Joxe Azurmendiren hitz berriz berdatuak

Joxe Azurmendik 1971n eman zuen argitara bere poesia liburu bakarra: ‘Hitz berdeak’. Idazlea omendu eta haren lan poetikoa aldarrikatzeko, osorik grabatu dute orain 102 kulturgilek, eta 'armiarma.eus' webgunean jarri dute entzungai.

Mari Luz Esteban idazlea Joxe Azurmendiren 'Hitz berdeak' liburuko poemetako bat grabatzen. SUSA
Mari Luz Esteban idazlea Joxe Azurmendiren 'Hitz berdeak' liburuko poemetako bat grabatzen. SUSA
Inigo Astiz
2025eko urriaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Heriotzaren orbelezko estalkia pausatu ostean ere pausoak entzuten jarraitzeko desira adierazi zuen Joxe Azurmendi pentsalari eta idazleak bere ibilbide ezin oparoagoan argitara eman zuen poesia liburu bakarrean. «Bainan hil nadinean,/ nire arima ehorzteko/ bota zazute bide ertzeko/ pago zaharraren ondora./ Oroimenen/ ta itxaropen inposibleen orbelez/ estali,/ pausoak entzun nahi ditut/ heriotzaren ondotik./ Otoitza egingo du euriak./ Eta merezi badut/ euskal herriek oroituko naute». Editorial Franciscana Aranzazuk 1971n eman zuen argitara Hitz berdeak, eta profezia baten airea hartzen dute orain haren hitzek. Liburua argitaratu zuenetik bost hamarkada pasa joan diren honetan, eta egilea hil zenetik hiru hilabetera, berriz ere berdatu dituzte haren hitzak. 102 kulturgilek jarri dute ahotsa haren poema liburu osoa ahots goraz irakurri, grabatu eta sarean entzungai jartzeko. Hemen, zehazki: https://armiarma.eus/hitzberdeak web orrialdean. Euskal herriek oroitzen dutelako, alegia.

Josu Landak, Jose Luis Otamendik eta Susa argitaletxearen bueltako beste hainbat sortzailek bultzatu dute proiektua, eta aspalditik izan dute buruan, publiko gaur egin badute ere. Otamendik gogoratu duenez, duela lau urte egin zuten lehen saioa. «Justu 50 urte ziren Hitz berdeak atera zenetik, eta orduan hasi ginen zerbait egin nahian. Gauza batzuk grabatu genituen, baina osatu genuen taldea ez zen nahi genuen bezain ugaria izan, eta orduan bere horretan utzi behar izan genuen asmoa». Aurtengo uztailaren 2an Joxe Azurmendiren heriotzaren berri jakin, norbaitek erdibidean geratutako ideia hura gogoratu, eta, hil berriaren omenaldi ere bilakatuta, orduan piztu zen benetan proiektua.

«Gainerako lanarekin batera Azurmendik poesia lan oso eder eta handi bat ere bazuela aldarrikatu nahi genuen. XX. mendearen bigarren erdiko poesiaren ahots sendo bat dago hor»

JOSE LUIS OTAMENDI Idazlea

Otamendik dioenez, azkar zabaldu zen egitasmoaren berri, eta berehala osatu zuten 102 kideko zerrenda, besteak beste sortzaile hauek parte hartuta: Peru Magdalena, Pello Otxoteko, Miren Agur Meabe, Iñigo Aranbarri, Lorea Agirre, Beñat Sarasola, Anari Alberdi Santesteban, Kattalin Miner, Ane Labaka Maioz, Leire Bilbao, Arantxa Iturbe, Elena Olabe, Nerea Ibarzabal Salegi, Xabier Gantzarain, Oihane Zuberoa Garmendia, Eider Rodriguez, Luis Garde, Mari Luz Esteban, Gotzon Barandiaran, Unai Elorriaga, Amets Arzallus Antia eta Oier Guillan. Liburuko poema bat irakurri du haietako bakoitzak, eta badira binaka irakurritako beste batzuk ere.

berdeak

Guztiak «auzolan giro batean» aritu direla esan du Otamendik, eta «koru zabal bat» osatu dutela guztien artean. «Nolabaiteko abesbatza bat dela esan izan dugu gure artean». Adin tarte zabala hartzen dute irakurleek ere, idazleak zehaztu duenez. 80 urtetik gora ditu zaharrenak, eta 20 urte gazteenak. «Proiektu hau erresonantzia kutxa txiki bat izan dadin nahi genuke».

Manifestu debekatua

Xabier Egañaren azalarekin eta bost ataletan banatuta eman zuten argitara Azurmendiren liburua 1971n. Idazleak 1958tik 1970era arte idatzitako poemek osatzen dute bilduma, baina zentsurak ebakita heldu zen mundura, halere. Zentsoreek debekatu egin zuten zenbait poema liburuan sartzea, eta horregatik, 1968an jadanik Olerti aldizkarian argitaratuta azaldu bazen ere, bildumatik kanpo geratu zen Manifestu atzeratua izeneko poema ere. Hain zuzen, olerki hori da Azurmendiren poemarik aipatuena, ordea, eta, beraz, poema hori ere audioliburuaren parte bilakatzea erabaki dute orain proiektuaren bultzatzaileek, eta, ahots bakarrarekin grabatu beharrean, gainera, 53 kideren ahotsarekin osatu dute grabazioa.

Eranskin modura txertatu dute poema, eta, beraz, hamaika ahotsetara entzun daiteke orain Azurmendiren testua. «Gure herriak ez dauka kondairarik./ Pobrea da. Ez dauka/ pirata koxkor pare bat/ langile sufritu batzuk,/ muga zentzugabe asko,/ mila zorigaizto/ besterik. Ez da gutxi./ Euri gortina batek ixten du/ gure kalendarioa./ Ez, ba, bilatu kondaira unibertsalen/ liburu handietan gure inperiorik./ Aginako zero bat zen/ gure inperio guztia».

Bere ibilbidean liburu bakar hori argitara eman arren, Koldo Izagirrek liburuxka propioa eskaini zion Azurmendiri XX. Mendeko Poesia Kaierako bilduman, eta, hitzaurrean azaldu zuenez, ondorengo urteetan garatuko zuen saiakeragintzaren arrastoak igar daitezke haren poemetan. Eta orain entzungai jarritako liburuaren kalitatea nabarmendu du Otamendik ere. «Erraldoia da Azurmendiren figura, eta ez dut uste horrek haren poesia estali duenik, baina gainerako lanarekin batera poesia lan oso eder eta handi bat ere bazuela aldarrikatu nahi genuen. XX. mendearen bigarren erdiko poesiaren ahots sendo bat dago hor».

(ID_17592221296685) Oihane Garmendia idazlea Joxe Azurmendiren HITZ BERDEAK liburuar
Oihane Zuberoa Garmendia idazlearen Hitz berdeak liburuarekin. SUSA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.