Donostiako Zinemaldiak 2024an sartu zituen atzera begirakoak Klasikoak programaren barruan, baina aurretik ugari egin dituzte. 1959an egin zuten lehena, eta Rene Clair zinemagileari eskaini zioten. Aurten, berriz, Jose Giovanni (Paris, 1923-2004) nobelagile, gidoilari eta zuzendari frantsesari eskainiko diote.
gehiago irakurri
Ohar bidez, jaialdiak apirilean jakinarazi zuen Giovanniri eskainiko ziotela atzera begirakoa, bai eta azaldu ere zergatik erabaki zuten hari ematea: Frantziako polizia generoari «begirada eta estetika bereziak» eman zizkiola argudiatu zuten. Genero horri jarraika, hamaika film ondu ditu Giovannik, bai eta beste zuzendari batzuentzat istorioak idatzi ere. Horietatik guztietatik hogei lan aukeratu ditu Zinemaldiak, zehazki 1960 eta 2001 bitarte estreinatutakoak.
Giovannik berak zuzendutako hamabi lan luze berreskuratu dituzte, hark egindako ia film guztiak. Honako hauek aurki daitezke zerrendan: Le rapace (1968); Dernier domicile connu (1970); Deux hommes dans la ville (1973); Le gitan (1975); Les Égouts du paradis (1979); Les loups entre eux (1985); eta Mon père, il m'a sauvé la vie (2001).
Beste batzuentzat ere idatzi ditu istorioak, eta horiekin zuzendariek ondutako zortzi film aukeratu dituzte. Tartean honako hauek daude: Classe tours risques (1960) —Claude Sautetek zuzendu zuen—; Le trou (1960) —1957an Giovannik argitaratu zuen nobela, eta Jacques Beckerri interesa piztu zion istorioak—; Symphonie pour un massacre (1963) eta Avec la peau des autres (1966) —Jacques Derayk zuzendu ditu biak—; eta Ho! —Robert Enricok zuzendua—.
Giovanniren obra idatzita
Zinemaldiak eta Filmategiak Giovanniren obraren inguruko liburu bat ere argitaratuko dute: Jose Giovanni. No hay vida plena sin piedad. Felipe Cabrerizok idatzi du, eta bertan bildu dutenaren inguruko xehetasunak eman dituzte ohar batean: «Giovannik nobelagile, gidoilari eta zuzendari gisa ekoitzitako obra guztia errepasatzen dute azterlanean, frantziarraren bizitzako zenbait alderdi polemikoz gain: besteak beste, alemaniarren okupazioan izandako eginkizuna eta kartzelatik ihes egiten saiatu zenekoa».
Gaztelaniaz eta ingelesez argitaratu dute liburua, eta Zinemaldiak eta Filmategiak bultzatutako bosgarren liburua da. Orain, Claude Sautet, Hiroshi Teshigahara eta Lillian Hellmanen zerrendara batu da Giovanni.