Literatura

Jon Fosse idazle norvegiarrak irabazi du Nobel saria

Nobela, narrazioa, haur literatura eta saiakera landu ditu, baina, batik bat, antzerki lanek bihurtu dute idazle ezaguna.

Jon Fosse, 2019an, Madrilen. ARMANDO BABANI / EFE
mikel lizarralde
2023ko urriaren 05a
13:22
Entzun

Jon Fosse (Haugesund, Norvegia, 1959) idazleak irabazi du 2023ko Literaturako Nobel saria. Suediako akademiak gaur eguerdian eman du erabakiaren berri; nabarmendu du idazlearen obra «berritzailea» dela, eta «esan ezin denari ahotsa» eman diola. «Giza kondizioa da haren obraren gai nagusia, generoa edozein dela ere, eta gure bizitzetan berehala antzeman daitezkeen eguneroko egoerak aurkezten ditu», gaineratu du akademiak.

Fossek 1983an argitaratu zuen bere lehenengo eleberria, Raudt, svart (Gorria, beltza), eta, orduz geroztik, prosazko hamaika lan idatzi ditu, hala eleberriak nola narrazio bildumak. Nolanahi ere, antzerkirako idatzitako obrek eman diote nazioarteko ospea. 1994koa du lehendabizikoa, Og aldri skal vi skiljast, eta hogeitik gora idatzi ditu ordudanik. Haren obra dramatikoa mundu osoko antzokietan eraman dute oholtzara, eta milatik gora dira Fosseren lana ardatz izanda egin diren antzerki ikuskizunak.

1901. urtean eman zuten aurrenekoz Literaturako Nobel saria. Urte hartan, Sully Prudhomme poeta frantziarra saritu zuen akademiak, eta, orduz geroztik, 116 aldiz eman du saria. Horietatik 17 besterik ez dira emakumeak izan. Azken hamarkadan, baina, parekideak izan dira sariak. Bost emakumek (Alice Munro, 2013; Svetlana Aleksieitx, 2015; Olga Tokarczuk, 2018; Louise Gluck, 2020; eta Annie Ernaux, 2022), eta bost gizonezkok (Patrick Modiano, 2014; Bob Dylan, 2016; Kazuo Ishiguro, 2017; Peter Handke, 2019; eta Abdulrazak Gurnah, 2021) irabazi dute saria.

Fosseren literatur lanak berrogei hizkuntza baino gehiagotara daude itzulita; orain arte, ordea, ez da haren lanik euskaratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.