Durangoko 57. Azoka. Sormen beka

Jon Ander Urrestiren 'Eucalyptus' proiektuak irabazi du sormen beka

Eukaliptotik abiatuta, «lurren eta bizitzen kudeaketari» buruzko lan bat sortuko du, antzerkiaren eta dantzaren arteko «poetika» baten bila

Jon Ander Urresti, atzoko ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Andoni Imaz.
Durango
2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Naturaren paisaiak balio du paisaia humanoaz aritzeko, Jon Ander Urresti aktorearen ustez. Eukaliptoa paisaiaren parte nabarmen bihurtu da azken urteetan, eta horrek pentsarazi dio sor dezakeela gizarte gaiei buruzko lan bat, zuhaitz horretatik abiatuta. Hori da Eucalyptus proiektua, eta hari eman diote Durangoko Azokaren bosgarren sormen beka. Atzo goizean egin zuten aurkezteko ekitaldia, Durangoko San Agustin kulturgunean.

Aktoreak 15.000 euroko diru laguntza jasoko du, Durangoko Udalak babestutakoa, eta urtebeteko epea izango du proiektua gauzatzeko: Durangoko 58. Azokan erakutsiko du. Gaur aurkeztuko dute iazko lan irabazlea: Ibai Aizpurua diseinatzaile eta programatzailearen Barraka abentura bideojokoa.

Ekitaldian parte hartu zuten Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak, Neskutz Rodriguez zinegotziak, Urrestik eta epaimahaikide batzuek. Hauek izan dira taldean: Oier Guillan aktorea, Leire Vargas idazlea, Jon Maia dantzaria, Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko zuzendaria eta Aurelie Pousset Hendaiako kultur programatzailea (Lapurdi).

Oraindik «promesa» bat baino ez den arren, Urrestik argi ditu bere asmoak: «Eukaliptoa aitzakia hartuta, gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruzko zalantzen inguruan hausnartu nahi dut». Eukalipto hitzak «ondo estalia» esan nahi omen du grekoz. «Eta ondo estali ditu basoak, bai, batez ere Bizkaian, baina Gipuzkoan eta Araban ere bai. Eta estali ditu, batez ere, gatazkez. Askoren ahotan dabil eukaliptoa, baina gutxitan edukitzen dugu plazan iritzi bat sortzeko aukera».

Zuhaitzaren ezaugarriek egiten dute gogoetarako apropos, aktorearen esanetan. «Kanpotik ekarritako espezie bat da, immigrante bat, bere gaitasunak esplotatzeko ekarria. Arin hazten da, egur arina ematen du, papera sortzen du... Eta Durangoko Azoka liburuen azoka bat izanik, horrek badu bere zera». Euskal Herriko ekosistemara ondo egokitu denez, paradoxa bat ere sortu da, haren esanetan: «Esplotatzeko ekarri dugu, eta berak esplotatu ditu gure lurrak».

Bestalde, uste du gai horretan ere islatzen direla gizarte gaiei buruzko diskurtso batzuk: «Kanpotik langileak ekarri, eta, gainera, diskurtso bat garatu esanez gure miseriak euren kulpa direla». Eukaliptoa horiei buruz hausnartzeko metafora bat izango da. Esaterako, eukaliptoaren monolaborantza lehenetsi izana totalitarismoaren ideiarekin lotu du: «Ideia baten errepikapenak arazoak izan ditzake. Faxismoak, adibidez, boto asko lortzen ditu ideia sinpleak behin eta berriz errepikatuz».

Ezustea eta ezinegona

Urrestik azaldu du bere ibilbidean landu izan dituen tresnak erreskatatuko dituela lan berri hori sortzeko, eta antzerkiaren eta dantzaren arteko «poetika bat» bilatuko duela. «Gustatzen zait antzerkiaren konkrezioa, publikoa erlaxatzeko ere balio duelako, eta dantzaren abstrakzioa, lekua uzteko jendearen diskurtsoa garatu ahal izateko». Sortze prozesua ikerketa baten gisa irudikatzen du, esploratzeko espazio baten antzera, gorputzetik eta asmo horietatik abiatuta.

«Ezustea, ezinegona eta harridura». Vargasek eta Maiak hitz horiek erabili dituzte, epaimahaiaren izenean, proiektuak eragin dien zirrara adierazteko. «Hain zuzen ere, planteamenduak gugan sortu duen mugimendu hori publikoarengan ere sor lezakeelakoan gaude». Esan dute lanaren alderdi batzuek «arrastoa» utzi dietela: «Eukaliptoari emandako balio metaforiko aberatsak, eta bertatik abiatuta gaurkotasunari lotutako hainbat gai jorratzeko testuinguru berezia sortzeko gaitasunak».

Era berean, Urrestik berak egin bezala, nabarmendu dute antzezleak ez duela aurkeztu «ideia itxi bat», eta baloratzeko modukoa iruditu zaie hori: «Garai nahasi hauetan, prozesu bat garatzeko proposamenean jartzea arreta, eta ez emaitza seguruetan».

Mujika pozik aritu da, urtero sortzaileei «plaza eta ahotsa» eskaintzeaz harro. Kulturaren garrantzia azpimarratu du Rodriguezek: «Ez dira garai errazak izan kulturgintzarako, eta sortzaileek erakundeon babesa behar dute aurrera egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.