Itsasoaren ahutzak komikiak lehen begi kolpean ematen dio irakurleari pista bat barruan zer aurkituko duen argitzeko. Gorria, beltza eta zuria dira nagusi azalean, baita liburuaren barrenean ere. Eta, Antxiñe Mendizabal Elkarreko editorearen ustetan, istorioak ere badu hiru kolore horietatik. Beltza: «heriotza ilun baten kontakizuna» delako; gorria: «indarkeriaren gorritasuna» igartzen delako; eta zuria: egileek «zuria beltzaren gainean» jartzen dutelako kontakizunaren bidez. Jon Alonso idazleak eta Adur Larrea marrazkilariak ondu dute Itsasoaren ahutzak lana, eta Elkar argitaletxearekin kaleratu berri dute.
2020an, Naparra, kasu irekia liburua (Elkar) kaleratu zuen Alonsok. Joxe Miguel Etxeberria Naparraren desagerpena du ardatz liburu horrek. 1980ko ekainaren 11n desagertu zen; Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea izan zen, eta errefuxiatuta bizi zen. Hura desagertu eta egun batzuetara, Batallon Vasco Españolek bere gain hartu zuen hilketa, baina, ordutik 46 urte pasatu diren arren, oraindik ez dute aurkitu haren gorpua, eta zergatik hil zuten ere argitu gabe dago. Hori guztia jasotzen duen liburua idazteko, ikerketa lan «sakona» egin zuen Alonsok, hainbat militanterekin eta kasua xeheki aztertu zutenekin hitz eginda; guztira 35 elkarrizketa inguru egin zituen. «Gaiaren tratamendua aski periodistikoa izan zen; errealista, zentzu zorrotzean».
«Kontakizun beltz klasiko baten antzera hartzen dut liburua»
JON ALONSO Idazlea
Jasotako material horrekin guztiarekin, baina, zerbait gehiago egin zezakeela pentsatu zuen idazleak, eta gaia fikzioaren bidez lantzea bururatu zitzaion. «Ez dakigu zehazki zer gertatu zen, hipotesiak daude, eta fikzio gisa tratatzeko aukera dago». Horiek horrela, idazlea lanean hasi zen. Lehenengo, ikus-entzunezko bat egiteko asmoa izan zuen, eta Larreari storyboard bat egiteko eskatu zion —ikus-entzunezko baten planoen segida bat da, marraztua sarritan—. Alonsok, ordea, segituan baztertu zuen ideia hori, eta komiki bat egitea erabaki. Horrela hasi zuen harremana marrazkilariarekin.
Izenik ez
Naparraren desagerpena baino apur bat lehenago hasten da Itsasoaren ahutzak; Hendaian, 1979an. Eta 2014an amaitzen, Genovan (Italia). Hain zuzen, 2014an, Nazio Batuen Erakundeak kasuaren nondik norakoak aztertu zituen, eta Naparra indarkeriazko desagertze baten biktimatzat hartu. Hori dela eta, kasuak ez du preskribatuko harik eta gorpua agertzen den arte.

Kontakizun osoan, hasi eta buka, ez da pertsonaien izenik agertzen. Larrearen erabakia izan da. Idazleak azaldu duenez, horrek ez du irakurlearen ulermena baldintzatuko, istorioa erraz ulertzen baita; are, «oso erabaki egokia» da, haren aburuz. Horren harira, goraipatu egin du marrazkilariak irudiak sortzeko egindako lana ere: «Argi-itzalen jokoak, koloreek... atmosfera berezia ematen diote kontatzen den istorioari». «Istorioak eraman nau horrela egitera», erantzun du, apal, Larreak.
Alonso: «Kontakizun beltz klasiko baten antzera hartzen dut liburua». Egileak Jean Patrick Manchette idazlearen nobelagintzaren zantzuak ikusi dizkio komikiari. Marrazkilariaren ustez, «fikzioaren trataera zinematografikoa» da egin dutena, Alonsoren gidoiak ikus-entzunezkoetarakoen kutsu handia baitzuen: «Bion artean moldatu dugu, komiki formatura eramateko».