Joanes Illarregi nagusitu da Tafallan, eta, bi izen berrirekin, zehaztua geratu da Nafarroako finala

Zortzi bertsolari hauek izanen dira hilaren 29an Nafarroa Arenan: Joanes Illarregi, Julio Soto, Xabat Illarregi, Eneko Lazkoz, Saioa Alkaiza, Ekhiñe Zapiain, Sarai Robles eta Eki Mateorena.

Joanes Illarregi bertsotan, gaur, Tafallan. IÑIGO URIZ / FOKU
Joanes Illarregi bertsotan, gaur, Tafallan. IÑIGO URIZ / FOKU
Iratxe Muxika
Tafalla
2025eko azaroaren 16a
21:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Listo. Akabo porrak eta aurreikuspenak, idatzita dago dena. Edo ia dena. Txapela zeinek jantziko duen ezin da jakin oraindik, baina jada zehaztu da zer zortzi bertsolari ariko diren hilaren 29an haren lehian. 528 punturekin irabazi du gaur Joanes Illarregi Marzolek Tafallako saioa, eta, finalaurrekoetan parte hartu duen bertsolari bakoitzaren puntuazioa jakin denean, zehaztua geratu da finala. Xabat Illarregi Marzolek egin du bigarren, 516,5 punturekin, eta haren gibeletik kokatu dituzte Josu Sanjurjo Alzuri (486 puntu), Xabier Maia Etxeberria (466 puntu), Amaia Elizagoien Varela (427 puntu) eta Ekain Alegre Gil (425 puntu). Horrenbertzez, zortziok sartu dira finalera: Eneko Lazkoz Martinez, Agoizko saioa irabazita; Julio Soto Ezkurdia, Leitzako saioa irabazita; Joanes Illarregi Marzol, Tafallako saioa irabazita; eta, puntuazioz sailkatuta, Xabat Illarregi Marzol, Saioa Alkaiza Guallar, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Sarai Robles Vitas eta Eki Mateorena Zozaia. Zapiainek eta Mateorenak lehen aldia izanen dute Nafarroa Arenan. 

Arin aritu dira gaurko seiak, baina bakarrak irabazi behar, eta Joanes Illarregik lortu du finalerako pasea. Ale ederrak uzten jardun da hasieratik Xabat Illarregi ere, eta bi horiek nabarmendu dira ia ariketa denetan. Hamabortz bertso osatu behar zituen bertsolari bakoitzak, eta, halako saioek ohi duten eran, zortziko handiarekin hasi dira lanean. Illarregitarrek ondu dute bertsoaldirik borobilena: gazte asanblada bereko bi kide ziren, eta gaua heldu denerako lurrean erreta aurkitu dute aurrez zintzilikatutako sexu askapenaren gaineko pankarta. «Askapenera bultzatu nahi zun/ gure adierazpenak/ baina hostoak soilik ez ditu/ lurreratzen udazkenak/ gau honetako gertakizunak/ nahastu dizkit barrenak/ pentsa esan zer esango duen/ hori egiteko gai denak», erran dio Xabatek, eta etsipenez erantzun Joanesek: «Okerrena da ez dela behar/ urruti begiratzera/ gure barrara joango baitira/ gero trago bat hartzera». 

Zortziko txikian aritzeko, umorezko gaiak eman ditu Zigor Gartzia gai jartzaileak, eta Maia eta Alegre izan dira kantatzen lehenak. Bizilagunak izaki, oporretan den bitartean loreak urezta ditzan eskatu dio Alegrek Maiari. Hogei bat orriko dokumentua prestatu dio azalpenekin, eta hala bota dio Maiak: «Hogei orri luze han/ ta akatsik gabe/ kaktusarentzat ere/ hiru orri daude». Irriz arrazoitu du egindakoa Alegrek: «Zure kaktusa sarri/ ohi denez ihartu/ esperientzia horrekin/ ezin naiz fidatu». 

