Jonkass: «Euskal musikan purpurina gutxi egon da»

Akerbeltz erromeria taldearekin 200 emanaldi baino gehiago egin ondoren, bere lehen diskoa kaleratu du Jon Castañeda 'Jonkass' musikariak: 'Dam'. Paradisu Zinema beka irabazi zuen bere proiektuak.

Jonkass musikaria bere lehen diskoa aurkezten: 'DAM'. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Jonkass musikaria bere lehen diskoa aurkezten: 'DAM'. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Drogazalea. Adarduna. Marikoia. Jon Castañeda Jonkass musikari eta abeslariak lau urtean 200 emanaldi baino gehiago egin ditu Akerbeltz erromeria taldearekin kantuan, eta, dioenez, oholtzara igo zen lehen aldiaz geroztik hamaika bider entzun behar izan ditu hiru irain horiek. Kikildu beharrean, ordea, propio bilakatu ditu hirurak, eta haiekin osatutako akronimoa hautatu du bere abesti propioekin osatutako lehen diskoari izenburua emateko: DAM. Elkar diskoetxeak, EHZ jaialdiak eta Antxeta irratiak Iñigo Muguruzaren omenez antolatutako Paradisu Zinema Beka deialdiaren iazko edizioa irabazi zuen musikariak proiektu horrekin, eta orain eman du argitara osorik. Hamabi kantu biltzen ditu diskoak, eta konplexurik gabe uztartzen ditu runba, reggaetona, funka, disco musika eta balada. «Euskal musikan purpurina gutxi egon da. Orain heldu da, ondo dago, eta jendeari gustatzen zaio».

Jonkass musikariaren Antzoki kantaren bideoklipa.

Jonkass: «Disko honek laburbiltzen du naizena: badagoelako denetarik, eta ni ere horrelakoa naizelako». Disko osoa orain kaleratu dute, baina, aurrez ere, tantaka-tantaka joan dira diskoko hainbat kantu zabalduz. Udaberrian kaleratu zuten Antzokia abestia izan zen lehena, esaterako. Gau giroan kokatutako funk doinu eta erritmoko kantu bat da pieza, eta haren ondoren kaleratu dituzte Alarma Morearekin elkarlanean grabatutako Andaluzia runba, Ane Martinez abeslariarekin batera osatutako Mundaka balada, eta Kepa Junkeraren Bok espok oinarri duen bertsio elektroniko bat izan da azkena, Xabi Solanoren kolaborazioarekin.

Musikariak aitortu du une batez tentazioa izan zuela hamabi abestiak banan-banan single modura zabaltzeko, diskoa osorik kaleratu beharrean. Baina, onartu duenez, abesti bakoitzak bere nortasun propioa duen arren, azkenean badago disko osoa biltzen duen hari bat ere. «Gainera, kontuan hartu behar da ni erromeria talde batetik natorrela, eta horrek asko markatzen du. Erromeria batean denetarik egiten dugu, eta hori gabe ez litzateke disko hau aterako».

«Akerbeltzekin egindako bidean oso pozik nengoen. Ikaragarria izan da noraino heldu den hori guztia, baina artista sentitzeko zerbait falta zitzaidala nabaritzen nuen»

JON CASTAÑEDA 'JONKASS' Musikaria

Erromeria taldearekin beste artisten abestiak jotzen ere gustura aritu dela esan du Jonkassek, baina beste zerbait egiteko beharra ere sentitzen zuela onartu du. «Akerbeltzekin egindako bidean oso pozik nengoen. Ikaragarria izan da noraino heldu den hori guztia, baina artista sentitzeko zerbait falta zitzaidala nabaritzen nuen. Ez nintzen sentitzen artista oso: hau behar nuen».

Aritz Urrutia musikariarekin batera abiatu zuen proiektua Jonkassek, eta, orain, Elkar estudioan grabatu du diskoa. Victor Sanchez izan da ekoizlea, Antton Sarasua eta Dani Venegas estudioko musikariak ere izan ditu ondoan, moldaketak egiteko eta erabakiak hartzeko.

Zuzenekoen erosotasuna

Edonola ere, Jonkassek dioenez, zuzenekoek osatuko dute orain proposamena. «Diskoa ulertu daiteke, baina zuzenekoa ikusita hobeto ulertuko da. Oso lan handia egin dugu kontzertuetarako ere; zuzeneko artista bat naizela uste dut. Hor sentitu naiz beti erosoen».

Azaldu duenez, boskote formatuan arituko dira emanaldietan —«banda estandar klasikoa»—, baina aurrez grabatutako zati elektronikoak ere txertatuko dituzte, eta ikuskizun eta antzerki itxura ere hartuko dute saioek tarteka. Adibiderako, zera iragarri du artistak, oholtzan propio jarriko duten armairu batetik irtenez hasiko dituela kontzertuak. Jonkass arituko da kantuan, eta Naiara Pereda bateria jotzailea, Maialen Cotero gitarrista, Aritz Urrutia baxu jotzailea eta Aurkene Nuñez teklista izango ditu ondoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.