Musika

Jose Valencia, Esperanza Fernandez eta Yerai Cortes Flamenco on Fire jaialdian ariko dira

Festibalak 37 emanaldi bildu ditu 22. aldiko egitarauan. Abuztuaren 22tik 31ra bitarte izango dira kontzertuak, Vianan, Tuteran eta Iruñean.

Esperanza Fernandez abeslaria Tuterako Gaztanbide antzokian ariko da abuztuaren 23an, Flamenco On Fire jaialdian. JOSE MANUEL VIDAL / EFE
Esperanza Fernandez abeslaria Tuterako Gaztanbide antzokian ariko da abuztuaren 23an, Flamenco On Fire jaialdian. JOSE MANUEL VIDAL / EFE
Ainhoa Sarasola.
2025eko maiatzaren 23a
16:42
Entzun 00:00:0000:00:00

Flamenko doinuak Nafarroako hiru udalerritara eramango ditu udan Flamenco On Fire jaialdiak. Abuztuaren 22tik 31ra bitarte egingo dute festibalaren 22. aldia, eta, denera, 37 emanaldi izango dira, hamahiru agertokitan. Vianan egingo dute lehen kontzertua, Jose Valencia abeslariaren eta Juan Requena gitarristaren eskutik. Hurrengo egunean, Tuterara egingo du jaialdiak: Lorena eta Bruno Jimenez anai-arrebak ariko dira lehenik, udaletxeko balkoian, eta Esperanza Fernandez abeslaria Gaztanbide antzokiko oholtzara igoko da iluntzean. Iruñeko balkoi, kale eta agertokiek hartuko dituzte gainerako emanaldiak.

Flamenkoaren estetika eta molde desberdinen erakusleiho izateko jaio zen jaialdia, 2014. urtean, eta izen handiko artistak nahiz hasiberriak ariko dira bertan beste urte batez. Horren erakusgarri izaten da Kontzertu Handiak zikloa, zeinak, Valenciaren eta Fernandezen kontzertuez gain, beste lau proposamen taularatuko dituen Iruñeko Baluarten. Abuztuaren 27an, Alzapúa III emanaldian, Manolo Franco, Gerardo Nuñez, Rafael Riqueni eta Jose Antonio Rodriguezen gitarrak entzun ahal izango dira, eta Antonio Canales, Montse Cortes eta Pepe Habichuela gonbidatu bereziek ere parte hartuko dute. Hurrengo egunean, Antonio Najarroren ballet konpainiako dantzariak izango dira oholtza berean. Abuztuaren 30ean, Reseteando izeneko ekoizpen propioa emango du jaialdiak, zeinean Lela Soto, Angeles Toledano eta Maria Terremoto ariko diren kantuan. Eta zikloa ixteko, abuztuaren 31n, Tomatito guitarristak Un camino ikuskizuna aurkeztuko du.

XXI. Mendea Agertokia zikloak, Baluartez gain, Iruñeko beste bi gune hartuko ditu: Gaiarre antzokia eta Zentral aretoa. Yerai Cortesek irekiko du ziklo hori, Guitarra coral ikuskizunarekin; Gaiarren ariko da, abuztuaren 26an. Queralt Lahozek 9.30 pm lan berria aurkeztuko du hilaren 28an, Zentralen. Hurrengo egunean, Los Planetas taldea ariko da Baluarten. Eta hilaren 31n Rocio Marquezek eta Bronquiok itxiko dute zikloa, Zentral aretoan.

Gaueko Zikloaren barruan, halaber, Miguel Vargas gitarristaren emanaldia antolatu dute; Nafarroako Gobernuaren jauregiko balkoian ariko da, hilaren 26an, doan. Eta Tres Reyes hotelak tablao bat hartuko du aurten ere, bost iluntzetan, eta artista hauek pasatuko dira handik: Duquende, Alba Heredia, Tomasa Guerrero La Macanita, Vero La India, Jose eta Fernando Canela, Noelia Sabarea eta Nono Reyes.

Bestalde, jaialdiak Loretxo Iñarrea kazetari iruindarra omenduko du aurten; otsailean zendu zen, hainbat urtez festibalean lan egin ondotik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.