizi dituela eta asteotako bizipenek gidoigintzarako ideiak ere eman dizkiotela azaldu du.

Mazedonian hainbat hizkuntza hitz egiten direla eta mazedoniera ofiziala dela azaldu du idazleak. Halere, uste du mazedonierazko literaturak atzerrian zabalkunde handiagoa izateko konpondu beharreko «hainbat arazo sistemiko» daudela. Alde horretatik, ziur da proiektuan parte hartzeak sortzaile gisa hazteko eta harremanak egiteko aukera eman diola. «Uste dut proiektu hau bitartekari bikaina eta emankorra dela. Gainera, hizkuntza gutxituetako egileez ari gara, eta horiei ahotsa emateaz, maiz Europako literaturan gutxi zaindu izan direnak».

Joan-etorriek ez dute etenik, eta, asteon bertan, Bojana Krizanec (Celje, 1973) sortzaile esloveniarra iritsi da Donostiara. Hark ere, Markovskik bezala, zortzi astez hartuko du ostatu Hugoenean. Bere proiektuan, eskultura eta gastronomia uztartu nahi ditu, eta horren berri idatziz eman.

Karibetik Irlandara

Egitasmoa Europa mailako sare bat bada ere, lehen aldiz Karibeko idazle bat ere parte hartzen ari da bertan, Elvira Bonafacio (Curaçao, 1984). Arrazoia: Holandarren Antillen parte izan zela haren sorterri Curaçao uhartea, eta, Herbehereen menpe egonik, Europako partetzat hartzen dela. Papiamentoa du ama hizkuntza, irlako biztanle gehienek bezala. Zenbait afrikar hizkuntzatatik, portugesetik eta gaztelaniatik edan duen kreolera da. «Zailtasunak izan ziren hizkuntza formaltzat onartua izateko, baina, gaur egun, uharteko hizkuntza ofizialetako bat da. Garapen positiboa izan du hogei urteotan», azaldu dio Bonafaciok BERRIAri.

Idazleak iaz plazaratu zuen bere lehen lana. «Nire lana jendaurrean agertzeko beldurra gainditu, eta lehen ipuina argitaratu nuen. Zirraragarria izan zen, nire ametsa baitzen. Ordura begira jarrita, uste dut neure burua Beste Hitzak proiekturako prestatzen ari nintzela oharkabean». Belfasten da, eta beste ipuin batean ari da lanean. «Identitatea eta aniztasuna jorratzen dituen beste istorio labur bat ari naiz lantzen, gai bera ardatz duten beste bi proiektu paralelorekin batera. Horietako bat da gazteekin idazketa sortzailea lantzea. Beste proiektua publiko orokorrarentzat da, eta papiamentoa zein bere kultura sustatzea izango du helburu».

Orain arteko esperientzia «zoragarria» izaten ari dela dio Bonafaciok. «Belfasteko jendea oso lagunkoia eta goxoa da, eta berehala sentiarazi naute etxean bezala». Foras na Gaeilge erakunde bazkideari esker, jende asko ezagutzen ari da; «ez soilik artistak eta idazleak, baita politikariak, hizkuntza irakasleak, etorkinak, kazetariak eta beste jende interesgarri ugari ere». Dudarik ez du proiektuan parte hartzeak sorterriko hizkuntza eta kultura ezagutarazten eta sustatzen lagunduko diola; atzerrian egotea bera pauso bat dela dio, jendeak nongoa den eta zertan dabilen galdetzen diolako. «Besteekin konektatzeko aukera ematen didate galdera horiek, baina baita nire hizkuntzaren eta kulturaren inguruan gauzak kontatzekoa ere».

Jarraitzeko borondatea

Orain arte programak egin duen ibilbideaz balorazio positiboa egiten du Imanol Galdos proiektuaren koordinatzaile nagusiak. Sortutako literatur lanen balioa goraipatu du, baina emaitzari adina garrantzia ematen dio prozesuari. «Proiektua baliagarria izaten ari da herrien, kulturen eta pertsonen arteko harremanak bideratzeko. Elkar ezagutze hori, kulturek elkar aberaste hori bi norabideetan doa, eta denen mesederako da». Uste du egitasmoari «balio erantsia» ematen diola bazkideen arteko trukeez gain beste hizkuntza batzuetako idazleak ere gonbidatu izanak, Bonafacio adibidetzat jarrita. «Programak herrigintza eta kulturgintza ulertzeko modu zabal bat du».

Beste Hitzak, berez, lau urterako proiektu gisa jaio zen, eta, hala, 2019ko apirilean du jarria amaiera. Bazkideen artean, baina, data horretatik harago proiektuarekin aurrera jarraitzeko gogo handia sumatu du Galdosek, eta parte hartzeko interesa azaldu dieten beste hainbat hizkuntza komunitatetako eragileak gehitzeko aukera ere ez du baztertzen. Bilerak egiten ari dira orain, aukerak aztertzeko. Proiektuak orain arte bezala Europako diru laguntzarik lortzen duen jakitea ere garrantzitsua izango da etorkizuna zehazteko. «Jarraitzeko gogoa eta borondatea badugu. Mereziko luke, eta mereziko luke beste kide batzuei zabaltzea ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.