Jone Uriak lortu du Bizkaiko bertso finalerako bigarren txartela

Santurtzin jokatu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalerdia. Bero egon da entzulea, eta bakarkako lanak binakakoak baino aipagarriagoak izan dira.

Jone Uria
Jone Uria kantuan, atzo, Santurtzin, 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren finalaurrekoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
oihana arana
Santurtzi
2023ko azaroaren 19a
05:00
Entzun

Bostehun lagunetik gora bildu ziren Santurtziko Serantes kultur aretoan, atzo, 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalerdia entzuteko. Frontoiko oihartzunetik aretoko besaulkietara igaro zen txapelketa, horrek ez zuen ordea, giroa epeltzea eragin; bero egon zen entzulea. Jone Uriak egin zuen lehenengo eta, beraz, harena izan da Santurtzitik Bilborako txartela. Zazpigarren finala izango du, beraz, algortarrak.

Alde nabarmenarekin irabazi zuen Uriak, oro har, Berrizko lehen finalaurrekoa baino apalxeagoa izan zen saioa. Kontuak horrela, Xabat Galletebeitia eta biak izango dira Miribillan, abenduaren 16an. Momentuz, ezin daiteke beste ezer ziurrik esan. Zabalik dago finaleko atea.

Igor Menikaren atzetik igo ziren bertsolariak oholtzara, nor bere agurrarekin. Finala begietan, baina hankak lurrean, lanerako prest.

Zortziko handian Txaber Altube eta Aitor Bizkarra hasi ziren. Bikotekideak ziren, haien artean su falta nabaritzen zuten azken hilabeteetan, eta Bizkarrak Altuberi esan zion ez zegoela ondo, libidoa baxu zuela eta horri buruz berba egin gura zuela. Gertatzen zaiona zer zen ulertzea kostatu egingo zitzaiola ohartarazi zion Altubek. Hala erantzun zion Bizkarrak: «Bi gazte ero ginen lehenago/ ze garra eta ze sua/ maitale arteko gerra txiki lez/ bizi genduan sexua/ egun dana da amultsutasun/ kariño ta intsentsua/ aspergarria be egiten jat/ gure bake prozesua». Psikologora joateko aukera mahai gainean jarri eta «berriz gerra deklaratzera» datorrela esan zion Altubek. Egoerari buelta emateko proposamen bana eginez amaitu zuten bertsoaldia. Berau izan zen akaso, Bizkarraren ariketarik biribilena.

Aurreko asteko saioaren aldean, bakarkako lanak binakakoak baino aipagarriagoak izan ziren atzo. Puntu erantzunena izan zen, akaso, Mikel Goirienak eta Bittor Altubek ondoen egin zuten ariketa. «Zeri kantau deutsazu/ bertsorik onena?» eta «Kanturako gogoa/ ez da egunero» zioten puntuek. Hala erantzun zuen Goirienak: «Nire amamantzako/ joan zan azkena/ eliza baten danok/ ta mezan barrena/ betiko eskeini neutson/ hari atsedena», eta «Gure eskolan hori/ ez da pasa gero/ beti ibiltzen gara/ hortxe bero-bero/ ez dakit bertso friki/ edo bertso ero». Altubek publikoari eskeini zion bere bertsorik onena: «Inoiz ez dut kantatu/ hori da problema/ baina igual onena/ orain datorrena/ beraz nire bertso hau/ osorik zuena»; eta halaxe bota zuen bigarrena: «Bada nik eduki dut/ irten naizenero/ oilo-ipurdi azala/ ta gorputza bero/ ta gozatu ohi dut zuek/ txalo jo ezkero».

Ondokoa izan zen, bestalde, bakarka hiru bertso kantatzeko ipini zieten gaia. «Barruan gordeta daukozuna ataraten hasi zara. Badakizu gauzak aldatuko direla». Ariketa honetako alerik finenak Txaber Altubek, Uriak eta Unai Mendiburuk utzi zituzten. Bizkarraren bertsoek izan zuten bertsolariak ohiko duen dotorezia, baina gaiari bete-betean erantzun ote zion zalantza gelditu zen.

Izarren hautsa doinuan egin zuen ariketa Altubek. Aitaren aurrean hartutako erabakia azaltzen jarri zuen bere burua. «Parkatu baina oraingoz aita/ zuri ez badizu ardura/ nik ez dut zu izan gura» amaitu zuen lehen bertsoa. Ikasketak utziko zituela esan zuen bigarrenean, eta «bide batetik dena joango da/ onera edo txarrera/ baina neure arabera», biribildu hirugarrena.

Drogak eta psikologoak

Drogetara engantxatuta dagoen pertsona baten papera jokatu zuen Mendiburuk. «Momentu hontan ez daukat garbi/ nork kontrolatzen duen nor» amaitu zuen aurrenekoa; «Nahiz eta segi beharko nukeen/ laguntza zentro batera/ engantxatuta nago zeharo/ noan argi esatera/ nola ez sartu azaltzen baita/ baina ez nola atera» bigarrena; eta, terapiara joateko erabakia hartu zuela esan ondoren, «ez da erraza izango, baina/ saiatzeak merezi du» esanda amaitu zuen ariketa.

Psikologoko kontsultara joan den pertsona baten lekutik kantatu zuen Uriak, estresak eta antsietateak jota, bitzeko gogorik ere ba ote duen zalantzan jartzen duen pertsona baten lekutik. Hala biribildu zuen bertsoaldia: «Nahiz ohituta egongo den/ mila barru arakatzen/ hor dago psikologoa/ adi-adi begiratzen/ oharrak hartu ditu bai/ baina ote da ohartzen/ ez zaidala erreza egin/ egia garbi onartzen/ gauzak aldatuko dira/ esan dit eta hala zen/ nire barrua askatu/ diodalako gaur ozen/ ez metafora ez aitzaki/ egi gordin egi zuzen/ hortarako etorri bainaiz/gauzak aldatu daitezen».

Azken zortzi txapelketetan egindako bideari erreferentzia eginez agurtu zen Uria. «Baina azkenik gaur etxe ondoan/ zeharkatuta ibaia/ nahiz gehiegitan aparte utzi/ gora Baraka! Biba Santurtzi!/ bueno a ver es que basta ya/ hau ere bada Bizkaia» esanda amaitu zuen saioa. Kolpetxoa «uf, gaur Santurtziraino...» pentsatu zuten guztientzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.