Jose Antonio Arana Martija euskaltzain emeritua hil da bart, 80 urte zituela. Gernika-Lumon (Bizkaia) jaio zen Arana Martija 1931ko martxoaren 10ean, eta erbestea ezagutu zuen oso gaztetan, Espainiako Gerra garaian. Humanitateak eta Musika ikasi zituen Gasteizko apaizgaitegian, eta ondoren, Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziatu zen. Bizimoduan aurrera egiteko hainbat enpresatan lan egin zuen, baina euskara, euskal kultura eta musika izan zituen egiazko bokazio, eta arlo horien sustatze eta ikerketan nabarmendu zen.
Hizkuntzalaritza, historia eta folklorea izan zituen ikergai, eta bereziki, musika. Arana Martijaren obra ezagunenetakoa da 1976an argitaratutako Musica Vasca (Euskal Musika), hain justu, Euskal Herriko musikaren historiari buruzko bilduma osatu eta dokumentatu urrietakoa. Halaber, musika arloko pedagogiaz ere idatzi zuen. Gernikako Andra Mari abesbatza ezagunaren sortzailea izan zen.
1978an Euskaltzaindiko bibliotekario izendatu zuten, eta euskararen akademiaren liburutegiaz arduratu zen urte askoan. 1988an euskaltzain oso izendatu zuten. Euskaltzain emeritua zen 2006tik.
Eusko Ikaskuntzako kide ere bazen -musika ataleko presidente aritu zen sasoi batean-, eta baita Euskalerriaren Adiskideen Elkartekoa ere.
Arana Martijaren engaiamendua ez zen kultur arlora mugatu, eta politikan ere ibili zen: zinegotzi izan zen Gernikan eta batzarkide Bizkaiko Batzar Nagusietan. Aurretik, frankismoan, behin baino gehiagotan eduki zuten espetxean.
Iazko abenduan Manuel Lekuona saria eman zion Eusko Ikaskuntzak, hain zuzen ere, euskal kulturaren arloan egindako lan handi hori goresteko.
Andres Urrutia euskaltzainburua hunkituta agertu da Arana Martijaren heriotzarekin, eta hark euskararenganako eta euskal kulturarenganako erakutsitako konpromisoa nabarmendu du beste ezaugarri guztien gainetik. Musika arloan egtin zuen lana ere konpromiso horren barruan ulertu behar dela esan du Urrutiak Euskadi Irratian.
Arana Martijaren hiletak bihar arratsaldeko zazpietan egingo dituzte, Gernikako Andre Mariaren elizan.