Musika

Jose Luis Ansorena omenduko du Eresbilek aurten

Udaberrian aurkeztuko dute musika funtsen eta bildumen gida eta mapa digitala. Dokumentu gehiago eskuratu zituen artxiboak iaz: 263.000tik gora ditu egun.

Jon Bagues Eresbileko zuzendaria, gaur, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ/FOKU
aitor biain
2020ko urtarrilaren 15a
10:07
Entzun

Iaz zendu zen Jose Luis Ansorena, 90 urte zituela. Musikagile eta konpositore izateaz gain, musika ikerlari eta hainbat abesbatzaren sortzaile eta zuzendari ere izan zen, eta baita Eresbil musikaren euskal artxiboaren sortzaileetako bat ere. Bada, hark egindako lana omenduko du aurten Eresbilek Musikasteren programazioaren barruan. Hala jakinarazi du erakundeak Donostian egindako agerraldian. 

Euskal konpositoreei eskainitako asteak 48. aldia izango du aurten, eta maiatzaren 15etik 23ra bitarte izango da. Jose Mari Iparragirre, Javier Bello Portu eta Miguel Gonzalez Bastida ere omenduko dituzte, Ansorenaz gain. Errenteriako (Gipuzkoa) lau abesbatzak parte hartuko dute omen ekitaldian, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Anita Bringuet Idiartborderen Gipuzkoa balleta interpretatuko du. 

Musikaste izaten da Erebilen urteko jardunaldirik garrantzitsuenetariko bat, baina urte osoan beste asmo eta eginkizun batzuk ere izaten ditu. Horietako bat da, hain zuzen, Euskal Herriko Musika Funtsen Gida. Euskal Herriarekin zerikusia duten musika funtsen eta bildumen bilduma egin zuen artxiboak 2017an, aurrena. XIX. mendekoak baino lehenagokoak diren 1.384 lanen informazioa bildu zuen Eresbilek orduan. Eta, iaz, horien guztien mapa digital bat osatu zuen. Jon Bagues zuzendariak jakinarazi du udaberrian aurkeztuko dituztela gida bera eta mapa digitala.

Horrez gain, egungo euskal konpositoreei eskainitako hainbat argitalpen ere kaleratuko ditu Eresbilek aurten Musikenerekin batera. Artikuluak, elkarrizketak eta katalogoak izango dira, musikagileen «nazioarteko proiekzioa indartzen laguntzeko».

 

Dokumentu gehiago artxiboan

Urtetik urtera inbentarioan sartutako dokumentu gehiago ditu Eresbilek artxiboan. 263.000ren bueltan itxi zuen iazko urtea. Horietatik, ikus-entzunezkoak dira oraindik ere gehienak (%44), baina badaude partiturak (%37), liburuak (%8) eta bestelakoak ere (%11) –gutunak, argazkiak, programak, kartelak...–. 

Horiei guztiei gehitu behar zaizkie erakundeari hainbat funtsek dohaintzan edo utzita emandako dokumentuak. Iazko urtea «aberatsa» izan dela aitortu du artxiboak. Izan ere, hainbat izan dira artxiboa osatzen lagundu duten familiak; Garbizu edota Artzerenak, esaterako. Eresbilek eskerrak eman dizkie emaile guztiei.

Musikaren euskal artxiboan euskal konpositoreen 35.000 partitura baino gehiago daude dagoeneko. Iaz, 820 partitura berri eskuratu zituen erakundeak, horietatik 60 dira emakumezko egileenak. Tartean dira, esaterako, Beatriz Arzamendiren eta Iratxe Arrietaren lanak.

Horrez gain, Arantzazuko eskuizkribuen katalogazioa ere amaitu du Eresbilek. Bi urteko iraupena izan dute lanek, eta, horri esker, sarean kontsultatzeko aukera dago frantziskotarrek monasterioa erre aurretik XVII, XVIII eta XIX. mendeetan interpretatzen zituzten mila obratik gora ere. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.