Literatura

Jokin Erkorekak poesia soziala eta intimoa bildu ditu 'Odola eta gatza' liburuan

Erkorekaren bigarren poema liburua da, eta edizio lana «bi poetaren arteko elkarlanaren» emaitza izan da: Irati Iturritzak editatu du. Erein argitaletxeak kaleratu du.

Jokin Erkoreka 'Odola eta gatza' poesia liburuaren aurkezpenean, Donostian. JON URBE / FOKU
Jokin Erkoreka 'Odola eta gatza' poesia liburuaren aurkezpenean, Donostian. JON URBE / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
2026ko azaroaren 27a
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Animo, eta egin honekin nahi duzuna». Mezu berri bat posta elektronikoan, eta, hara non, Jokin Erkorekaren izena ageri da bidaltzailearen kutxatxoan: egun batez 160 poema biltzen zituen sorta bat jaso zuen Erein argitaletxeko Uxue Razkinek bere ordenagailuan. Halere, ez zituen berak egin poema sorta horren txukuntze lanak; bi poetaren arteko elkarlan proiektu bat sustatu zezakeela otu baitzitzaion editoreari. Emaitza: Odola eta gatza, Erkorekak argitaratu berri duen poesia liburua, Irati Iturritza poetak editatua. 

«Kontuz honekin, ahots indartsua du. Benetan merezi du haren lanak». Razkini hala eman zion abisua Iturritzak Erkorekaren lehen poema liburua irakurri ostean. 2021ean argitaratu zuen Banda (Erein), Blas de Otero-Bilbo Uria saria jaso zuen lanak, eta, hain zuzen ere, poema liburu hori izan zen, Erein argitaletxeko kideak esan duenez, idazlearen bigarren poema liburua argitaratzeko abiapuntua. Hala, lehenengo argitalpenari eginiko aitortza horretatik abiatuta, Iturritzak idatzi dio bigarren liburuari hitzaurrea; berak egin du poemen aukeraketa, baita edizio lana ere. «Ideia ona iruditu zitzaidan 160 poema horiei forma ematea eta bildumatxo bat osatzea bi poeten arteko elkarlanean», esan du Razkinek. Eta, noski, Erkorekak gustura ekin zion elkarlanari: «Poema batzuetan gehiago nabaritzen da Iratiren eskua, eta beste batzuetan gehiago utzi dio nire ahotsari adierazten. Baina Irati idazle gisa ezagutzen duenak nabarituko du haren eskua».

«Ideia ona iruditu zitzaidan 160 poema horiei forma ematea eta bildumatxo bat osatzea bi poeten arteko elkarlanean»

UXUE RAZKINEditorea

Poema batek ematen dio egitura liburuari; hau da, liburuak ez du ez atal zurrunik, ezta aurkibiderik ere. «Poema hori bereizita zegoen lau edo bost zatitan, eta denak ziren neurri berekoak, aukera estetiko bera zuten», azaldu du Erkorekak. Eta atalak bereizteaz gainera, poema horrek ematen dio izenburua liburuari: «Irakitea ekiditeko,/ odola—/ odola/ eta/ gatza». Hala, Erkorekak lantzen dituen gaiak definitze aldera, Razkini kosta egin zaio sailkapen bakar bat egitea: «Alde batetik, nagusi da poesia soziala, baina gero intimitatean sartzen da». Idazlearen ustetan, ez kategoria bat eta ez bestea ez dira esklusiboak: «Esan izan didate poesiari dagokionez ikusteko interesgarriena norberarekiko borroka dela. Eta uste dut norberarekiko borroka ikus daitekeela ikuspegi makro batetik, eta hor borroka hori bihurtzen dela gizakiak gizartearekiko duen borroka; baina, aldi berean, zenbat eta begirada txikiagoa aplikatu, geroz eta kontu intimoagoak ateratzen dira». Gabriel Aresti aipatu du eredu bezala. 

Eboluzio bat

«Berriz nator/ haragi zatituz/ betiko doinua/ kantatzera/ adorez onartu dut/ porrot ekidinezina/ eta dezepzioan dezepzio/ landuz doa/ neure ingerada». Amuma Piliri dio poema horren izenburuak, baina badaude izenbururik gabekoak eta badago Tolkienen aipu batekin hasten denik ere. Erkorekak eboluzio bat sumatu du lehenengo liburutik bigarrenera, eta, zehazki, zahartzearen ondorio gisa identifikatu du poemetan muin-muinera jotzeko joera: «Pozik nago poema hauek gordinagoak direlako».

«Uste dut norberarekiko borroka ikus daitekeela ikuspegi makro batetik, eta hor borroka hori bihurtzen dela gizakiak gizartearekiko duen borroka»

JOKIN ERKOREKAPoeta

Iturritzak hitzaurrean dioenez, duela urte dezente irakurri eta entzun zituen Erkorekaren poemak lehenengoz. Ordutik, «bidelagun» ditu bere hitzak, eta Odola eta gatza liburuan jasota daude «altxor» horietako batzuk. Gaztelua poema da Iturritzak aipatzen duen horietako bat: «Eskuekin/ altxatu nuen/ erresuma hau. Bularrean daramat gaztelua,/ egunero ikus dezaten/ koroa kendu nahi didatenek». 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA