Jon Kortazarrek liburu bakarrean bildu ditu Lauaxetari buruz azken urteetan idatzitakoak

Ikerlariak idazle horri buruz egin zuen doktore tesia 80ko hamarkadan, eta geroztik han eta hemen argitaratutako artikuluak elkarrekin eta euskaraz eman nahi izan ditu orain. ‘Esteban Urkiaga Lauaxeta. Poesia, artea, ideologia’ deitu du argitalpena.

Jon Kortazar —lehena— Lauaxetari eskainitako liburuaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Jon Kortazar —lehena— Lauaxetari eskainitako liburuaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko ekainaren 25a
15:36
Entzun 00:00:0000:00:00

«Lauaxeta poeta neobarroko eta, beharbada, [pentsatzeko eten baten ostean] garbi bezala aztertu izan dut, baina orain argiago ikusi dut zer lotura estua dagoen haren testuen eta garai hartako politikaren eta orduan izan zituen eginkizunen artean». Justu gaur bete dira 88 urte 1937ko ekainaren 25ean Esteban Urkiaga Lauaxeta fusilatu zutenetik, eta Jon Kortazar EHUko Euskal Literaturako katedradunak horregatik hautatu du gaurko eguna hari eskainitako liburua argitaratzeko. Hari buruz idatzi zuen doktore tesia, 80ko hamarkadan, eta azken urteetan han eta hemen hari buruz argitaratu dituen hainbat artikulu bildu ditu orain Esteban Urkiaga Lauaxeta. Poesia, artea, ideologia izenburupean. Pamiela argitaletxeak eman du argitara, eta, besteak beste, Lauaxeta poetikoaren eta Lauaxeta politikoaren arteko lotuneak nabarmendu ditu berrikuntza modura aurkezpenean.

«Dana emon biar yako/ matte dan azkatasunari». Lauaxetaren «esloganik» ezagunena daraman poema aipatu du Kortazarrek haren literaturaren eta jarrera politikoen arteko gertutasunaren frogatzat: Mendigoxaliarena, hain zuzen ere. «Lauaxetaren testuen edizio bat prestatu genuen Miren Billelabeitiak eta biok, eta haren poemen sorkuntzen data eta Euzkadi egunkariko albisteen datak konparatu genituen. Eta lotura automatikoa zen. Emiliano Pajares mendigoizalearen heriotzaren albistea ateratzen da egunkarian, eta handik gutxira agertzen zen Lauaxetaren poema. Lotura hori ikusita geneukan, baina orain Lauaxetaren nazioari eta literaturari buruz idazten aritu naizeanean, are argiago eta garrantzitsuago ikusi dut».

Aurrez ere, Euskal Herritik kanpoko aldizkari zientifikoetan eman izan ditu argitara liburuan gehitzen diren artikulu gehienak, eta orain guztiak batzea eta euskaraz ematea erabaki du egileak. Azaldu duenez, kanpoan egindako lan hori guztia «etxeratzeko» beharra sentitu du, eta horri erantzunez osatu du liburua.

Bizi izan zuen testuinguruaren ispiluan aztertu du Lauaxeta liburuaren lehen ataletan. Jesus Guridiren El Caserio zarzuelaren parean aztertu du horretarako haren poesia, bai eta Aureliano Artetaren koadroen ondoan ere. Lizardirekin batera aurkeztu du Lauaxeta beste artikulu batean, eta garai hartako ideologia abertzaleak Lauaxetaren eta Lizardiren obran izandako eraginari buruz ere idatzi du. «Bai Lizardik eta bai Lauaxetak poesia egin nahi dute nazioa egiteko».

«Bai Lizardik eta bai Lauaxetak aldaketa bat planteatzen dute poesian, baina sinbolistentzat helburua bikoitza da: poesia aldatzea eta mundua aldatzea. Eta mundua aldatu, nazio bat eraikiz»

JON KORTAZAR EHUren Euskal Literaturako katedraduna

Eta, aurkezpenean zehaztu duenez, sinbolismoarekin lotuta dago hori Kortazarren hitzetan. «Poeta sinbolistek, bai Lizardik eta bai Lauaxetak, aldaketa bat planteatzen dute poesian, baina sinbolistentzat helburua bikoitza da: poesia aldatzea eta mundua aldatzea. Eta mundua aldatu, ahal bada, nazio bat eraikiz».

«Santu kulturala»

Baina Lauaxetaren bizitza eta lana ez ezik, azken urteetan eskaini zaizkion omenaldiak ere aztertu ditu Kortazarrek. Eta, hain zuzen ere, azken urteetan lantzen dabilen «santu kultural» kontzeptua baliatu du hori aztertzeko. Ikertzailearen hitzetan, horixe baita Lauaxeta: santu kultural bat. Haren lan poetikoagatik bai, baina baita haren bizitza eta fusilamenduagatik ere, bai eta hil ostean egin zaion aitortza, omenaldi eta berrirakurketa multzo esanguratsuagatik ere. «Kontzeptu horren arabera, guk idazle baten gurtza egiten dugunean, azken finean, gure identitatearen gurtza bat egiten ari gara».

(ID_15089144) (Monika del Valle/@FOKU) 2025-06-25, Bilbo. Jon Kortazarren 'Esteban Urkiaga, lauaxeta
Lauaxetaren senide bat, hari eskainitako liburua eskuan. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Horrez gainera, Kortazarrek liburuaren atal oso bat eskaini dio 2005ean Lauaxetari sorterrian egin zitzaion omenaldia aztertzeari, eta, azken testu batean, gaur egun poetaren izena darabilten ikastola, jatetxe eta joko aretoak ere zerrendatu ditu; tartean, haren izena daraman zerbeza bat ere badago, esan duenez.

Miren Urkiaga ere egon da liburuaren aurkezpenean. Lauaxetaren senide zuzena da bera —poetaren anaiaren biloba—, eta esker ona adierazi du liburuaren argitalpenagatik. «Gaur da haren heriotzaren urteurrena, eta oso garrantzitsua da familiarentzat hari buruzko liburu hau. Izan ere, hain gazte hil zenez, ez daukagu haren ia ezer, eta eskaintzen zaizkion ekitaldi guztiak eta aurkitzen diren idazkietako bakoitza oso-oso garrantzitsuak dira guretzat».

'ORREAGA': Lauaxetaren poema epiko desagertua

Jon Kortazarrek sakon aztertua du Lauaxetaren lana, baina, aurkezpenean aitortu duenez, bada haren testu bat oraindik desagertuta dagoena. «Badakigu, jakin, Lauaxetak Orreaga deitutako poema epiko bat egin nahi zuela edo hasi nahi zuela, baina horren berririk ez dago, eta nik ez daukat. Ez dakit badagoen ere».

Idazlearen biblioteka Euskal Herritik Santanderrera eraman zutela gogoratu du Kortazarrek, eta gero handik Ipar Euskal Herrira joan zela. Ikertzaileak dioenez, baliteke poema hark ere bide hori egin izana, baina liburutegi horren katalogazio lana egin dela ere gogoratu du, eta inon ez dela haren arrastorik gorde. «Lauaxetak idazmakinaz idatzita eramaten zituen orginalak inprentara, eta idazleak inprentara eramandako Arrats beran liburuaren originala agertu zen». Baina Orreaga-rik ez. Oraingoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.