Asteburuan jokatu da Arabako bertsolari gaztetxoen eskolarteko finala, eta Jokin Onaindiak jantzi du txapela. 30. aldia zuen txapelketak aurten, eta Aramaioko kultur etxean egin zen finaleko saioa. 14 eta 18 urte bitarteko sei bertsolari aritu ziren kantuan, Peru Abarrategik gidatuta: Jokin Onaindia, Anitz Abarrategi, Garai Agirre, June Astegieta, Maia Ortiz de Zarate eta Urko Lafuente.
Txapeldunari Aroa Arrizubieta Arabako bertsolari txapeldunak jantzi zion txapela. Horrekin batera, egurrezko mikrofono bat eman zion Arrizubietak. Arabako eskolarteko txapeldunak urtean zehar gordea izaten du sari hori, eta hurrengo txapeldunari ematen zaio behin finala jokatuta. Oroigarriez gain, ekainaren 14an Arantzan (Nafarroa) jokatuko den Euskal Herriko eskolarteko finalean abestea zegoen jokoan. Onaindia txapelduna eta Astegieta bigarren sailkatua izango dira Arabako ordezkariak, epaimahaiak hala erabakita.
Erabaki da eskolarteko Xilabako finala
Xilabari dagokionez, Baigorriko Bixentainia aretoan (Nafarroa Beherea) jokatu da asteburuan sailkapen saioa, eta parte hartu zuten hamahiru bertsolari gazteetatik seik lortu dute finalera igarotzea. Hauxe izango da finaleko seikotea: Leina Alkhat, Goizane Etxeberri, Gana Berhokoirigoin, Amaiur Aizpuru, Nahia Etxeberri eta Unax Aizpurua.
Gazte Xilabaren finala ekainaren 7an egingo dute Itsasuko Sanoki gelan (Lapurdi), 10:00etan. Aritz Bidegain Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakariak jantziko dio txapela irabazleari.