Hilberria

Jose Antonio Villar abeslari eta aktorea hil da

Bakarka hasi zen kantari, bi disko labur grabatu zituen Arrasate orkestinarekin, eta Ez Dok Amairuren 1966ko emanaldietan parte hartu zuen. Aktore ere aritu zen 'Goenkale' telesailean, eta zenbait liburu ere idatzi zituen.

Jose Antonio Villar, 2019ko argazki batean, Oñatin. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jose Antonio Villar, 2019ko argazki batean, Oñatin. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2026ko otsailaren 21a
15:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jose Antonio Villar Oñatin (Gipuzkoa) sortu zen, 1939an. Etxetik jaso zuen musikarako zaletasuna, eta pianoa eta gitarra jotzen ikasi zuen. Bakarlari gisa hasi zen kantari, eta ondotik bi disko labur ere grabatu zituen Arrasate orkestinarekin. Ez Dok Amairu taldeak 1966. urtean emandako jaialdi gehienetan parte hartu zuen, eta, hamarkada horren erdialdera, euskal ye ye esan izan zaion kantugintza modernoaren ahots nabarmenenetakoa izan zen harena. Geroago, aktore ere aritu zen Goenkale telesailean, eta zenbait liburu idatzi zituen. Atzo hil zen Villar, 86 urte zituela.

Badok.eus atariak jasotzen duenez, Villarrek musikarako eta abesteko zaletasuna etxetik jaso bazuen ere, Maristetako irakasleen bultzada funtsezkoa izan zen pianoa, gitarra eta musika ikasketak egin zitzan. 1962ko abendutik 1963ko martxora bitartean Donostian egin zen Artista Berrien II. Lehiaketara aurkeztu zen, eta bigarren saria jaso zuen kanta modernoaren atalean. Euskaraz hilabete batzuk geroago abestu zuen jendaurrean estreinakoz, 1963ko irailean, Urretxun (Gipuzkoa), euskal festaren egunean; gitarra baten laguntzaz Jose Maria Iparragirreren zenbait kantu abestu zituen Ederrena pilotalekuan, eta harrera beroa egin zioten entzuleek.

Halaber, 60ko hamarkadaren hasieran, Arrasate orkestina sortu zuen Felipe Vitoriarekin, Rafael Ortubairekin, Eusebio Gomezekin eta Pako Perezekin. Orkestina harekin, orduan modan zeuden atzerriko kantuak euskaraz abestu zituen, euskaraz kantu modernorik abes zitekeela zalantzan jartzen zen garaian, hain justu ere. Taldearekin bi disko labur grabatu zituen 1964an, eta Goiztiri diskoetxeko arduradun Jakes Abeberrik Basque Party izenburua jarri zien, kantuen modernotasun kutsua nabarmendu nahian. Julen eta Juan Mari Lekuonak euskaratutako abestien artean oso ezagunak ziren zortzi aukeratu zituen Villarrek bi disko haietara eramateko.

Ez Dok Amairu sortzeko egin ziren bileretan ere parte hartu zuen, eta herriz herri ibili zen taldeak 1966. urtean egin zituen jaialdietan. Urte berean, Usurbilen (Gipuzkoa) egindako Euskal Kantu Jaialdian parte hartu zuen, eta letra onenaren saria irabazi zuen Maitasun abestiarekin (Julen Lekuonak idatzi zituen hitzak). Ondoren, Ez Dok Amairu utzi, eta Arrasate orkestinarekin abesten jarraitu zuen, eta, geroago, Bergarako Arizona dantzalekuko orkestinan hasi zen kantari.

Urte batzuk geroago, aktore lanetan aritu zen ETBren Goenkale telesailean. Zenbait liburu ere argitaratu zituen urteotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.