John Berger (Londres, 1926 - Paris, 2017) XX. mendeko artearen eta argazkigintzaren irakurle zorrotzenetako bat izan zen. Arte kritikak ez ezik, nobelak, poemak eta bestelakoak ere idatzi zituen. Hiru dozena liburu ondu zituen guztira, eta horietarik ezagunena, Zazpigarren gizona, Jean Mohr argazkilari eta giza eskubideen aldeko militantearekin (Geneva, 1925 - Collogne-Bellerive, Suitza, 2018) batera ondu zuen, 1975ean. Liburuak mende erdi bete berri duela, Iñigo Roquek euskaratu du, eta Katakrak argitaletxeak plazaratu.
Langile izengabe bat ardatz hartuta —zazpigarrena dela besterik ez da zehazten—, Europako gizonezkoen migrazioaz mintzo dira Berger eta Mohr. Kronologiari jarraika eta hiru ataletan barrena kontatzen dute 1970eko hamarraldiko prozesu hori: Alde egitea, Lana eta Itzultzea. Emakumeen absentziaz, berriz, estakuru baten gisako aipu bat dago hitzaurrean. Hala dio: «Europako langile migranteen artean, badira bi milioi emakume inguru. Batzuek fabriketan lan egiten dute, askok etxeko zerbitzuan. Haien esperientziari buruz behar bezala aritzeko, liburu oso bat behar genuke. Idatziko ahal da noizbait».
Liburuko testua «telegrafikoa» dela dio Roquek: «Bizipen puskaz osatuta dago, eta datuz eta gogoeta soziopolitikoz hornitua. Migrantearen esperientzia munduaren joan-etorriei lotuta ageri da, eta migrazioak, bestalde, baditu ondorioak mundu horretan ere: giza kapitalik bikainena osten die, gazteena». 70eko hamarkada islatzen badu ere, gaur egungo migrazio mugimenduekin alderatu du Roquek, eta «politikarien eufemismoak» aipatu ditu ordukoa eta oraingoa parekatzeko: «Lehen eskulan gaztea behar zuten, eta orain Yalen ikasitakoak nahi ditugu. Kapitalismo aurreratuan aldatu egiten dira terminoak, baina funtsean gauza bera da».
«Duela 50 urteko liburu hau garaiz iritsi zaigu euskarara. Guri bertatik bertara hitz egiten digu, eta horregatik ere klasiko bat da»
IÑIGO ROQUE Itzultzailea
Alde horretatik ezin pertinenteagoa iruditzen zaio liburuaren mamia Roqueri: «Duela 50 urteko liburu hau garaiz iritsi zaigu euskarara, dudarik ez. Bazeukan lehenago iristea ere, jakina, baina guri bertatik bertara hitz egiten digu, eta horregatik ere klasiko bat da».
Liburuaren alderdi emozionala dela eta, migratzaileei egotzi izan zaizkien okerrak hartu ditu hizpide itzultzaileak: «Nola migranteak prebentzioz gaizkiletzat hartzen diren, nola ukatzen zaizkien identitatea eta sexualitatea, nola produktiboak izan behar duten kanporatuko ez badituzte, nola loaldia duten, presoek bezala, aske izateko eta sorterrira itzultzeko bide bakarra».
Ertz horretatik jo du Katakrak argitaletxeko editore Hedoi Etxartek ere, liburuaren aldeko arrazoiak aletu dituenean: «Idaztea erreskate operazio bat da Bergerrentzat; bestela ahaztuko ziratekeen pasarteak erreskatatzen ditu. Horregatik irakurri behar da 1975eko liburu hau. Hitzak aldatu badira ere, funtsean gauza bera dugulako gure artean. Botere harremanak ez dira aldatu».
«Idaztea erreskate operazio bat da Bergerrentzat; bestela ahaztuko ziratekeen pasarteak erreskatatzen ditu»
HEDOI ETXARTE Editorea
Estatuen arteko banalerroek beti ematen dute zer pentsa, baina, kasu honetan, existitzearekin lotzen dira. Roque: «Mugetan, nor izatetik inor ez izatera pasatzen dira migranteak». Liburuan aurkitutako pasarte bat aipatu du esaldi horren osagarri: «Gure zazpigarren gizona muga pasatzekoa dela, funtzionarioek aurreiritzi hau dute gogoan [liburuan letra larriz emana]: 'Pobreak dirua edukitzea delituaren seinale da'».
Elkarren osagarri
Bergerrek ez zuen irudia testuaren menpekotzat jotzen —ez zen arte kritikari eta margolari alferrik izan—, ezta Mohrrek hitza irudien azpian jartzen ere, eta, hain zuzen, argazkien eta testuaren arteko konplizitateak ematen du arreta liburuan: batak bestea osatzen du, errepikatu gabe. Bien arteko uztarketa azaltzeko eta orrialde jariodunak sortzeko, «neurritasuna» baliatzen zuen Mohrek kontzeptu giltzarri gisa. Bergerrek, berriz, argibide hauek eman zituen Another Way of Telling liburuan: «Argazkia eztabaidaezina da froga gisa, baina esanahiaren aldetik ahula da. Hitzek ematen diote esanahi hori. Eta esanahia konexioetan aurkitzen da, eta ez da posible garapenik gabe».
Munduko Poesia Kaierak bildumako antologiaren ostean, hauxe du bigarren liburua euskaraz Bergerrek. Haren jaiotzaren mendeurrena dela eta, Katakrak argitaletxeak mahai inguru bat egingo du apirilaren 22an, Donostiako Tabakaleran. Bertan, Jone Laspiur aktorea, Iskander Rementeria argazkilaria eta Iñigo Roque bera arituko dira solasean.