Jolas parkean dantzan

Maximo Park eta The Horrors kartelburu dituela, Kutxa Kultur Festibala Donostiako Igeldo jolas parkean egingo da bihar eta etziTokiko taldeak arituko dira agertoki txikian, kontzertu nagusien atsedenaldietan

Maximo Parkeko  taldekideak. BERRIA.
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Errusiar mendiaren errail zarata karrankariaren eta Kosmikar-eko talken artean ospatuko da Kutxa Kultur Festibala bihar eta etzi Donostiako Igeldo jolas parkean. Bi egunez, nazioartean sona handia lortutako musika taldeak entzuteko parada izango da, eta baita parkeko atrakzioetan ibiltzekoa ere. Bihar, Maximo Park kartelburuaz gain, agertoki nagusian izango dira The Raveonettes, The Whip eta Russian Red, azken hori Belle and Sebastianeko kideak lagun dituela. Etzi, ostera, Anari izango da taularatzen lehena, eta haren segidan ariko dira Delorentos, Los Campesinos, Love of Lesbian eta The Horrors, jaialdiko talde nagusia dena.

Izan ere, Britainia Handiko musika panoraman letra larriz idatzi beharreko izena da The Horrorsena. Post-punk eta garage rock generoen artean koka daiteke haien musika. Orain zazpi urte Southenden estreinakoz elkartu zirenetik, ibilbide luzea egin dute, apurka baina etengabe gorantz, eta Skying disko berriarekin eman dute kolpe erabakigarriena. Iaz argitaratu zuten, eta 80ko hamarkadako talde ingeles askoren usainak antzematen dira, tartean Simple Minds, Echo and The Bunnymen eta The Psychedelic Fursenak, beren aldirik alternatiboenean zeudenean.

Maximo Park, ostera, 2000. urtean Newcastlen sortutako indie rock taldea da, Franz Ferdinand eskoziarren musika ildotik gertu dagoena. Erritmo bizkorrak, erraz dantza egitekoak eta bat-bateko melodiak elkartzen dituzte. Post-punk revival eszenako parte dira, The Futureheads, The Rakes eta Bloc Party gisako taldeen modura. Orain zazpi urte, Mercury Prize sarirako izendatu zuten haien A Certain Trigger lana, 300.000 ale saldu ostean. Hurrengo urtean, logika guztien kontra, B aldeko doinuz osaturiko diskoa kaleratu zuten, demoak, eta esperimental kutsuko piezak biltzen zituena. Urte hartakoa salbuspena izan zen, ordea, eta betiko bideari heldu zioten laster. Orain arteko lanik arrakastsuena 2007koa dute, Our Earthly Pleasures idazpurukoa. Atera berri dute disko berria, The National Health.

Danimarkako indie rock bikote bat da The Raveonettes, Sune Rose Wagnerrek (gitarra eta ahotsa) eta Sharin Fook (baxua eta ahotsa) osatua. Egitura sinpleko kantuak egiten dituzte, 50eko eta 60ko hamarkadetako rock taldeetan ohikoak ziren akordeen laguntzaz. Gisa berean, oso instrumentazio elektrikoa erabiltzen dute, The Jesus and Mary Chain gogorarazten duena, besteak beste. Hitzak, ostera, ilunak dira oro har: krimenak, drogak, hilketak, suizidioak, maitasuna eta gisako gaiak lantzen dituzte. Jakob Hoyer Rolling Stone aldizkariko editoreak aurkitu zituen, eta hark idatzitako kritika on bati esker, diskoetxe askok agertu zuten haien lan bat argitaratzeko interesa. Bost disko dituzte kalean, eta berrienean, iaz ateratako Raven in the Grave-en, kantu ilunagoetara jo dute, betiko melodia alai eta itsaskorretatik aldenduta.

Manchesterko pop argia egiten du The Whip taldeak, dantza eta doinu alaiaren arteko fusioa. Wired Together eta Movement diskoetan nabarmen antzematen da Primal Scream eta Happy Mondays moduko erreferentzien eragina. Indie rock, dance punk eta electro house techno esparruetan sartzen dira beren askotariko doinuak.

Nola heldu, eta beste

Jaialdiak tokiko taldeak ezagutarazteko gune ere izan nahi du, eta hala, talde nagusien kontzertuak hasi aurretik, eta horien atsedenaldietan, Gipuzkoako hamar taldek joko dute agertoki txikian. Kutxa Kultur Musika 2012 erakustaldian 60 talde baino gehiagok eman zuten izena, eta horietatik hamar hautatu dituzte Igeldon jotzeko: Muturbeltz, Inra, Anai Arrebak, Gora Gora Kids, Wilhem and The Dancing Animals, Naica, Patta ta Sendaezinak, Lolas Club, Correos eta Peachy Joke. Horiez gain, Revolutionary Brothersekoek reggae musika jarriko dute Alaia jatetxeko aparkalekuan, bi egunean.

Bi modu izango dira Igeldoko jolas parkera arribatzeko: funikularra hartzea —bost minututik behin irteten da, 22:00 arte—, eta lineako autobusean joatea —Igeldora doan 16 zenbakiduna—. Sarrerak eskuragarri daude oraindik, 10 eurotan, www.kutxakulturfestibala.com helbidean. Jolas parkean otorduak egin ahalko dira, eta taberna zerbitzua ere egongo da, eguneko 24 orduetan. Bestetik, antolatzaileek esan dute familiei begira ere antolatu dutela jaialdia, eta deia egin diete gurasoei, seme-alabekin joan daitezen jolas parkera. Gauzak errazte aldera, haurtzaindegi bat ere izango da, parkeko Piraten Txalupan, 18:00etatik 23:00etara. Zerbitzua erabili nahi duenak ezinbestekoa du aipaturiko webgunean erreserba egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.