Tafallako saioa, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU
Tafallako saioa, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU

Elizagoien eta Xabat Illarregi, berriz, gaua pasatzera mendi kaxkora joandako bi lagun izan dira. Elizagoienena izan zen ideia, baina beldurrez da orain, eta lo hartzen duen bakoitzean ernatu egiten du Illarregi. Kexuka hasi zaio laguna: «Lotarako ipini/ genuen ohea/ uste nun baina hori/ zelako hobea/ etxean utzi nula/ despertadorea». Elizagoienek erran dio otso bat ikusi duela, eta erantzun horri buelta eman dio Illarregik: «Joan zaitez berekin/ ta egin burruka/ horrela igual lasai/ lo egingo dut ta». 

Sanjurjo eta Joanes Illarregi aritu dira azkenak ariketa horretan, eta algaraka jarri dituzte entzuleak. Hotel bateko garbitzailea izan da Sanjurjo, eta toallak lapurtzen ari den bezeroa Illarregi. «Sartu eta Joanes/ zelako eszena/ ez zara lehenengoa/ eztare azkena», erran dio Sanjurjok, eta hamar euroren truke isilik gelditzea proposatu dio. Halaxe erantzun dio Illarregik: «Bale, emango dizut/ ta akabo problemak/ nere toallak daude/ busti, zikin denak/ behintzat utzizkidazu/ garbiak daudenak». 

Ofizioka aritzeko hamarreko txikia zuten azkeneko lana, eta, gutxi-asko, guztiek asmatu dute bai tonuan eta bai edukian. Xabat Illarregik eta Alegrek bikote harreman bat eduki zuten, baina eten egin zuten, distantzia zela medio. Urte batzuk pasatu ondotik kafe bat hartzeko proposamena egin dio Illarregik. «Nahiz ta zuk itzultzeko/ daukazun afana/ dena gogoratzea/ ze nolako lana/ distantzia pixka bat/ da nik behar dudana», esplikatu dio Alegrek, eta fin erantzun dio Illarregik: «Bi gauza hartu ditzagun/ azpian aulkia/ lehenik kafea eta/ gero erabakia». 

Tafallako saioa, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU
Tafallako saioa, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU

Gero, biloba eta amona izan dira Sanjurjo eta Elizagoien, eta amatxirekin baratzeko lanak ikastera joateko erabakia hartu du Sanjurjo bilobak. «Liburuak behar ditu/ berriak orriak/ zuk esandako denak/ ongi etorriak/ sustraietatik datoz/ ta fruitu berriak», erran dio, eta begi onez ikusi du Elizagoienek: «Egun batean, Josu,/ joango naiz ta hara/ zu etortzen bazara/ berriz baratzara/ zure amatxirekin/ oroituko zara». 

Binakako lanak bukatuta, ailegatu da bakarka aritzeko ordua. Telelanari buruzko puntu-erantzunekin hiru bertso osatu behar zituzten zortziko txikian, eta gai bati doinu eta neurri librean erantzun behar zioten hurrena. Honela zioen gaurkoak: «Egin diozunaren ondoren, badakizu ez zaituela berdin ikusiko; berdin zaizu». 

Sanjurjoren, Xabat Illarregiren eta Joanes Illarregiren lanak txalotu dituzte gehien, baina guztiek utzi dituzte ale gogoangarriak bidean. Sanjurjok, kasurako, zehaztasunez eta maitekiro josi ditu hiru bertsoak. Ez zen-eta gutxiagorako: parrandara atera, eta biharamunean damutu zaion zerbait egin zuen. «Badakigu holakotan/ nolakoa den alkohola/ ta dantzatzen hasi ginen/ reggaetoia, rokanrola/ eramaten utzi ginen/ ta galdu nuen kontrola». Egindako denak azaldu dizkio bikotekideari, eta barkamena eskatu dio behin eta berriro: «Baina nik neska laguna/ daukat ta gaizki nolabait/ aurpegira esan diot/ hanka sartzen dula nornahik/ eta dena moldatzeko/ egin beharko dut zerbait/ bera gehiegi maite dut/ beste guztia berdin zait». 

Euskarari jarriak

Argi, arin eta zehatz aritu da Xabat Illarregi, eta txalo zaparrada bero-beroa jaso du bueltan egindako lanarekin. Ikasle bat izan da, eta, kurioski, hark eman dio lezioa irakasleari. Euskaraz egiteko erraten diete beti klasean, eta, hain justu, irakasle horietako bat topatu du korridorean gazteleraz solasean. Bikain esplikatu du egoera bigarren bertsoan: «Nik iruzkin bat egin dut soilik/ ez dut erabat juzgatu/ ta zu erderaz zergatik zabiltz/ ta hari begiak askatu/ haserre aurpegiz begiratu dit/ nik erantzuna prestatu/ zu gazteleraz ari bazara/ dastatu eta dastatu/ neri asko ez eskatu/ gero ez esan gure hizkuntza/ denok behar dugu sustatu/ baina bazekin egia zela/ eta ez zaio gustatu». Buelta eman eta gogoetan hasi da lagunarekin: «Gero kartel bat ipiniko du/ gure pareta xumean/ euskaraz soilik ez da egin behar/ euskararen egunean». 

Eta nahi baino egoera errealagoa ekarri du Joanes Illarregik oholtzara. Alokairuan jarrita dauka bigarren etxebizitza, baina turistei eskaini nahi die, eta bota eginen du gaur arte bertan bizi dena. «Aspaldi aitortu nion/ noiz zuen azken eguna/ kontratuak bukatuko/ zuela bere jarduna/ orain turistak nahi ditut/ frantses edo euskalduna/ batez ere diru pixkat/ ekarri behar diguna/ beraz ahaztu etxe honi/ zuk diozun maitasuna/ badakit putada dela/ orain gertatu zaizuna/ nahiz hemen geratzea den/ zuk barrutik nahi duzuna/ nik bilatzen dudana da/ errentagarritasuna».  

Alegre lankide jakin batez aritu da, eta hasieratik esplikatu du ez dutela harreman onik eduki sekula. Gaizki portatu da berarekin, eta agerian utziko du: «Gauza txarrak egin dizkit/ eta gauza txar ugari/ buruan zeozer neukan/ egin beharra aspaldi/ ta probestuta dagola/ nire nagusia adi/ gaizki esaka jardun naiz/ orain ari eta ari/ lana gorroto duela/ geratzen zaiola handi/ eta konbentzituta esan/ diot nik nagusiari». Aditu egin dio lankideak, baina berdin zaio Alegreri, ez delako lehen aldia gertatzen zaiona: «Egongo gara ezer ez/ pasatu balitz bezala». 

Tafallako saioa, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU
Tafallako saioa, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU

Maiak bigarren kantatu du zozketak erabakitako ordenan, eta haur txiki baten aita izan da. Jolas parke batean kokatu du testuingurua, eta hara non den haren arazoa: kolpe bat eman diote alabari, eta negarrez joan zaio besoetara. «Ta ez naiz deus erratera/ berehalakoan ausartu/ aita modernoa bainaiz/ sakonki arnasa hartu/ bortz arte kontatu baina/ ez zaitez tartean sartu». Alabak erantzun bat nahi zuen, baina bertze aldera begira geratu da aita. «Alabari errango diot/ segi toki bat aurkitzen/ nahiz eta saiatzen garen/ nortasun bat eraikitzen/ berez ikasi dezala/ erori eta jaikitzen». 

Azkenik, gai guztiz bertzelako bati heldu dio Elizagoienek. Bikote harreman bat irudikatu du, eta kontatu du bere bizitza zenbateraino baldintzatu duten bikotekidearen tratu txarrek. Erabaki bat hartu beharrean zen, eta hala egin du: «Mina sentitu ta ezagutu dut/ azkenik gune morea/ ta eman didate zure kolpeak/ salatzeko adorea/ merezi baitut bizitza eta/ lagun bat askoz hobea/ zure eskutik probatu baitut/ beldurraren zaporea». 

Lan puntuagarri denak bukatuta eta finala itxita, txapelketari agur erran diote Xabat eta Joanes Illarregi ez bertze bortz bertsolariek; hamar bertsolari gelditu dira finalaurrekoetatik finalera pasatu ezinda. Heldu den astean ez da saiorik izanen, eta hemendik bi aste barru ikusiko dute bertsozaleek elkar, Nafarroa Arenako plaza handian. Finalerako gonbitarekin agurtu ditu entzuleak saioko irabazleak: «Tornilloa jada/ estu-estu dago/ baina oraindik badu/ buelta bat gehiago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.